Motibatu, inspiratu, erosotasunetik atera nauten pertsonak izan ditut, zorionez, inguruan beti, batez ere, nigan sinetsi duten pertsonak (…), nire gurasoak (. ..); beste batzuk, milaka momentu (…) nirekin partekatu dituzten abenturakideak izan dira, eta, azkenik, badira, irakasle batzuk esaterako, nire aldeko apustua egin dutenak eta nire ahalmenean konfiantza izan dutenak. Funtsean, esango nuke arrakastaren sekretua arrakasta hori eraikitzen laguntzen dizuten pertsonengan dagoela.
Ibilbide profesional meteorikoa izan duzu, curriculum potoloa izatea lortu duzu, hitz egiteko gai zaren bost hizkuntzek ere aberastu dutena. Zorionak! Nola lortu zenuen denbora nahikoa izatea dena egin ahal izateko eta, ikusi daitekeenez, arrakastaz? Zein da zure sekretua?
Nire ibilbide profesionala, meteorikoa baino gehiago, zorionaren fruitu izan dela esango nuke. Uste dut aukeretan zorte ona izan dudala beti eta egon behar nuen lekuan amaitu dut, horretan ahalegin berezirik egin gabe. Eta neurri handi batean, bidelagun izan ditudanei esker izan da.
Motibatu, inspiratu, erosotasunetik atera nauten pertsonak izan ditut, zorionez, inguruan beti, batez ere, nigan sinetsi duten pertsonak. Pertsona horiek ekarri naute, nolabait, hona. Batzuek, nire gurasoek esaterako, sakrifizio eta ahalegin handia eginda, neure burua garatzeko aukerak eman ez ezik, independentea, kritikoa eta ekina izaten ere irakatsi didate. Beste batzuk abenturakideak izan dira, nirekin milaka momentu partekatu dituztenak eta ur ezezagunetan murgilarazi eta beharrezko jakin-mina sorrarazi didatenak, une lasaiegietan. Eta, azkenik, badira, irakasle batzuk esaterako, nire aldeko apustua egin dutenak eta nire ahalmenean konfiantza izan dutenak. Funtsean, edozein arrakastaren sekretua hori eraikitzen laguntzen dizuten pertsonengan dagoela esango nuke.
Unibertsitateko ikasketak hasi zenituenean honako hau adierazi zenuen: “Izugarri gustatzen zaizkit komunikatzeko gaitasunak eskatzen dituzten lanbideak, jendearekiko harremanak. Oso aktiboa naiz eta ez dut neure burua laborategi batean lanean ikusten. Fiskal, epaile, enbaxadore izan nahi dut, karrera diplomatikoa egin, nazioarteko erakunde batean lan egin… Ez dakit, hainbeste proiektu dauzkat, pena ematen dit bati uko egiteak bestea aukeratzeko”. Zure asmoen artean, zein puntutan zauden esango zeniguke?
Nire ibilbidea ez dago fiskal, epaile izatera edo karrera diplomatikoa egitera begira. Hala ere, orain arte nire asmoak guztiz ase dira. Uste dut nire egungo postuak unibertsitate munduan hasi nintzeneko asmorik onenak bateratzen dituela. Une honetan, unibertsitate munduan dihardut. Irakaskuntzaren eta ikerketaren artean, nire lana, funtsean, komunikatzea eta ikastea da. Eta, niri bezala, hitz egitea gustatzen bazaizu edo gehiegizko jakin-mina baduzu, lan ezin hobea da. Horrez gain, bonus batekin dator, ikasleek zure ahalegina eskertzen badizute eta batek edo bestek inoiz izan duten irakasle onenetakoa zarela esaten badizute, batez ere ibilbide profesionalaren hasieran zaudela. Momentu horietan, poztasuna izugarria da.
Bi graduak, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidea, egin zenituen bitartean, eztabaida-klubetan, ikerketa-proiektuetan, lanbideko praktiketan parte hartu zenuen, klase partikularrak ematen, zure herrikideen artean zure jatorrizko lurraldeko tradizioak, kultura eta hizkuntza sustatzeko ardura duen errumaniar elkarte batean laguntzen, ELSA Deustuko elkarteko buru izan zinen… Nola lortu zenuen une horietan jarduera horiek guztiak batera egitea?
Atzera begiratuta, batzuetan zailtasunez esango nuke. Uste dut, zenbaitetan, nire sarrera ontzia behar baino beteago zegoela eta, garai haietan, denbora lortu baino gehiago, denbora egin egin behar izaten nuela, hori zen kontua. Askotan ez da eraginkorra izaten, eta atsotitzari ez zaio arrazoirik falta “zazpi amuarrain batera hartu nahi dituenari denak irristatzen zaizkiola” esaten duenean. Beraz, hausnarketa gisa, esango nuke neurriz egin behar dituzula gauzak. Emaitza onenak lortzeko, jakin behar duzu noiz den une aproposa segundo batez gelditzeko, arnasa hartzeko eta lagunekin garagardo edo ardoa batzuk hartzera joateko.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko ikasle ohiei euren ibilbide profesionala garatzeko eta prozesuaz gozatzeko?
Uste dut onena arriskatzeko, huts egiteko, erabakiak hartzeko prest egotea dela. Etorkizunari irmotasunez egin behar diogu aurre, burua zabalik. Hegan egiteko, habia utzi eta mundua arakatzeko eta bakoitzarentzat zer dagoen gordeta ezagutzeko prest egon behar duzu. Eta, berriro ere, gauzak neurriz egin. Batzuetan, nahikoa da munduari begiratzea eta une bakoitzaz gozatzea, beste ezertaz arduratu gabe.
Amaitu aurretik, Deustuko Unibertsitateko ikasle sasoira bueltatuta, garai hartako zer oroitzapen duzu gorderik?
Bizitza osorako adiskide bihurtu diren lagunekiko solasaldi luzeak; barre amaigabeak – batzuetan hala beharrez, klase batzuen erdian; lagunekin La Terrazara irteera txikiak egitea, tortilla pintxo eder bat eta garagardo bat hartzeko; irakasleei noizean behin buruhausteren bat ekarri zien amairik gabeko eztabaidak; azterketen ondorengo ospakizunak, eta aurreko eguneko mezu urduriak, etsipen tonu apalez, zalantzak argitzeko prest zegoen ikaskide eskuzabal baten laguntza bilatzen zutenak… Hainbeste oroitzapen daude: batzuk partekatu ditzaket, beste batzuk hobe da lapikotik ez ateratzea.