Zorionak sariagatik! 2007tik ibilbide profesional bikaina izan duzu kirol munduko zuzendaritzako postuetan. Zure zaletasunak: golfa eta saskibaloia. Bateratu daitezke, beraz, lana eta zaletasuna, bokazioa eta lanbidea? Emango zenizkiguke pista batzuk horren inguruan?
Eskerrik asko. Kontzientzia dudanetik, nire zaletasunik handiena kirola izan da. Ikaragarri gustuko izango zitzaidan kirolari profesionala izatea. 7 urte nituela, ezin izan nuen futbolean jolastu, ez omen zen nesken kirola eta. Garai hartan bi aukera baino ez zenituen: zortea bazenuen, nire kasuan bezala, familian kirola egitea, txirrindularitzan edo tenisean lehengusu-lehengusinekin aritzea; bestela, saskibaloian jolastea, hori baitzen eskolan neskentzat zegoen kirola.
Baina ernegatu edo amore eman beharrean, hainbat kiroletan parte hartzen hasi nintzen, baina beste era batera: ordezkari golfean, epailea igeriketan, aholkularia saskibaloi profesionaleko klub bateko presidente aukeratua izan arte. Nire kasuan, lanbideko ibilbidea kiroletatik aparte egin behar izan nuen. Beti aritu naiz konpromiso handiz, mundu horrekiko dudan zaletasuna dela eta, baina beti izan da borondatez. Ikaragarri gustuko izango nuen nire zaletasun handi hori lanbide bihurtu izan balitz, baina ez zen posible izan.
Une larria bizi zuen GBCk klubera heldu zinenean, bai ekonomia eta bai kirol aldetik. Goi-zuzendaritzan diharduen jende askok nahiago du erronka ez hain zailak aukeratu. Bestela esanda, erosoagoa da. Zerk emanarazi zizun pauso hori?
Ordurako GBCko presidenteordea nintzen. Zaletasunak eta erantzukizunak bultzatu ninduen erronka hura onartzera. Ez zen batere erraza izan, baina bai zirraragarria. Esan behar dut krisi uneetan ematen zaizkigula errazago emakumeoi aukerak, eta nik aurrerapausoa eman nuen. Esan dizudanez, betidanik izan dudan ametsa zen eta aurrean izan nuenean ez nuen zalantza izpirik ere izan. Onartu nuen, halaber, beste emakume batzuentzat “erreferente” bihurtzeko modua nuela, begien aurrean jarri nezakeela ordura arte sekula gertatu gabeko errealitate bat: emakume bat ACB ligan parte hartzen zuen gizonezkoen saskibaloi talde bateko presidente izan zitekeela. Une horretatik aurrera, Marian Wright Edelmanen esaldi bat bihurtu zen nire presentzia publikoaren erreferentziazko esaldi: “ezin zaitezke ikusi ezin duzuna izan”. Beti saiatu naiz zer naizen erakusten, emakumeok ez dugula ezer frogatu beharrik agerian jartzeko. Argi eta erraz esateko, sobera ere trebatuta eta prestatuta gaude emakumeok goi-zuzendaritzako postuak betetzeko.
Espainiako saskibaloiko ACB ligako klub baten presidente bihurtu zen bigarren emakumea izan eta denboraldi batean baino gehiagoan presidente izaten lehena izan zara. Zer aholku emango zenieke beste emakume batzuei lanbideko ibilbideari ausardiaz aurre egin eta kirol erakundeetako goi-zuzendaritzako postuetara heldu daitezen? Eta lanbideko beste arlo batzuetara heldu daitezen?
Hasteko, ez dugu zalantzan jarri behar gure gaitasuna. Ez dugu ezer frogatu behar, ez dugu honela pentsatu behar: “edo dena bikain egin edo ez dut egingo”. Emakumeok ez dugu lanpostuetarako hautagaitza aurkezten, eskatzen dituzten baldintzen % 90 betetzen ez baditugu; gizonak, berriz, % 60 beteta aurkezten dira. Ezin dugu gure autoestimua eta konfiantza beheratzen utzi, buruan zizelkatu dizkiguten estereotipo batzuk direla eta. Aurrerapausoak eman behar dira, lehenengoa ematea kostatu arren; izan ere, gure gizarteak ez gaitu justiziaz eta berdintasunez tratatzen.
Ahal dugun guztietan aldarrikatu behar dugu unibertsitateko ikasleen % 60 garela eta biztanleen % 50 baino gehiago. Hala ere, % 30 baino ez gara goi-zuzendaritzako postuetara heltzen. Eskubidea eta betebeharra dugu aukera berdinak emanda tratatuak izateko.Gizarte honek ezin du gure talentua mespretxatu eta zuzendaritzako postuetara heltzeko bidea itxi, ez gara meritokrazian bizi, esanak esan. Zorionez, enpresak gero eta kontzienteago dira emakumeen talentua izateak onura dakarrela eta lanean ari dira kristalezko sabaiak hausteko. Eta emakumeei esan nahi diet aukera horren bila joan behar dugula, inolako konplexurik gabe.
Lanbideko hogeita hamar urte horietako esperientzia kontuan izanda, partekatuko zenuke gurekin aparteko eran markatu zaituen esperientziaren bat? Eta hurbilduko zeniguke pixkatxo bat gehiago nolakoa den barrutik ohorezko ligan lehiatzen den kirol klub bat?
Markatu nauen esperientzia bat aukeratu beharra banu, GBCko presidente hautatu nindutela hedabideetan zabaldu zen egunekoa aukeratuko nuke. Bat-batean jabetu nintzen nolako etena, nolako amildegia dagoen zuzendaritzako jarduera baten esparru pribatuaren eta publikoaren artean, hedabideen aurrean zaudelarik. Sortu zen zalaparta guztia emakume nintzelako izan zen, ez aurrean nuen erronka zaila zelako eta errealitate ikaragarri batekin egin nuen topo: oraindik hala geunden.
ACBko klub baten ezaugarriei dagokienez, esan dezadan kirol-sozietate anonimo bat dela, eta zuzendaritza zailtzen duten berezitasunak dituela. Alde batetik, kluba dago: langileak, entrenatzaileak, jokalariak eta bazkideak. Bestetik zaleak, hedabideak, instituzioak eta sponsorrak daude. Interesak askotarikoak izanik, konplexua da hori guztia kudeatzea. Zorionez, GBCko langileen taldea da klubaren aktiborik handiena. Profesional bikainak eta pertsona ezin hobeak. Askotan, gure aurrekontuarekin, ACBko baxuenarekin, ia miraria da egiten dugun guztia egitea.
Zer aholku emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei lanbideko karrerak bideratzeko, sentiberatzeko eta berdintasuna sustatzen duten ekimenetan laguntzeko?
Lehenik berdintasunean prestatzeko. Gauzak aldatzeko garrantzi handikoa da zer-nolako gizartean bizi garen kontziente izatea.Ulertu egin behar dugu nolako mekanismoak sortu ditugun eta zerk eusten dion emakumeentzat hain bidegabea den sistema honi.Begiratzen irakasten ez badizute, ezin zara kontziente izan eta betikotu egingo dituzu estereotipo bidegabe horiek. “Betaurreko moreak” jantzita, ikusi ahal izango ditugu trikimailuak eta kristalezko sabaiak. Gizon eta emakumeok elkarrekin lan egin behar dugu estereotipoek eta horien ondorioek kalterik eragin ez diezaguten.
Bigarrenik, pertsonak hartu behar ditugu ardatz, enpatiaz lan egin behar dugu. Bada Eduardo Galeanoren esaldi bat, zer pentsatzen dudan ondo islatzen duena: “garena aldatzeko egiten duguna gara”. Ez du balio kontzienteki edo inkontzienteki ikasi dugun horretan bertan goxo egoteak. Jakin egin behar dugu zergatik jokatzen dugun horrela, zertarako, eta bidegabea iruditzen zaiguna aldatu egin behar dugu. Estereotipoen aurka borrokatzen diren pertsonen lantaldeak eratu eta ausartu egin behar dugu ondo ez dagoena aldatzen, gizartean dugun tokitik abiatuta.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizugu zure denboragatik eta zorionak eman lanbideko ibilbideagatik. Onena opa dizugu bizitzaren fase berri honetan. Zer partekatu nahi zenuke gurekin, Deustuko ikasle izan zinen urteei begiratuta?
Ikastetxe Nagusian emandako urte ahaztezinekin geratzen naiz, irakasleen gizatasun eta eskolako kalitate bikainarekin eta, nola ez, garai hartatik hona mantentzen ditudan adiskide pilarekin.