Skip to main content

Turismo Alumni Day Berrelkartzea eta ospakizuna!

Deustuko Unibertsitateko Paraninfoak 175 pertsonak hartu zituen 2025eko martxoaren 21ean, Turismoko lehenengo Alumni Day ekitaldia ospatzeko. Bilboko Campuseko Asun Fernandez-Villarán eta Donostiako Nagore Ageitos irakasleak izan ziren zeremonia bideratu zutenak. Ongietorriko hitzen eta ekitaldiaren sarrera labur baten ondoren — Deustuko Unibertsitateko Turismo Eskolen aintzatespen ofizialaren hirurogeigarren urteurrena ospatzen zen bi campusetan eta, gainera, omenaldia egin nahi zitzaien lehen promozioan parte hartu zutenei —, Fernando Bayón Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Ikerketa eta Doktoregoko Ikasketetako dekanordeari eman zioten hitza. Ane Ferrán dekanoaren izenean, harrera instituzionala egin zien bertaratu zirenei. Lehen zatia Jesús Riaño Deusto Alumniko zuzendariak itxi zuen. Alumniko taldeak, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismoko Graduko arduradunekin eta titulazio horretako sei ikasle boluntarioekin batera antolatu zuten ekitaldia.

Fernandez-Villaranek gogoratu zuen zein zen ekitaldiaren asmoa. “Topaketa honetan, omenaldia egin nahi diegu 60 urte hauetan zehar Deustuko Unibertsitateko Turismoko ikasketen komunitateko kide izan diren eta izaten jarraitzen duten pertsona guztiei. Askoren bizipen, pasadizo eta ahaleginei esker egindako bidaia izan da, gizarteko hainbat esparrutatik jasotako babesik gabe posible izango ez zena. Gaur elkarrekin ospatzen dugu historia partekatu hau”.

Ageitosek, bere aldetik, eskerrak eman zizkien sektoreko enpresa eta erakundeei, haien lankidetza funtsezkoa izan baita ekitaldi hau posible egiteko. “Topaketaren amaieran, klaustroan, zozketatuko ditugun esperientzia paregabeekin lagundu dutenen lana ere aitortu nahi dugu”: hotel-gauetarako bonuak, bisita gidatuak, brunch-ak, abentura-parke baterako jarduerak…

Dekanordeak, bere hitzaldian, Deustuko Unibertsitateko Turismoko ikasketen hirurogei urteko historia gogorarazi zuen, bereziki, “beren garaiko gizon-emakume izan zirenak, ideia ameslari hura sortzen jakin zuten eta talentuz, arretaz eta fedez, gaur garenari forma eman zioten gizon eta emakume guztiak. Egoki da A. Carmelo Sáenz de Santamaríarentzako oroitzapen berezia izatea, bera izan baitzen Turismoko ikasketak sortu zituena. Aitzindaria izan zen, garai hartan euskal ekonomia sostengatzen zuen enpresa eta fabrika munduarekin zerikusirik ez zuen diziplina bateko ikasketekin ausartu baitzen”. Era berean, azpimarratu zituen Deustuko Unibertsitateko Turismoari buruzko azterlanak: “jarduera-sektore estrategiko bihurtu den bateko liderrak” direla azaldu zuen eta hobetzen jarraitzeko ahalegina egingo dutela, etorkizunean izango diren aldaketetara eta eskaeretara egokitzeko.

Riañoren hitzetan, “gaur, iragana ospatzeaz gain, etorkizunari ere begiratzen diogu, ilusioz eta elkarrekin eraikitzen jarraitzeko gogoz. Unibertsitatera itzultzea gure bizitzak modu batera edo bestera markatu dituen leku batekin berriro topo egitea da. Hemen ikasketa, ahalegin eta adiskidetasun urteak partekatu zenituzten. Eta denbora pasatu bada ere, Deustuko Unibertsitatea zuen etxea da oraindik ere. Etxe horrek bilakaera bizi izan du, hazi egin da, eraldatzen jarraitzen du erronka berrietara egokitzeko, baina funtsean bere horretan mantentzen da: pertsona konprometituak, berritzaileak eta zerbitzurako bokazioa dutenak prestatzen”.

Eta jarraitu zuen: “komunitate horretako kide izaten jarrai dezazuen nahi dugu. Zuen lekukotasunari esker dakigu zer esan nahi duen Deustuko Unibertsitatean ikasteak. Zuen talentua, esperientzia eta ibilbide profesionala erreferente dira belaunaldi berrientzat. Horregatik, konektatuta jarraitzera gonbidatzen zaituztegu, aukerak sortzera, atzetik datozenei ateak irekitzera eta elkarrekin egoteko, lankidetzan aritzeko eta elkarri laguntzeko gune bat eraikitzera”.

Hitz hauekin bukatu zuen: “Goza ezazue egun hau, elkartu, gogoratu pasadizoak eta, batez ere, bizi denok batzen gaituen sentimendu hori. Ongi etorri, berriro ere, zuen etxera. Turismoko Alumni Day ona izan!”

Protokolozko hitzaldien ondoren, Ageitosek bertaratuei jakinarazi zien omenaldiaren antolaketan boluntario talde batek parte hartu zuela, egungo ikasleek: “maitasun handiz (…) omenaldia egin nahi izan diete aurretik haien ikasketetan izan zirenei, eta belaunaldien arteko zubi hau eraiki nahi izan dute”. Agertokira igotzeko gonbitea egin zien eta banan-banan izendatu zituen: Mara Egaña Laguna (Turismoko 1. maila), Paula Hernández Barba (Turismoko + International Trade Skills programako 4. maila), Naia Moreno Martínez (Turismoko 4. maila), Alaia Rúa Fernández (Turismoko 4. maila), Olatz Ruiz Ansotegui (Turismoko + International Trade Skills programako 4. maila) eta Irene Sainz Veiga (Turismoko + International Trade Skills programako 1. maila).

Jarraian, merezitako txalo zaparrada baten ondoren, Marak eta Irenek protagonismoa hartu eta atrilaren atzean jartzen ziren bitartean, besteak arin, mugimendu eszeniko bikaina eginez, isil-isilik desagertu ziren eszenatokitik. Hasieran, erdian zeuden objektuak, hiru maleta eta bidaia-poltsa deskribatzen hasi ziren, bertan geundenok barruan generamanaren metafora gisa: oroitzapen ahaztezinak, lagunak, irakasleak eta unibertsitateko geletan eta kanpoan bizitako esperientziak. Maletetako bat kartoizko bi kubo handiren gainean jarri zuten, ondoren gertatuko zena prestatzeko: bertan zeuden zortzi pertsona bikoteka igotzen joango ziren eta promozio desberdinetako uneak irudikatuko zituzten objektu sinbolikoak aterako zituzten. Denboran bidaiatzen lagunduko zuten oroitzapenak.

Eta bidaia Bilboko eta Donostiako irudiak zituen bideo baten proiekzioarekin hasi zen, Euskal Herriko bi helmuga enblematiko haiek azken hirurogei urteetan bizi izan duten eraldaketa harrigarria erakusteko: iragan industrial eta tradizionaletik, pil-pilean dauden hiri moderno eta biziz betetako bihurtzeraino. Hiri-paisaietan, arkitekturan eta bizimoduan izandako bilakaera eta aldaketak, atzoko eta gaurko irudiak kontrastatu ziren. Bideoaren amaieran, Naia Morenok Esther Virtori (prom.: 95 eta prom. 11 gradua) eta Manuel Harinari (prom. 72, irakasle 42 urtez) dei egin zien, beren oroitzapenak partekatu zitzaten.

Ondoren, beste bideo bat proiektatu zen: turismoa nola aldatu den erakusten zuen, bidaiatzeko moduak; itsasontzien, hegazkinen, trenen eta autobusen egiturak, eta taldeak (lankideak, lagunak edo familiak). Bideoaren ondoren, Paula Hernandezek hartu zuen oholtzan Naiaren lekua, eta hark Carmen Romori (prom.:85) eta Odon Elorzari (prom.: 91, prom.: 11 — Gradua eta Nazioarteko Turismoaren Kudeaketako aditua —) luzatu zien gonbidapena beren esperientziak partekatzeko.

Beste bideo batek hoteletan zein bidaia-agentzietan lan egiteko moduan izandako aldaketak islatu zituen, baita itsasontzietako, hegazkinetako eta trenetako tripulazioek nola egiten zuten lan ere. Bideoa amaitutakoan, Alaia Rúak Nagore Uresandi (prom.: 06 eta Enpresen Lehiakortasuna eta Garapen Ekonomikoko doktorea, prom.: 16) eta Asier Artuñedo (prom.: 09 eta Biltzar, Ekitaldi eta Azoken Antolaketako Masterra, prom.: 11) gonbidatu zituen.

Unibertsitatearen barruko aldaketa urteetan zehar Deustoko hainbat esparrutan ateratako ikasleen argazkien bidez aurkeztu zen: ikasgelak, korridoreak, klaustroak, lorategiak, eraikin zaharrak eta berriak, liburutegiak… Horrek eman zion bide Olatz Ruizi beste bi pertsona oholtzara deitzeko: Julia Gómez (Historiako liz., prom.: 72 eta doktorea prom.: 75; Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari nagusia 91an eta irakaslea 40 urte baino gehiagoan) eta Ricardo Pastor (prom.: 95 eta prom.: 11, irakaslea 13 urte baino gehiagoan).

Eta aldaketa horien guztien ondoren, duela 60 urte Deustuko Unibertsitatean Turismo ikasketak amaitu zituen lehen promoziokoak falta ziren agertzeko. Lehen promozioa osatu zutenen orduko eta oraingo argazkiak ikusi ahal izan ziren. Ageitosek entzuleei jakinarazi zien iritsia zela ordua “omenaldi berezietan berezia egiteko bidaiariei, funtsezko protagonista haiek gabe zeharkaldia ezinezkoa izango baitzen. Ildo horretan, Turismoko lehen promozioan parte hartu zuten ikasle ohiei hurbiltzeko eskatzen diegu, gaur ospatzen dugun bide horretan aitzindariak izan zirenei. Izena esan ahala, oholtzara igotzera gonbidatzen ditugu”: Iciar Acha Aranzabal, Itziar Ajuria Mendoza, Lourdes Ajuria Mendoza, María Isabel Aniel-Quiroga Rodríguez, Arancha Aramburu Zalbidea, José Miguel Cigaran García, Blanca Echevarría Cortázar, Elena Elejoste Zugazabeitia, Esteban Garmendia Larena, Elixabete Hormaza Eguskiza, Iciar Marquiegui Candina, Begoña Merino Zotes, Isabel de Odriozola Amezaga eta Carmen Rodríguez Soroa.

Oholtzan elkarrekin zeudela, txalo zaparrada beroa jaso ondoren, Ageitosek dekanordea eta Fernandez-Villarán gonbidatu zituen, graduazioko ohorezko bekak ezar ziezazkieten bertan zeuden hamalau pertsona haiei.

Haietako bati eskatu zitzaion, Esteban Garmendiari (prom.: 65. Turismoko zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritzan 91-95 bitartean eta enpresaria), hain zuzen, entzuleei hitz batzuk esateko eta ondoren, bertaratutako pertsona guztiak eszenatokira igotzera gonbidatu zituzten, taldeko argazki bat egiteko.

Fernandez-Villaranek hitz hauekin itxi zuen ekitaldia: “Zuetako bakoitzak ekitaldi hau paregabea izan dadin lagundu du; orain, une honetaz gurekin gozatzen jarrai dezazuen nahi dugu. Orain, koktel bat izango dugu klaustroan, musikak lagundurik. Elkarrekin zuen esperientziak partekatzen eta ospatzen jarraitu ahal izango duzue eta ezustekoak ere izango dira. Aukera izango duzue zuen ikaskideekin argazkiak ateratzeko, une horiek gogoratzeko eta, jakina, ez ahaztu sariz betetako zozketa bat izango dugula”.

Penny Lane Djs taldeko Joseba Vegas arduratu zen musika jartzeaz.