… kirol arloa eta, bereziki futbola, beste lan esparru batzuk ez bezalakoa da bi elementutan, funtsean: ukiezinen kudeaketan (emozioak eta sentimenduak) eta egiten dugun guztiak duen oihartzun publikoan. Gainerako arloetan, ez da beste jarduera arlo batzuetatik oso desberdina.
2019. urtearen amaieran Soccerex biltzarrean hartu zenuen parte, Floridan (AEB), mundu mailako futboleko liderrekin. Zelan hartu zuen entzuleriak harrobi ereduaren aurkezpena eta Athleticen filosofia? Zerk sortu zuen interesik handiena Klubaren inguruan?
Entzuleriak harridura eta mirespena erakutsi zituen, biak batera. Amerikar kirol eredua frankizietan, inbertitzaile pribatuetan eta liga itxien lehiaketa formatuan dago oinarrituta: ez dago kirol arriskuaren mehatxurik. Ulerkera horren aurrean, Athletic taldea antitesia dela esan genezake: irabazi asmorik gabeko elkartea da, erabakiak hartzea bazkideen eskuetan dago, 4 urtean behin hauteskundeak daude eta Klubaren kudeaketa ereduaren oinarrian balioak daude eta sekulako protagonismoa dute.
Beti ere, gure eredua beste herrialde batzuetan aurkezten dugunean, interes punturik nagusiena Athleticek tokiko talentuekin lehiatzearen aldeko kirol proposamena da, hau da, gure lurrean jaio eta prestatutako kirolarien aldeko aukera. Futboleko agintariak eta zaletuak harri eta zur geratzen dira gure filosofia ezagutu eta eredu jasangarria dela ikustean, bai kirol aldetik eta bai ekonomia aldetik, are gehiago futbolak kontrako bidea hartua duela dirudien honetan. Aitortzen dute era horretan lehiatzearen arrakasta Europako mailarik altuenean, gurea bezalako liga batean.
Baina aitorpenaz haratago, gure lana da futbola arautzen duten erakundeak eta klubak harrobiko ereduek kirol lehiaketa orekatuak dituztela konbentzitzea, kirolari handi gutxiago pilatzen direla kirol talde gutxi batzuetan, alde ekonomikoak txikiagoak direla eta kluben eta zaletuen arteko identifikazioa handiagoa dela. Badakigu ez dela erraza Athleticentzat naturala dena apustu bihurtzea gainerako klubentzat. Azken batean, guretzat bertoko jendearekin jokatzea Athleticen izaera ulertzearen ondorio logikoa da.Athleticen izaera horixe da, hain zuzen: ordezkatzen duen herriaren hedapena izatea. Baina, identitate bakan hori beste talde batzuetara estrapola ezina bada ere, harrobi ereduak egin daitezke eta egin behar dira, jokoaren eta futbolaren beraren onerako baitira.
2013an inauguratu zen San Mames barria. Gidaritza eraman behar izan duzu funtsezko aldaketa horretan. Kontatuko zeniguke prozesuan bizi izan duzun amesgaiztoren bat? Eta pozen bat?
Zelai berriaren eraikuntza arrakastatsua izatea erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren isla da. Proiektua ezinezko izango zatekeen Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Kutxabankek eta Athletic Clubek batera lan egin izan ez bagenu. Gure helburu nagusia, alde exekutibo, kontratazio, epe eta bestelakoetatik haratago, San Mames zaharraren espiritua zelai berrira transmititzea zen. Ezin genien bazkideei huts egin, ezin genion Klubari huts egin. Gure poza da ikustea espiritu hori inoiz baino biziago dagoela San Mames barrian. Munduan lehen mailako estadioa da, UEFAren aitormen gorena duena, modernitatearen abantaila guztiak eskaintzen dituena eta, aldi berean, betiko esentzia mantentzen duena. Jakina, ez da kasualitatea. Atzean Zuzendaritza Batzordeen, Klubaren kudeaketa taldearen eta arkitektoen lan-ordu ugari daude. Horrek konpromisoa eta inplikazioa erakusten du eraikuntza eta aldaketa prozesu osoan.
Hitz egin dezagun Athleticeko neskez. Azken denboraldietan, zaletuak kontzientziatu dira emakumezkoen taldeei eman beharreko balioaren garrantziaz. Zein da Athleticen etorkizunera begirako estrategia arlo horretan?
Klubaren estrategia orokorrarekin bat dator, enbor bera eta sustrai berberak dituzte. Athletic ordezkatzen duen herriaren hedapena bada eta filosofia honekin lehiatzen bada gorengo mailan, gure estrategia ezin da bestelakoa izan: gure esku dugun guztia egingo dugu emakumezkoen taldea eskakizun maila horretan egon dadin. Etengabeko hobekuntza, profesionalizazioa, Lezamaren eta harrobi eredu sendoaren aldeko apustua: horrek guztiak gizartearekin eskuz esku joan behar du, kontuan izanik, gainera, genero berdintasunaren aldeko borroka prozesuarekin lotuta dagoela. Athletic Clubentzat, emakumezkoen futbola denoi axola zaigun erronka da, lehiaketa arautzen duten erakunde eta instituzioei ere bai. Gure eskuetan dago lehiaketa eredu bidezkoagoa eratzea, duinagoa ere esango nuke, futbolaren industriako onena batuko duena eta gizonezkoen ereduak futbolaren (kirol gisa ulertuta) kaltetan izan dituen akatsak errepikatuko ez dituena.
Kirola da zure zaletasuna eta zuzenbidea zure lanbidea. Bi esparruak bateratzea lortu duzu. Zer aholkatuko zenieke kirol esparru profesionalera karrera bideratu nahi duten Zuzenbideko Alumniei?
Egia da, kirola nire lana baino gehiago da, bizitzaren funtsezko elementua. Ikaragarri gustatzen zait praktikatzea, arazoen kontrako antidotoa da niretzat, deskonektatzen eta umore onean egoten laguntzen dit, eta horri esker ezagutu ditut nire adiskiderik handienak ere.
Nire ustez, kirol arloa eta, bereziki futbola, beste lan esparru batzuk ez bezalakoa da bi elementutan, funtsean: ukiezinen kudeaketan (emozioak eta sentimenduak) eta egiten dugun guztiak duen oihartzun publikoan. Gainerako arloetan, ez da beste jarduera arlo batzuetatik oso desberdina. Kirol klub baten egunerokoaren kudeaketak esan nahi du finantza, lan, merkataritza, arlo zibil, zerga, komunikazio, arlo digital, giza baliabide eta beste arlo batzuekin lan egitea.
Aholkuak eman baino, nahiago dut futbol profesionalaren esparruan bizi dudan esperientzia eta errealitatearen ezagutza partekatu.Nire kasuan, sekula ez nuen etorkizuna futbolerantz bideratzeko asmorik izan, ez ikasle garaian, ezta lanbideko karrerako lehenengo urteetan ere. Athleticen sartzea proposatu zidaten, ez kirol munduaz nekienagatik, nire ardurapean hartuko nuen kudeaketa arloko ezagutzengatik baizik. Eta nire adibidea errepikatu egiten da profesionalak Klubera sartzen diren bakoitzean. Athletic Clubeko profesionalen taldea enpresa zientzietako, ekonomiako, zuzenbideko, kazetaritzako, industria ingeniaritzako, agronomia ingeniaritzako, marketineko eta bestelako lizentziadunek osatzen dute. Hortaz, garrantzizkoena da ezagutza oinarri sendoak jasotzea eta jakintzagaiaren funtsak argi izatea. Lege arloari soilik begiratzen badiogu, bertako lanaren % 10-15 dago lotuta kirol araudi soilarekin. Lan kontratuak, merkataritzakoak, akordio komertzialak dira lanaren pisuaren zatirik nagusiena. Hortaz, kirol zuzenbideari buruzko berariazko ezagutza azken atal bat da, erantsitako balioa. Ez dira funtsezkoak kirol munduan lan egiteko.
Zure denboragatik eskerrak ematen dizkizugu. Azken galdera bat egingo dizugu amaitu aurretik: Deustuko Unibertsitatetik pasatzeak zein neurritan lagundu dizu aurrean izan dituzun erronkei aurre egiten? Zer oroitzapen duzu Deustuko urteez?
Unibertsitatetik pasatzeak, nire kasuan behintzat, benetako garrantzia hartzen du karrera amaitutakoan, distantziatik, ikasi duzunaren aplikagarritasunaren garrantziaz ohartzen zarenean, eta exigentzia eta lana printzipio negoziaezinak direla ikusten duzunean.
Unibertsitatetik pasatzeak markatu egin du nire lanbidea, baita nire bizitza pertsonala ere. Han ezagutu nuen emaztea, eta urte haien oso oroitzapen ona dut: gerora, lanean, irakasle batzuekin aurkitu naiz, ikasturte bat atzerrian egin ahal izan nuen, futboleko partiduak lurrezko zelaian jolastu nituen eta, zelan ez, lagun taldea, urtero elkartzen jarraitzen dugu.