Skip to main content

Ana Otadui Biteri

(…) asko dira kristalezko sabaiak hautsi dituzten emakumeak, emakumeen ahalduntzea gelditu ezina da-eta. Gaur egun ez da arraroa emakume liderrak ikustea ekonomian, politikan, ardurazko lanpostuetan. Ez dugu konformistak izan behar, oraindik asko dago egiteko, baina gogoko dut botila erdi beterik ikustea.

Unibertsitateko ikasketak amaitu eta zortzi urtera, politika munduan sartzea erabaki zuen: lehenengo zinegotzi, gero legebiltzarkide eta, Batzar Nagusietako buru izan aurretik, jaioterri duen Elorrioko lehenengo emakume alkatea izan zen. Emakumea eta gaztea, eredu bihurtzen zara beste emakume batzuentzat. Zer da astunagoa, ardura politikoa ala kristalezko sabaien kontrako borrokan erreferentziazko eredu izatea?

Beno, ez naiz hain gaztea… Ez dut uste erreferentea naizenik, handinahia litzateke nire aldetik hala pentsatzea. Erreferenteak dira niretzat gure aurretik izan ditugun emakume guztiak. Oraingoa baino askoz egoera gogorragoan eta zailagoan, bidea zabaldu digute atzetik gentozenei. Gure lurraldeko historiarik luzeena duen erakunde bateko buru izateko zoriona eta ohore handia dut. Egia da, Gernikan osoko bilkura bat zuzentzen dudanean, gure iraganaren pisua sentitzen dudala eta, agian, erantzukizun handiagoa ere bai, lana ondo egin nahi duzulako.

Historian, esaterako, asko dira kristalezko sabaiak hautsi dituzten emakumeak, emakumeen ahalduntzea gelditu ezina da-eta. Gaur egun ez da arraroa emakume liderrak ikustea ekonomian, politikan, ardurazko lanpostuetan. Ez dugu konformistak izan behar, oraindik asko dago egiteko, baina gogoko dut botila erdi beterik ikustea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak Estatu Espainiarreko bigarren legegintzako organoa da, Nafarroakoaren ondoren, “Bizkaiko Batzar Nagusietako emakumeen eta gizonen arteko I. berdintasun plana (2017-2020)” izan duena, aho batez onartua, eta gainerako erakunde politiko, gizarte eta ekonomia mailakoentzat berdintasun politiketan erreferente izan nahi duena. Plana nire lehenengo agintaldian jarri zen martxan. Egongo da II. Berdintasuneko Planik? Zure ustez, zer aurrerapauso lortu dira lehenengo planarekin?

Lehenengo planaren ondorioekin gabiltza une honetan eta jarraian hasiko gara II. Berdintasun Plana jorratzen. Jarraipena izan dezan nahi dugu. Legegintzaldi honetako konpromisoetariko bat gizonen eta emakumeen arteko zinezko eta egiazko berdintasuna lortzen lan egitea da. Gure ahalegintxoa egiteko asmo sendoa dugu. Uste dut gure lehenengo planarekin familia eta lana bateratzea sustatzea lortu dugula, ordutegiak eta Batzarretako jarduera egokituta. Emakumearen irudiak toki handiagoa hartu du, emakumeek gure lurraldean egiten duten ekarpena begien aurrean jartzen ahalegintzen gara. Emakumeak burutzen ditugun ekitaldi eta ekintza guztietan erakusteko ahalegina egiten dugu. Hizkuntza gehiago zaintzen dugu barne dokumentazioan eta egiten ditugun argitalpenetan. Etengabeko prestakuntza plan bat dugu langile guztientzat, genero ikuspegia eta berdintasun gaietako berariazko ekintzak barne (jazarpen protokoloa, kontratazioko plegu teknikoetan klausula sozialak eta berdintasunekoak mantentzen ditugu, izenak eta kartelak egokitzen ditugu hizkuntza inklusiboko parametroen arabera…).

Emakumeak protagonista diren ekimen ugari burutzen ditugu: Emakumeen Asanblada, Emakumeen Jardunaldiak Bizkaian, emakumeek egindako erakusketak, berdintasunari buruz hitz egiteko jardunaldiak, emakumeen elkarteak ezagutzera ematen ditugu edo berdintasunaren alde lanean dihardutenak edo tradizioz sektore maskulinizatuetan ari direnak…

Oraindik zinezko eta egiazko berdintasuna lortu arte ibili beharko dugun bidean egiten dugun ekarpena da.

Esparru pertsonalean, zein esperientzia duzu lana eta familia bateragarri egiteko orduan?

Nire esperientzia ez da beste edozein emakumek izan dezakeenetik apartekoa. Eta ez litzateke beste edozein gizonek izan dezakeenetik apartekoa izan behar. Kontziliazioa ez zaie emakumeei soilik lotu behar. Pandemiako hilabete hauetan, telelana funtsezkoa izan dugunotan, agian ikaskizunen bat jasoko genuelakoan nago, telelana eta teknologia berriak kontziliatzen lagungarri izan daitezkeelako, beti ere erantzunkidetasuna goiburu hartzen badugu.

Zer gomendio emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumnaeei lanbideko karreraren garapenari eta bizitza politikoan parte hartzeari lotuta?

Funtsezkoa da prestakuntza ona izatea eta bakoitzak benetan gogoko duen lanbideko karreran aritzeko prest egotea. Nire gomendioa, hori ematen uzten badidazue, hau izango litzateke: lehenengo lanbideko karrera sendotu eta gero konpromisoa hartzeko jauzia eman eta bizitza politikoan parte hartzea. Hori ona da neskentzat eta denentzat. Bizitza politikoan parte hartzea aldi baterakoa da eta oso garrantzitsua da lanbideko esperientzia sendoa izatea, zerbitzu publikoko urteak amaitu ondoren, lanera itzultzeko.

Eskaini diguzun denboragatik eskerrak emateaz gain, kontatuko zeniguke, azkenik, zer oroitzapen dituzun Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteez?

Oso oroitzapen onak ditut unibertsitateko garaiaz, batez ere Unibertsitatean ezagutu nituen pertsonez, bai ikasle garaian eta bai Euskal Gaien Institutuan bekadun izan nintzen garaian. Deustun elkarrekin batera ibili ginen lagunekin izaten genituen kafeak eta solasaldiak gogoratzen ditut, baita Euskal Gaien Institutuan izan ginenon artean zegoen giro atsegina eta adiskidantzazkoa.