Skip to main content

Carlos Tarrero Letona

“Herrialde bakoitza mundu txiki bat da tokiko kulturari begira eta garrantzizkoa da errespetatzea eta ikastea. Eta nik ikusten ditudan antzekotasunak balioen arloan daude. Familia, adiskidetasuna edo enpatia bezalako kontzeptuak oso antzerakoak dira herrialde guztietan”.

Harrerako txandako buru gisa hasi zinen eta zuzendari nagusi izatera iritsi zara. Kontatuko zeniguke zelakoa izan den zure esperientzia ibilbide horretan?

Bizipen paregabea bezain sakona eta gozagarria izaten ari da. Arduraz eta interes handiz erantzun diet sortu zaizkidan aukerei. Zorionekoa izan naiz alde horretatik.

Herrialde desberdinetako esperientziak eta kultura desberdinak ezagutzeko paradak sekulako laguntza eman didate pertsona eta profesional moduan hazteko. Hori dela eta, beti saiatu naiz aurrerapausoak ematen, herrialde horretan edo beste batean, hazten jarraitzeko. Uste dut ez dela erabakirik erosoena, baina niri merezi izan dit.

Gainera, egiten duzuna egiten duzula, egia da hotelen mundua gustuko izan behar duzula, batzuetan gogorra izaten baita; baina niri izugarri gustatzen zait eta pentsatzen dut horrek dena errazten duela. 

Nazioartean, Europa, Amerika eta Asiako luxuzko hoteletan hogei urte baino gehiagoko esperientzia duzu. Zeintzuk dira, zure ustez, hiru kontinenteen arteko desberdintasunak eta antzekotasunak?

Alderik nagusienak, nire ustez, kulturalak dira. Herrialde bakoitza mundu txiki bat da tokiko kulturari begira eta garrantzizkoa da errespetatzea eta ikastea. Eta ikusten ditudan antzekotasunak balioen arloan daude. Familia, adiskidetasuna edo enpatia bezalako kontzeptuak oso antzerakoak dira herrialde guztietan.

Ostalaritza bezalako sektorean eta bidaiatzea edonoren eskura dagoen munduan, garrantzizkoa da kultura bakoitzeko desberdintasunetatik eta antzekotasunetatik onena ateratzea, ostatuz daudenak pozik egon daitezen. Azken finean, ostatuz daudenek ondo zaintzen dituztela sentitu nahi dute, diren tokikoak direla eta doazen tokira doazela.

2020an eta 2021ean mundu mailako osasun arloko alarma bizi izan dugu. Sektore ugaritan izan du horrek eragin kaltegarria, bereziki ostalaritzan. Asiako merkatuan zertan igarri da ahulaldi hori?  Zer ikuspegi dago epe labur eta ertainera begira?

Asiako merkatuak munduko gainerako merkatuek bezala sentitu du ahulaldia. Egia da herrialde batzuetan egoera ez dela hain latza eta, seguru asko, arinago lehengoratuko direla. Horretan zerikusi handia du gobernu bakoitzak eta bertako ekonomiak zer baliabide duen eta zelan administratu duen hori guztia. Gainera, kontuan izan behar da, herrialdearen barruan bidaiatu nahi dutenen bolumena zein den, mugetan murrizketak dauden bitartean (gogoan hartu Txina mila milioi biztanle baino gehiagoko herrialdea dela eta Japonia 125 milioikoa). Azkenik, txertatuta dagoen populazioaren ratioa ere ez da ahaztu behar. Asiarako eta, bereziki, Japoniarako etorkizuna oso positiboa izango da.

Zer aholku emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Turismoko ikasle ohiei, lanbideko karrera atzerriko herrialde batean garatzeko orduan?

Nire ustez, beste herrialde batean lanbidean karrera egitea oso erabaki pertsonala da eta ez da denentzat. Nire bizipena oso positiboa eta aberasgarria da, bai alde pertsonaletik eta bai profesionaletik; jakina, sakrifizioak ere egin behar dira. Etxetik, familiarengandik, lagunengandik urrun egotea gogorra da, batez ere, hasieran. Eta tokiz aldatzen garenean zerotik hastea bizigarria eta aberasgarria da maila kultural eta pertsonalean. Egokitzeko epe bat behar izaten da eta beti ez da erraza izaten.  Azken batean, norberak aukeratzen duen bizitzeko modu bat da eta guri merezi digu.

Eskerrak ematen dizkizugu Alumni Time aldizkariaren zenbaki honetan parte hartzeagatik. Bukatzeko, esango zeniguke zer oroitzapen dituzun Deustuko Unibertsitateko ikasle izan zinen garaiaz?

Oroitzapen zoragarriak eta positiboak dira. Deustuko Unibertsitateak ematen zizkigun erraztasunei esker, ikasi, pertsona gisa heldu, adiskideak egin eta kirola egin ahal izan nuen. Lanbideari begira, ikasitakoak, irakasleen laguntzak eta praktikak egiteko aukerak ate ugari zabaldu zizkidan, gaur egun nagoen tokira heldu arte.