Skip to main content

Esperientzia horrek eragin positiboa izan du niregan, denentzako irisgarria, oztoporik gabekoa eta desgaitasuna duen nahiz ez duen edozein pertsonak modu berean gozatu ahal izango duen turismoari buruz izan dudan ikuspegian. Arlo pertsonalean uste dut, pertsona enpatikoagoa bihurtu naizela, eta erraza dela nirekin lan egitea, eta beti emango dudala ehuneko ehuna egiten dudan guztian.

Zorionak! Zure gradu amaierako lanak 2023-2024 ikasturteko onenaren saria jaso zuen. Zerk bultzatu zintuen Barakaldoko turismo industrialari buruz ikertzera eta zer eragin izan dezake, zure ustez, zure lanak turismoaren industrian?

Lehenik eta behin, esker ona adierazten dizut bihotzez; hunkituta sentitzen naiz elkarrizketa honetan parte hartu ahal izateagatik eta nire esperientzia denekin partekatu ahal izateagatik.

Galderari dagokionez, turismo industriala ardatz hartzeko izan nuen motibazio nagusia izan zen gaur egun Barakaldo izenez ezagutzen dugunaren nortasuna zizelkatu zuten industria baliabide guztiei merezi duten balioa ematea. Denboran zehar, erabilerarik ezagatik desegiten joan dira eta gaur egun ikas dezakegun historia bizia dute.

Lanak izan lezakeen eraginari dagokionez, uste dut pertsonak kontzientziatu ahal izango lituzkeela industria baliabide horiek turismoan duten garrantziaz eta potentzialaz, ez bakarrik Barakaldon, baizik eta ezkerraldeko udalerri askotan, baita lurralde osoan ere. Espero dut nire lanak aukera emango diela bai administrazioei bai enpresei baliabide horiek errespetatuko dituzten esperientziak diseinatzeko, tokiko komunitateekin batera lan eginez eta alde guztientzat turismo jasangarria eta onuragarria sustatuz.

Zure prestakuntza akademikoa turismo eta administrazio sektoreko lan esperientziarekin uztartu duzu. Nolakoa izan da ikasle izatetik profesional izatera igarotzea eta zer erronkari egin diezu aurre prozesu horretan?

Uste dut Deustuko Unibertsitatean bikain lan egiten dela ikasle izatetik profesional izatera igarotzeko. Hasiera batetik, kasu praktikoak planteatzen dizkigute, neurri handi batean, gure bizitza profesionalean aurki ditzakegun bezalakoak, bezeroarekiko tratutik hasi eta gure enpresaren barruan onura lortzeko helburuak eta estrategiak formulatzera.

Pentsatzen dut ikaslerik gehienok aurre egin behar izan diogun erronkarik nagusiena izan dela lan erritmo handiagoa duen eta egiten dugun lanari dagokionez eskakizun handiagoa duen mundu batera egokitzen jakitea. Horregatik, funtsezkoa da estresa kudeatzen jakitea, egoera horiek gainezka eragin ez diezaguten.

Líbere Hospitality Groupeko salmenten arloan lan egin zenuen praktiketan. Esperientzia horretan, zer gaitasun garatu dituzu zure garapen profesionalerako baliagarri eta aplikagarri jotzen dituzunak?

Uste dut enpresan egon nintzen 5 hilabeteko praktiketan zehar ikaskuntza kurba oso markatua izan nuela lehen bi hilabeteetatik aurrera. Hasieran, errespetua ematen zidan bezero batekin harremanetan jartzeko telefonoa hartzeak eta erreserba bat adosteak. Denborak aurrera egin ahala, gaitasunak sendotuz joan ziren, eta hasieran errespetua ematen zidana eguneroko zeregin bihurtu zen.

Líbereko esperientzia, oso aberasgarria izateaz gain, erronka pertsonala izan zen, eta beldurtuta egin nion aurre, baina zenbat balio dudan erakusteko gogoz. Praktikaldia Líberen amaituta, beste pertsona bat nintzen: hainbat gaitasun garatu nituen, hala nola sailen arteko komunikazioa, komunikazioa eta bezeroarekiko tratua, gauzen ordena mantentzea eta, are gehiago, jakinda zein egoerak eskatzen duen berehalako erantzuna, zein lehenetsi behar den, eta zein utzi daitekeen oraingoz alde batera. Oro har, gaitasun horiek profesional hobea izaten lagundu zidaten, edozein lanbidetan funtsezkoa den alderdi soziala alde batera utzi gabe.

Zure ibilbide profesionalaz gain, 2015etik 2019ra boluntariotzari eskaini diozu denbora Caritasen. Zure ustez, nolako eragina izan du esperientzia horrek turismoari buruz duzun ikuspegian eta pertsona gisa duzun garapenean?

Galdera hau izugarri gustatzen zait; izan ere, oso kontraesankorra izan daitekeen arren, egia esan, bi zereginek funtsezko atal bat partekatzen dute: pertsonekiko tratua.

Boluntario gisa lan egin nuen 4 urteetan, jantoki sozialetara joaten nintzen hilero. Pertsona askok aniztasun funtzional eta/edo intelektualen bat zuten, eta halako egoera batean bizi izan naiz bizitzaren zati handi batean. Amaren aldeko amonak Alzheimerra izan zuen, berarekin batera bizi eta gozatu ahal izan nituen 16 urteetan. Horregatik, beti saiatzen nintzen amari, bere garaian amonaren zaintzailea izan zenari, amonaren oinarrizko zainketetan laguntzen, endekapenezko gaixotasun horren garapenean berarekin denbora dezente ematen. Hori dela eta, desgaitasuna duten pertsonekin tratatzea ez da inoiz erronka bat izan niretzat eta gozatu egiten dut haiekin denbora pasatzen; izan ere, gaixotasun konplexuak izan arren, modu naturalean jarduten dute eta guk geuk eskaintzen diegun konpainiaz gozatzen dute.

Esperientzia horrek eragin positiboa izan du niregan, denentzako irisgarria, oztoporik gabekoa eta desgaitasuna duen nahiz ez duen edozein pertsonak modu berean gozatu ahal izango duen turismoari buruz izan dudan ikuspegian. Arlo pertsonalean uste dut, pertsona enpatikoagoa bihurtu naizela, eta erraza dela nirekin lan egitea, eta beti emango dudala ehuneko ehuna egiten dudan guztian.

Eskerrak ematen dizkizugu ale honetan parte hartzeagatik. Azkenik, esango zeniguke zer oroitzapen gordetzen duzun Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako denboraz? Zure ustez, zer esperientzia izan dira aberasgarrienak arlo akademikoan eta pertsonalean?

Deustuko Unibertsitatea funtsezkoa izan da nire bizitzan, lagun berriak ezagutu ditut eta sekula pentsatuko ez nituen arloak aurkitu ditut. Lau urte asko dira oroitzapenen bat nabarmentzeko, baina beti gogoratuko ditut lankideekin lanean ematen nituen arratsalde estuak, lan bat aurrera ateratzeko, edo zehazki, eta azken galderarekin lotuta, irakasleek sektoreko hainbat profesionalekin antolatzen zituzten hitzaldiak, non aukeren eta galderen mundu berri bat irekitzen zen. Oso aberasgarriak ziren.

Laburbilduz, berriro eskertu nahi nuke elkarrizketa honetan, eta zehazkiago zenbaki honetan, parte hartu ahal izatea.

Eskerrik asko.