… ikerketan aritzeko, landu nahi den ikerrildoaren aurrean bokazioa eta motibazioa behar dira, batez ere batzuetan pazientzia handia behar delako proiektua nahi bezain azkar ez baldin badoa edo finantzaketa nahikorik ez badu.
Zorionak! Ongi merezitako saria jaso duzu! Madrilen Industria Ingeniaritzako gradua kalifikaziorik gorenarekin atera ondoren, masterra esparru berean egitea erabaki zenuen, Deustuko Unibertsitatean. Zergatik hartu zenuen erabaki hori? Beste hiri batean ikasteak aldaketarik ekarri al zuen?
Esperientzia pertsonal eta akademiko bat eduki nahi duen beste hiri batean. Nire ustez, inor ezagutzen ez duzun beste hiri batera, beste unibertsitate batera, mugitzeko “abentura” hori, jende berria ezagutzera, aukera bat da gauzei beste modu batera begiratzeko, heldutasunean aurrerapauso bat emateko eta ikasteko. Bilbora joan nahi nuen, denetarik duen hiria delako, hainbat ikuspegitatik. Arlo pertsonalean, gustura egon nintzen hasiera-hasieratik: unibertsitate bizitza handia du hiriak, ongi jaten da, ateratzeko toki asko ditu, hondartzak eta mendia bertatik bertara. Eta, arlo profesionalean, Bilbon industria sektoreko enpresa eta lantegi asko daude, Iberdrola dorrean dauden bulego ugariez gainera.
Deustuko Unibertsitatean sartzeko eskatzea erabaki nuen bere irakaskuntzaren kalitatearengatik (orain dela gutxi munduko 6 lehenengo unibertsitateen artean sartu dute, irakaskuntzaren bikaintasunari begiratuta), duen ospearengatik eta nazioarteko mugikortasunerako aukera handiak eskaintzen dituen unibertsitate bat delako. Zehazki, Masterreko azken 6 hilabeteetan atzerrian ikasteko edo praktikak egiteko aukera ematen du, Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian, Latino Amerikako herrietan, Europan, etab. Aukera horri esker, 6 hilabetez Louisvillen (Kentuckyn) izan nintzen, ingeniaritza biomedikoko ikerketa proiektu zoragarri batean lan egiten. Gainera, proiektu horrengatik hainbat sari jaso nituen gero.
Bilbon eta Louisvillen azkar egokitu nintzen bizitza berrira, nahiz eta lehenengo asteak oso trinkoak izan, dena nik neuk antolatu behar izan nuelako. Ordura arte, etxean familiak laguntzen zidan -kar, kar, kar… Egia da aldaketen aurrean beti nolabaiteko “beldurra” sentitu ohi dugula, baina uste dut merezi duela ausart jokatzea beste hiri edo herrialde batzuetako esperientzia berrien aurrean (kasurik gehienetan, galtzeko baino gehiago dago irabazteko!).
Ikertzaile izan zara Madrilen, Lousvillen (Kentuckyn) eta Bilbon. Kontatuko al diguzu, labur-labur, zein desberdintasun dauden hiru polo zientifiko horien artean?
Nabaritu dudan desberdintasunik handiena finantzaketa da. Ameriketako Estatu Batuetan, diru gehiago inbertitzen da; horrela, ekipamendu hobea eros daiteke. Hala ere, uste dut Espainian gero eta ahalegin handiagoak egiten direla ikerketa proiektu gehiago finantzatzeko. Jakin badakigu aurrerapen asko laborategi batean hasten direla, ikertuz. Bestalde, nire ustez, Ameriketako Estatu Batuetan garrantzi handiagoa ematen diote ikerketari eta ikerketarekin lor daitekeenari, Espainiarekin alderatuta. Ikastetxeetatik, nerabeei ikertzearen garrantzia azaltzeko apustua egingo nuke, iker daitezkeen gaiak asko eta asko izan daitezkeela azpimarratuz. Hala, gehienek beren “tokia” izango lukete eta gustatzen zaien zerbait aurkituko lukete, ziur aski.
Alumni Timeri kontatu al diezaiokezu saria jaso duen master amaierako proiektuaren edukia, labur?
Proiektuan gailu mediko operatibo bat diseinatu, programatu eta baliozkotu nuen, modu ez intrusiboan eta denbora errealean antzemateko ultzera edo zauri bat infektatuta dagoen. Ultzerara aparatu txiki bat hurbilduz infekzioren bat dagoen jakitea erronka izugarria iruditu zitzaidan. Gailuak infekzioa eragiten duten bakteriek igortzen dituzten gasak antzemateko 4 gas sentsore ditu, zauriaren tenperatura kamera termiko batekin hartu eta sentsore termiko batekin kontrolatzen du, eta zauriaren sakonera ultrasoinuen sentsore batekin aztertzen du. Sentsoreekin antzemandako datuak Arduino plaka batean irakurtzen dira eta Pythonen programatutako Raspberry Pi batera bidali eta bertan biltegiratzen dira. Azkenik, elementu guztiak AutoCaden diseinatu eta 3D-ko inprimagailu batean inprimatutako karkasa baten barruan bilduta daude.
Egia esan, oso pozik nago gailuak funtzionatzen duelako eta dagoeneko hainbat ospitaletan erabiltzen ari direlako. Medikuei laguntzen die gaixoen diagnostikoak azkarrago, merkeago eta biopsiarik gabe egiten.
Maila goreneko ikerketa zientifikoaz gainera, boluntario jarduerei ere eskaintzen diezu denbora. Zein neurritan uztartu daitezke biak? Profesionalei, edozein interes arlotakoak izanik, gomendatuko al zenieke boluntario lanetan aritzea? Zergatik?
Beti atera daiteke denbora tarte bat nonbaitetik. Erakunde askotan lagundu daiteke aste buruetan edo oporretako garai jakinetan. Horixe egin nuen nik: Alemanian izan nintzen, monasterio bat eraberritzen, HelpX erakundearekin. Enpresa askok antolatzen dituzte boluntario jarduerak eta lanaren egunerokoarekin uztartzeko aukera ematen dute. Esate baterako, orain lan egiten dudan enpresan Madrilgo metroan zehar ginkanak antolatu dira Down sindromea duten pertsonekin. Zalantzarik gabe, gomendatuko nuke horrelako jardueretan parte hartzea, beste pertsona batzuei laguntzen diezulako eta ez dutelako hainbesteko ahaleginik eskatzen.
Zer gomendatuko zenieke ikerketaren esparrura hurbildu nahi duten Deustuko Unibertsitateko Alumniei?
Nire iritziz, ikerketan aritzeko, landu nahi den ikerrildoaren aurrean bokazioa eta motibazioa behar da, batez ere batzuetan pazientzia handia behar delako proiektua nahi bezain azkar ez badoa edo finantzaketa nahikorik ez badu. Gomendatuko nieke ongi bilatzeko eta pentsatzeko zein gairen inguruan ikertu nahi duten, gai horiek etorkizunari begira nolako proiekzioa duten, zenbateko finantzaketa jaso ahal izango duten… Halaber, informazioa bilatu behar da doktorego bat egin nahi badute ikasi beharko dituzten irakasgaien edo gaien inguruan.
Onena opa dizugu zure etorkizun oparo horretarako. Baina, bukatu aurretik, zer gustatuko litzaizuke partekatzea gurekin Deustun ikasle eta ikertzaile izan zaren urte hauetatik?
Oso esperientzia ona izan da. Barre gehien Enpresen Zuzendaritzako eskoletan egiten genuen, Alex Rayón Jérez irakaslearekin. Primeran pasatzen genuen, Alexek beti lortzen baitzuen landu behar genituen gaiak ikasle bakoitzaren jatorrizko hirietako pasadizoekin lotzea eta toki bakoitzean bizi izan zituen abenturak kontatzen zizkigun. Eskolak oso motzak egiten zitzaizkigun eta gaiak erraz ikastea lortzen genuen horrela.