(…) edozein ekintzailek behar duen euskarri taldeko kide bihurtu dira; izan ere, ekintzailetzaren munduan zuregan sinetsiko duen talderik gabe, ezinezkoa da aurrera egitea.
Zure curriculuma ikusita, Turismoko Diplomatura amaitu zenuenetik sei titulazio gehiago lortu dituzu eta hamabi enpresatan egin duzu lan, Perun izan zenuen boluntariotzako esperientziaz gain. Arima geldiezintzat duzu zeure burua?
Zure deskribapena kontuan hartuta, badirudi baietz esan beharra baino ez dudala.Egia esan, beti izan dut jakin-min handia, era askotako gaien ingurukoak ikasteko kezka, eta horrek bideratu nau eta bideratzen nau etengabeko prestakuntzara.Gainera, zenbat eta gehiago irakurri eta ikasi, orduan eta gehiago jabetzen zara asko duzula ikasteko… Sokratesek esan zuen bezala, “Ezer ez dakidala, besterik ez dakit”.Hortaz, uste dut geldiezintasun horri eutsiko diodala aurrerantzean ere bizitzan, eta sortzen zaizkidan aukera guztiak aprobetxatzen saiatuko naiz, hazten jarraitzeko.
Urteak daramatzazu lanean eta prestatzen. Zein unetan antzeman zenuen esperientzia horiek guztiak zeure negozio propioa sortzera bideratuko zenituela?
Egia esango dizut: lan egiten duzu, ikasi, eta konturatu gabe barneratzen duzu ikaskuntza hori guztia eta, egiaz, ez dakizu nora eramango zaituen. Izan ere, Steve Jobsek esan zuen bezala, “Ezin dituzu puntuak lotu aurrera begira; atzera begira baino ezin dituzu egin.Beraz, konfiantza izan behar duzu puntuak konektatu egingo direla nolabait etorkizunean. Zerbaitetan konfiantza izan behar duzu, senean, patuan, bizitzan, karman, zertan edo hartan”. Uste dut hori egin dudala: lan egin eta senean konfiantza izan, bide egokitik eramango ninduelako konfiantza izan.
Zerk eragin zizun 2016an zeure enpresa sortzera jauzi egitea?
2016an, sentitzen nuen, lanbidean garatzen jarraitzeko, enpresa baten balio-kate osoaren parte izan behar nuela.Ia 10 urtez hainbat sektoretako enpresetan lan egin ondoren, konturatu nintzen zaila izango zela nahi nuen hori inoren kontura lan eginez lortzea eta hori lortzeko bidea 0tik hastea izango zela. Horrelaxe erabaki nuen bizitzako saltorik handiena egitea: neure enpresa sortzea.
Zeure burua definitzean diozu bezeroaren arretan bikaintasunaz maiteminduta dagoen emakumeazarela. Zelan gauzatzen da xede hori eguneroko lanean?
Ondo diozu: bezeroaren arretan bikaintasunaz maiteminduta nago eta hori bezeroarekin egunero dudan edozein harremanetan antzematen da. Bezeroa diodanean, ez diet gure azken bezero fidelei soilik begiratzen, barneko bezeroari ere begiratzen diot, baita esku hartzen duen beste edozein stakeholderri ere. Zelan? Oinarri-oinarrizkoa edo begien bistakoa badirudi ere, bikaintasuna behaketaren, entzutearen eta maitasunaren bidez baino ezin da lortu (arrosegia badirudi ere). Beraz, horri eskaintzen diot denboraren zati handi bat, behatzeari, entzuteari eta talde guztiak txera eta maitasun hori transmititzeari, egunero betetzen ditugun eginkizun guztietan.
Zer da AlmA eta zelan sortu zen?
AlmA Shops emakumeek emakumearentzat sortutako espazioa da. Gure nahia da emakumeak diren modukoak izatea, zaindu eta mimatu egiten dituztela sentitzea, eta euren berezko izaera zabaltzeko espazio bakana dela sentitzea.Hori guztia lortzen dugu gure denda fisikoen eta onlinekoen bidez. Emakumeentzako jantziak eta osagarriak saltzen ditugu batean eta bestean, bai; baina baditugu tearen txokoa, aholkularitzako tailerrak eta bana-banako arretarako espazioak ere, offline eta online. Horrek bihurtzen du erosketak egitea eroste hutsa baino gehiago izatea, ESPERIENTZIA osoa eta betea izatea.
Zer aholku emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei, ekintzailetzan hasi ala ez zalantzan dabiltzanei?
Aholku asko emango nieke, baina bat bakarrik eman beharra banu, esango nieke ahalik eta egoerarik txarrenean jartzeko ariketa egiteko. Hortik abiatuta, konturatuko dira egoerarik txarrena ez dela hain txarra, beti eramango luketelako saririk onena: ikaskuntza eta hazkuntza.
Beraz, “egizu, eta beldurra ematen badizu, egizu beldurrez beterik”.
Bukatzeko, Deustuko Unibertsitateko urteetara itzulita, zer oroitzapen gordetzen dituzu garai hartaz?
Eneee! Urrun geratzen zaizkit garai haiek; baina ezin ditut ahaztu garai hartako emozio, une eta pertsona batzuk. Argiz beteko garaia zela gogoratzen dut, ez dut egun grisik gogoratzen; goizero, pozez eta ilusioz beterik joaten nintzela gogoratzen dut (goizean goiz jaiki behar izan arren), egunero ikasteko egunak zirelako:une, esperientzia, irakasle eta ikaskide bakoitzarengandik ikasten nuen. Eta, amaitzeko, esan nahi nuke zorionekoa naizela garai hartako ikaskide asko orain adiskide ditudalako; are gehiago ere esango nuke, edozein ekintzailek behar duen euskarri taldeko kide direla; izan ere, ekintzailetzaren munduan, zugan sinetsiko duen talderik gabe, ezinezkoa da aurrera egitea. Mila esker, bada, unibertsitateko nire ikaskide ohiei, gaur egungo nire euskarri taldeko kideei, Raquel, Ainhoa eta Amaiari.Eskerrik asko babesteagatik, eusteagatik, animatzeagatik eta niregan sinesten jarraitzeagatik. Eskerrak bihotzez.