… Ausartu, LinkedIn duzu arma bikaina. Jarri harremanetan zuzenean lan egin nahi duzun enpresako talde-buruekin eta izan nekagarria “follow up”-ak egiten. Mundu digitalean aritu nahi baduzu, egin bat online komunitateekin; toki guztietan daude eta, lehen esan dudanez, mundu guztia duzu laguntzeko prest.
Leioaztarra zara, Donostian prestatua bazara ere, eta lanbidean Euskaditik kanpo aritu zara, batez ere. Lehenengo Alemanian izan zinen, gero Asiako hego-ekialdean eta, orain, Arabiar Emirerri Batuetan. Zer desberdintasun nabarmenduko zenuke herrialde horietan eta Euskadin dituzun lanbideko aukeren artean? Zer ekarri dizu zuri?
Egia esan, behin baino ez nuen bilatu lana Euskadin, lizentziatu berritan, 2010ean, eta orduan lan-merkatua ez zegoen momenturik onenean eta egindako ikasketen araberako iragazki askotxo zegoen. Zorionez, aukera bat sortu zitzaidan Berlinen marketin digitalean lan egiteko, eta kontaezin ahala aukera zabaldu zizkidan.
Hainbeste urtetan kanpoan izan arren, badakit Euskadin agentzia digitalak hazi direla; baditugu All Iron bezalako inbertitzaileak, tokiko start up-ak sustatzen lan handia egiten dutenak, aukerak zabaltzen, betiko enpresa klasikoetara mugatu gabe.
SEO (Search Engine Optimization) munduan sartzen zara unibertsitateko ikasketak amaitu aurretik. Emango zenizkiguke Marketin Digitaleko espezialitatean izan duzun esperientziaren zertzelada labur batzuk?
Bada, ia 9 urte daramatzat esparru horretan lanean eta denetarikoa egiteko zoriona izan dut. Inkubagailu batean hasi nintzen Alemanian; Malasiako marketin digitaleko agentzia batera aldatu nintzen; ondoren, bezero batera aldatu nintzen (etxera jana eramaten zuen konpainia batera) bertan; eta, azkenean, Dubain agentzia digital amerikarretan amaitu dut. Hainbat herrialdetako bezeroekin lan egin dut (Kanbodia, Singapur, Saudi Arabia…) eta hainbat esparru desberdinetan (Mercedes Benz, Sephora, The Cheesecake Factory eta beste asko). Baina ez dut soilik SEOa ardatz hartu, SEMean (Search Engine Marketing – ordainketa bidezko marketina Googlen) ere egin ditut saiotxoak eta, gaur egun, marketin digitaleko salmentetan ere aritzen naiz buru-belarri.
Azken lau urteetan Dubain bizi izan zara, munduko tokirik aberatsenetariko batean, aberatsena ez bada. Ekialde Ertainean baino lehen, Asiako hego-ekialdean izan zinen, Kuala Lumpurren. Zein izan da zure esperientzia emakume profesional gisa gure ingurukotik hain bestelakoak diren gizarte eta kulturetan?
Bene-benetan diotsut, gutxitan gertatu zait emakume izateagatik gutxietsita egotea, edo gizonezko lankideek baino hazteko aukera gutxiago izatea. Pentsatzen dut hain sektore teknikoan izateak eta herrialdean horretan diharduten pertsona gutxi izateak lagundu egiten du bazterketa txikiagoa izaten. Baina horrek ez du esan nahi “mansplaining”-ik jasan ez dudanik bezeroengandik; baina sektore digitalean emakumeen presentzia handia da eta kristalezko sabaiak hausten ari gara eta generoei buruzko hautemateak aldatzen.
Boluntario lanak ere bete du zure denbora. Bateratu daiteke lanbideko jarduera eta boluntario lana? Zerk bideratu zaitu horretara?
Suposatzen dut zerikusia izango duela zure enpresa eta sektorea zein den. SEOan aritzearen zorterik handiena hau da: lanaren eta bizitzaren arteko oreka benetakoa dela. Egun askotan 17:30ean edo 18:00etan amaitzen dut lana eta oso asteburu gutxitan tokatu zait ordenagailua piztea.
Dena hasi zen Beirutera egin nuen bidaia batean. Hirian bizi ziren errefuxiatu siriarren bizimodu kaxkarra ikusi ahal izan nuen. Handik gutxira, Everesteko kanpamentu nagusira joateko aukera izan nuen eta errefuxiatuentzat eta Katmanduko umezurztegi baterako dirua bildu nuen. Handik hilabete batzuetara, Indiara joan nintzen ur iragazki bat eraikitzera Munbaitik hurbil zegoen herrixka batera, baita Delhira ere, bertako GKE bat ezagutzera (Bucket list India). Han keskato bat ezagutu nuen, Vineeta; ez dakite 11 ala 12 urte dituen, kalean jaio baitzen, paperik gabe. Eskola utzi eta lanean jarri behar izan zuen, ez zuen aitarik eta. Ahizpa ezkonduta du eta neba, kartzelan. Zorionez, GKE hark lortu zuen neskaren amari eskolaren garrantzia buruan sartzea. Bucket list Indiak Vineeta bezalako umeei laguntzen die, slum-etan bizi direnei, eskolara itzuli eta bizimodu hobeaizan dezaten. Harrezkero (eta pandemia hasi arte), aldian-aldian bisitatzen saiatu naiz, Vineetaren eskolako aurrerabidea zer moduz doan ikusi eta denbora apur bat elkarrekin emateko.
Gaur egun, ez dugu Indiara edo Libanora joan beharrik boluntario lana egiteko. Hemen, etxean ere GKE asko ditugu gure laguntzaren beharra dutenak (laguntza ekonomikoa edo zerbitzuena). Bene-benetan gomendatzen dudan esperientzia da. Sarri askotan, keinu sinple batek aldatu dezake pertsona baten bizitza eta laguntzean duzun sentsazioa ezin da munduko beste ezerekin konparatu.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko neska Alumniei lanbideko karrerak garatzeko nazioartera jauzi egiteko aukera planteatzeko orduan?
Beti gomendatzen dut kanpora irtetea, ikasteko zein lanerako. Sekula ahaztuko ez duzun garaia izateaz gain, pertsona moduan ikaragarri hazarazten dizu.
Klixea ematen du, baina hainbeste kultura, hizkuntza eta pentsatzeko modu desberdinek inguratuta egonik, gizakiok ditugun antzekotasunei erreparatzen diezu, burua irekiago duzu, erresilienteagoa eta malguagoa zara, edozein arazo edo egoera aurrean duzunean.
Nire aholkua hau da: ausartu, LinkedIn duzu arma bikaina. Jarri harremanetan zuzenean lan egin nahi duzun enpresako talde-buruekin eta izan nekagarria “follow up”-ak egiten. Mundu digitalean aritu nahi baduzu, egin bat online komunitateekin; toki guztietan daude eta, lehen esan dudanez, mundu guztia duzu laguntzeko prest.
Eskerrik asko zure denboragatik. Eta amaitzeko, zer oroitzapen duzu Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteez eta zein partekatuko zenuke gurekin?
Hainbeste dira oroitzapenak! Azterketa garaian liburutegian sartuta egotea eta kafetegian napolitanak janez bizitzea, Rogelio Fernándezen klaseetan katedralak eraikitzea, eta Miguel Ayerberen lezio gogorrak enpresen antolakuntzaz, bizitzan lehen aldiz egunean-egunean ikasarazi zidatenak.