Skip to main content

Arantza Echaniz

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea – Deustuko Unibertsitatea.
Ekonomia eta Enpresen Zuzendaritzako doktorea. (01. prom.)

Lerro hauek irakurtzen ari bazara, duela denbora gehiago edo gutxiago Deustuko Unibertsitateko geletatik igaro zarelako da, eta diplomatura, lizentziatura, gradua, graduondokoa edo doktoregoa amaitu duzulako. Baliteke titulu horietako batzuk jaso izana. Duela gutxi pertsona bati entzun diot kontatzen bizitzako aldaketa garrantzitsuetan (hilabete batzuk zeramatzan aurrez erretiratuta) unibertsitatera itzuli zela, “bere unibertsitatera”.

Berdin dio noiz amaitu zenuen, ikasturte bakoitzean bi seihileko zeudela gogoratuko duzu (egia esan, oporrak eta azterketak kenduta, lau hilabete baino gutxiagoan geratzen dira eskolak). Ikasgeletatik pasatu zinen garaiaren arabera, seihilekoko edo urte osoko irakasgaiak zeuden. Azken 20 urteei begiratuz gero, ia ikasgai guztiak seihilekokoak dira. Otsailaren hasieran hasten da bigarren seihilekoa. Gogoan dut seihileko aldaketak halako zalaparta, ilusioa, jakin-mina eta egokitzeko beharra zekarrela: irakasgai berriak, eduki berriak, irakasle berriak -bakoitza bere eskolei aurre egiteko modu bereziarekin eta bere ebaluazio-sistemarekin-, etab. Irakasgai batzuk gehiago gustatzen zitzaizkizun eta beste batzuk gutxiago, eta gauza bera gertatzen zen irakasleekin. Atzera begiratuz gero, ezin dut nostalgia puntu bat saihestu: zein ona zen ikasle-bizitza (nire kasuan, oinarrizko erantzukizuna ikastea eta nire ikasketak aurrera ateratzea zen); zein gutxi aprobetxatu nuen irakasle batzuen jakinduria eta egiteko eta izateko modua (egia esan, badira aztarna ezabaezina utzi didatenak); zer gertatu ote zaie nire ikaskideei (egia esan, oso pertsona gutxiri jarraitu diet arrastoa)? Aitortu behar dut noizbait pentsatu dudala nola izan nintzen doktorego tesia egiteko gai, bizitzako une nahasi samar hartan, hainbeste zeregin eskuartean izanda (agian, dagoeneko ez dudalako energia bera, eta orain ezinezkoa egingo litzaidakeelako).

Michal Jarmoluk-en irudia Pixabay-n

Orain, egia esan, ia amaitu nuenetik, beste aldean nago. Deustuko Unibertsitatean prestatu eta bertan geratu zen pertsona horietako bat naiz. Hogeita hamar urte pasatxo daramatzat bertan irakasle eta ikertzaile. Seihileko aldaketa ikasle nintzenean ez bezala bizi dut. Esperientzia arrunta da (lankide batzuekin komentatu dut), berdin dio irakasgai bat ematen zenbat denbora daramazun, nolabaiteko urduritasuna eta egonezina sentitzea lehen klaseetan: nolakoa izango da taldea? parte hartuko dute? lortuko dut ikasleengana iristea? lortuko ote dut nire gaiekiko dudan gogo biziaren berri transmititzerik? Eta susmatzen dut ikasleek antzeko zerbait bizi dutela. Lehenengo egunean ikusten duzu nola behatzen zaituzten, lehen inpresioa nola sortzen zaien; beren buruari galdetzen diote ea ikasgaia (eta irakaslea) gustatuko zaien eta erraza ala zaila izango den gainditzea. Pentsatzen jarrita, ez dakit oso ondo zer dela eta sortzen den kezka hori (aipatutako lankideekin “iruzurgile” sentitzen ginela komentatzen genuen). Egia da adinagatik gero eta urrunago nagoela ikasleengandik (hizkuntzan, bizipenetan, asmoetan, erreferenteetan, etab.), baina esperientzia maila bat da. Urte asko daramatzat irakasle eta erraztasun handia dut irakasgaietako edukietan. Klaseek aurrera egin ahala, normalean, kezka desagertu egiten da.

Hezkuntzaren munduan dihardugunok, gure irakaskuntza-bokazioa arduraz bizi dugunok, iraultza garrantzitsu bati egin behar diogu aurre azken hilabeteotan: adimen artifizial sortzailearen agerpen eta garapen geldiezinari. Zalantzarik gabe, adimen artifiziala gizarteko esparru eta eremu guztietan ari da eragina izaten. Hala ere, uste dut hezkuntza erakundeei eta irakasleei erronka garrantzitsua jartzen ari zaigula: zer erabilera emango diogun teknologia horri, zer egingo dugun haren funtzionamendua eta arriskuak ulertzeko, nola egokituko ditugun gure irakaskuntzako praktikak (klaseak, ikasgelako zereginak eta jarduerak, ebaluazio-sistema, etab.), nola prestatuko ditugun gure ikasleak teknologia berrietarako, etab. Metodologiak online irakaskuntzara egokitzeko erronka ekarri zigun pandemiak. Handik denbora gutxira, erronka handiago baten aurrean gaudela esango nuke. Ikasgelako mahaian eserita nengoenean, ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten zer ekarriko zidan bizitzan zeharreko ikaskuntzak; ahalegina eta lana, alde batetik; bizitza eta gozamena, bestetik. Lanbide guztietan eguneratu behar dituzu ezagutzak eta praktikak. Eta irakaslearenean ez dugu inoiz ahaztu behar gure erantzukizun handia; izan ere, to teach is to touch a life forever, heztea bizitza bat betiko eraldatzea baita.

Irudia azalean eta artikuluaren goiburuan:Michal Jarmoluk-en irudia Pixabay-n