Ez zegoen ezer asmatu beharrik, ikuspegia aldatu besterik ez zen egin behar eta ispilua gurutzatu Aliziak Carrollen lanean egiten duen bezala. Ideia hori genuela sortu genuen gizarte ekimeneko gure kooperatiba, “pertsona zoriontsuak erakunde jasangarrietan” goiburu genuela.
2020ko martxoan zabaldu zituen ateak AIEDI Faktoria kooperatibak, Maider Cascón eta Nerea Azkonaren eskutik. Handik egun gutxira, aurreko urtean planifikatutako ametsak eta errealitatea zenak nahitaezko geldialdiari egin behar izan zion aurre. Zelan lortu duzue “ekaitz” horretatik onik ateratzea?
Lasai hartuz eta umorez. Hasiera eman eta 10 egunera hasi zen konfinamendua eta plan guztiak pikutara joan zitzaizkigun, baina laster konturatu ginen hura aukera bihurtu zitekeela, gure zutabeak jasangarritasuna eta zoriona zirelako. Aurkituko ote genuen une egokiagorik lan horretan buru izateko eta erakundeetan ongizateko programak sortzeko?
Zelan sortu zen eta zer da AIEDI Faktoria kooperatiba?
AIEDI Faktoria gauzak beste era batera egiteko genuen ametsa da. Hirugarren Sektorean ezagutu genuen elkar eta ados geunden bizimodu jasangarria izan behar zela proiektuen muina. Ez zegoen ezer asmatu beharrik, ikuspegia aldatu besterik ez zen egin behar eta ispilua gurutzatu Aliziak Carrollen lanean egiten duen bezala. Ideia hori genuela sortu genuen gizarte ekimeneko gure kooperatiba, “pertsona zoriontsuak erakunde jasangarrietan” goiburu genuela.
Maider, AIEDI Faktoriaren lau lan arloetako biren arduraduna zara: Happiness Coaching eta Neuromentoring-ekoa. Kontatuko zeniguke zer diren?
Nire ezagutza eta esperientzia guztia aholkularitza, prestakuntza eta lagun egitearen ingurukoa da. Nire misioak gidaturik, hau da zerbitzu eta garapen pertsonaleko bokazioak eraginda, Happiness Coach bezala, lau proiektu daramatzat. Continuum bat osatzen dute eta pertsonen ongizatea eta zoriona lortzeko helburua dute laurek. Erabaki akademikoak hartzetik hasten da, lana bilatzearekin jarraitzen du eta lan merkatuan amaitzen da.
Hala, ikasleen eta haien familien coach akademiko eta bokazional gisa, lagun egiten diet erabaki akademikoak hartzeko egoerari aurre egiten. Laneko coach gisa, langabezian edo enplegua hobetzeko egoeran dauden pertsonen ongizatea, autoestimua eta beren buruak ezagutzea hartzen dut ardatz. Coach pertsonal gisa, aldaketa egoerak errazten laguntzen diet. Eta, azkenik, erakundeen barruan, lankidetza giroa eta pertsonen eta taldeen ongizatea sustatzen dut.
Bestalde, Neuromentoring arloan mentoretzako tresna erabiltzen dut zenbait programatan (lan, gizarte eta komunitatekoetan), garapen pertsonala eta lanbidekoa sendotzeko, beti ere berdinen harremanetik abiatuta.
Odeésate (GJH) programatik abiatuta, jasangarritasunaren kultura, gizarte konpromisoa eta ingurumenarekikoa sustatzen ditut erakundeetan. Horretarako, estrategia korporatiboak birdefinitzen ditut, dimentsio ekonomikotik haratago, gizarte eta ingurumen mailei lehentasuna emateko. Horri emaitzen-kontu hirukoitza esan ohi zaio; izan ere, AIEDI Faktorian uste dugu erakunde jasangarriak honelakoa izan behar duela: ekonomikoki bideragarria, ingurumen aldetik arduratsua, eta gizarte mailan onuragarria.
Bestalde, Faktoria de Contenidos (Edukien Faktoria) programaren bitartez, ideiaz, hitzez, proiektuz eta historiaz elikatzen ditut bai AIEDI Faktoriaren proiektu propioak eta bai beste erakunde eta pertsona partikular eta autonomoenak ere. Lan hori maila desberdinetan egiten dut: ikerketako fase guztiak egiten dira, erakundeen eta ekosistemen esanahiak eta haientzakoak bilatzeko; oraindik paperean eratu gabe dauden ideiak eskematizatu eta dokumentu korporatiboak idazketa zientifiko, sortzaile (storytelling) eta/edo limurtzaile (copywriting) bidez idazten dira; microlearning baliabideak eta infoproduktuak garatzen dira eta kategorietan zatikatzeko eta ikusteko eran aurkezten dira edozein plataformatan kontsumitzeko; eta hezkuntza baliabideak prestatzen dira, laguntza txostenak idatzi, ezagutzaren transferentzia egiteko erakundeetan edo kontaketa sortzaileak prestatzeko.
Nortzuk dira zuen zerbitzuen hartzaileak eta zelan kontratatu daitezke?
Erakunde publiko eta pribatuekin (handi eta txikiekin) lan egiten dugu, baita pertsona partikular edo autonomoekin ere. Webean aurkituko gaituzte, baita kooperatibaren Linkedin-ean ere. Pertsona moduan, gizarte sare guztietan aurkituko gaituzue. Erraza da gurekin harremanetan jartzea, oso aktiboak gara sareetan eta.
Bukatzeko, onena desio dizuegu kooperatibarako. Azken galdera bat: zer oroitzapen gordetzen dituzue Deustuko geletan eman zenituzten garaiez?
Maider: Deustuko geletan eman nuen Unibertsitateko azken etapan pentsatzen dudanean, nostalgia sentipenak korritzen dit gorputza. Esaten dizudan bezala! Denboran atzera egingo nuke une hura berreskuratzeko, klasean jesarri eta neuronak elikatzeko. Irakasle diplomatu nintzen eta lan munduan tarte labur bat egin ondoren, Psikopedagogiako ikasle rola berreskuratu nuen eta niretzat, klasera itzultzea bake eta lasaitasun espazio bat berreskuratzea bezalakoa izan zen. Pozarren joaten nintzen klasera!! Pasadizo bat kontatuko dizuet: irakasgai bat gehiago matrikulatu nuen. Lizentziatu nintzen, bai, eta kredituak soberan nituen, kar, kar, kar.
Nerea: Jendea, inolako zalantzarik gabe. Gainera, nire kasuan, unibertsitateko ikasle eta langile izan nintzen aldi berean. Egun osoa ematen nuen han. Klasera joatea entzun eta apunteak hartzea baino gehiago zen, ekitaldi eta jardunaldi pila bat antolatzen baikenituen, intereseko beste gai batzuetan ere prestatzeko. Lizentziatura eta masterreko urteak nire bizitzako oso etapa garrantzitsua izan ziren eta garai hartako adiskide handiak ditut unibertsitatean eta handik kanpo ere.