Skip to main content

Andoni Martínez Barañano

Nire iritziz, garrantzitsuena da emozioa eta arrazoibidea orekatzea lanean eta bizitzan egiten duzun guztian. Egiten duzuna gustatzea ezinbestekoa da. Egiten duzuna gustuko baduzu eta horretatik bizi bazaitezke benetako dohaina eta oparia da. Bestela, nekez iritsiko zara profesional ona izatera ezertan.

Zuzenbideko ikasketak amaitu ondoren, bost urte eman dituzu zure unibertsitate tituluarekin lotutako lanetan, harik eta jauzi egin eta profesionalki zure bokazioari ekin diozun arte. Noiz konturatu zara bel canto dela zure pasioa? Urrats hori egitea arrisku gisa sumatu duzu?

Abokatuen Elkargoko koruan abesten hasi nintzen abokatutza hasi nuenetik. Orduan koruko zuzendari zen Itsasok gomendatuta, Herri Antzokian La Hija del Regimiento operan abesten zuen EHUko abesbatzan lehenengo tenore bezala aritzeko aukera izan nuen. Une hartatik liluratuta geratu nintzen bel cantoarekin, eta Arriagako oholtza gainean ikusten nituen “handi” haiek bezala kantatzen ikasi nahi nuen. Bi hilabete geroago, ABAOko koruan sartu nintzen. Urte asko eman nituen han. Abokatutza jarduera eta ABAOko kantu amateurra eta nire kontura egiten nituen kantu ikasketa partikularrak bateragarri egiten jarraitu nuen.Aldi horretan, koruan egon nintzen denboraldietan papertxoren bat egiteko aukera izan nuen. 2000. urtean, garai hartan Florentziako Operako Koruko zuzendari zen José Luis Bassok, gaur egun Parisko Operako korua zuzentzen duenak, bira txiki bat egin zuen Espainian zehar, Florentziako Operan abesteko interesa izan zezaketen tenoreen entzunaldi selektiboak eginez. Berarekin egin nuen entzunaldia Euskalduna jauregian, eta kontratua eskaini zidan berehala. Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea, baina azkenean Florentziara joatea erabaki nuen, eta lirikan erabat murgiltzea.

Florentziako Teatro Comunale abesbatzaren parte zara bi urtez. 2000. urteaz geroztik, zure proiektu profesionalen helburua da opera eta zarzuela familiei, haurrei eta adinekoei hurbiltzea. Antzoki, auditorium, kultur etxe, ikastetxe eta egoitzetan ere ibili zara. Esperientzia interesgarri horiei buruzko xehetasun gehiago emango dizkiguzu?

Koroan sartu nintzen eta bi urte zoragarri bizi izan nituen Florentzian. Profesional handiak ezagutu nituen, eta garai hartako lagunak ditut oraindik. Ia betiko gera nintekeen han kantuan, baina argi neukan niretzat ikasteko aldi bat zela, eta Operako bakarlari gisa aritu nahi nuen bete-betean. Lirikaren mundua, eta are gehiago Espainian, gogorra da, eta ez da hain erraza horretatik bizitzea; beraz, beste moduren bateko diru sarrerak sortu behar dituzu. Hutsune kultural handia ikusi nuen haurrentzako eta/edo familientzako opera eskaintzan, eta orduan animatu nintzen neure opera konpainia sortzen: Opera Divertimento. Garai hartatik lan biak bateragarri egiten saiatzen naiz, tenore bakarlari eta konpainiako zuzendari lana. Espainiako eszenatoki handi guztietan jarduteko zortea izan dut, bakarlari gisa, bai konpainiako kide gisa. Nabarmendu nahi dut Opera Divertimentok Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartu duela, adibidez. Edo denboraldi egonkorrean bost urte baino gehiago daramatzala Madrilgo Arte Ederren Antzokian, hainbat izenbururekin. 2015etik, Opera Divertimentok beste jarduera ildo bat ireki du lirika publiko guztiei hurbiltzeko asmoarekin. Hezkuntza proiektu lirikoa deritzona sortu du, eta garai honetan Espainiako geografiako mila ikastetxe baino gehiago bisitatu ditu, operaren mundua ezagutzeko hainbat ikuskizunekin. Duela pare bat urtetik hona, halaber, egoitzetara joatea erabaki dugu, Zarzuelako eta Operako gaiak gure nagusiei kantatzera, euren bizitzako soinu banda baitira. Noizean behin, kontzertuak egiten ditugu Espainia osoko hainbat egoitzatan, eta arrakastatsuak izaten dira. Gustua ematen du ikusteak nola musikak emozioekin bat egiten duen, eta nola gaitasun kognitibo oso mugatuak dituzten adineko askok abesten zaizkien gaiekin gozatzen duten, txalo egiten duten eta, abesti asko kantatzen ere ahalegintzen diren.

Azken bi hilabeteotan, pertsona askok – gehienok – etxean egon behar izan dugu, 56 pieza interpretatu dituzu, zarzuela, opera, boleroa, abesti espainiarra, italiarra, mariatxia eta abar tartekatuz, agertoki berezi batetik: zure balkoitik. Nola bururatu zitzaizun? Zer esan dezakezu zure auzokideen erreakzioez?

Konfinamenduaren hasieran, lehen egunetan, osasun-langileei 20:00etan eskainitako txaloak, Algortan, ni bizi naizen inguruan, “motelak” zirela iruditzen zitzaidan. Logikoa da kontuan izanik egoera berria dela eta hemen iparraldean ez garela asko gure sentimenduak argi eta garbi adieraztekoak. Pentsatu nuen nire etxeko balkoian garrasi pare bat eginda, beharbada, beste bizilagun batzuk ere balkoira irten eta eguneroko omenaldi horrekin bat egiten hasiko zirela.Eta horrela izan zen. Nire balkoitik abestu nuen lehen pieza O sole mio ospetsua izan zen, eta herritar ugari atera ziren entzutera abesten ari nintzen bitartean. Emanaldiaren ondoren, txalo zaparrada entzutean, han bildutakoei esan nien konfinamenduak irauten zuen egun guztietan abesti desberdin bat abestera irteteko konpromisoa hartzen nuela. Eta horrela egin nuen. Egunero ateratzen ginen txalo egitera 20:00etan, eta txaloen ondoren, Opera, Zarzuela edo Boleroa edo mariatxien abestiak eta abar interpretatzen nituen, publiko handiaren gustukoa izan zitekeena eta, jakina, modu lirikoan abestu zitekeen oro. Lehen emanaldi horiek sare sozialetan partekatzea ere erabaki nuen, eta han bai, eragina izugarria izan zen. Sareetan bistaratze asko lortu zituen, eta hainbat komunikabidek ekimen horren berri eman zuten.

Esperientzia horren harira, beste proiektu bat kaleratu duzu: Nire balkoitik zure bihotzera. Hitz egingo diguzu berari buruz?

Ekimen horren “arrakastak” bultzatuta, beste urrats bat egitea erabaki nuen: CD solidario bat grabatzea, egun hauetan interpretatzen joan naizenetatik gehien gustatu zaizkidan gaiak hartuta.

Biltzen diren funtsen onuradun bakarra Caritas izango da, COVID-19aren krisiaren inpaktuaren ondorioz gizarte bazterketako egoeran dauden emakumeen alde lan egiteko. Bildutako zenbatekotik deskontatu egingo da bakarrik kausan ekarpenak egin dituztenen artean CDaren 500 unitate ekoizteko eta bidaltzeko erabiltzen den diru kopurua.  Caritasen lanari bakoitzak egindako ekarpenekin eman dakiokeen babesaz gain, CD hau, Ekarpen indibidual minimo baten ordainetan jasoko litzatekeena, bizitzea tokatu zaigun garai ziurgabe bateko oroitzapen polita izan liteke. Izan ere oso sentikor gaude eta musikak bildu, areagotu eta eder bihurtzen ditu gure sentimenduak. Elkartasun ekimen honetan lagundu eta CDa jaso nahi dutenek www.desdemibalconatucorazon.com webgunean dute informazio guztia.

Gainera, duela aste batzuk, Facebookera igotako emanaldi guztiak YouTubeko kanal berri batean bildu nituen, “Desde mi balcón a tu corazón” izenekoan, nahi dutenek berriro entzuteko eta une horiek berriz bizitzeko.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasleei euren lanbidean uko egin ez diezaioten bokazioari eta gizartearekiko konpromisoari?

Batez ere, zintzoak izan daitezela bihotzak agintzen dienarekin. Goi mailako karrera batean trebatzea, Zuzenbideko karreran nire kasuan, oso baliagarria izan zait burua “janzteko”. Oso oinarri ona da egin beharko duzun edozein bizi proiektu eraikitzeko. Oso gazteak ginela hasi genuen karrera, eta bizitzaren eta, oro har, geure buruaren ezagutza eskasa genuela. Gerta liteke ikasi duzunari ekitea etorkizunean, baina esperientziak esaten digu askotan beste bide bat hartzen dugula, denborak aurrera egin ahala hobeto ezagutzen dugulako geure burua, bizi-baldintzak aldatzen direlako eta gerta liteke aukera profesional egokiagoak aurkitzea. Nire ustez, funtsezkoa da emozioa eta arrazoia orekatzea zure lanean eta bizitzan egiten duzun guztian. Egiten duzuna gustatzea ezinbestekoa da. Egiten duzuna maite baduzu eta horretatik bizi bazaitezke, benetako dohaina eta oparia da. Bestela nekez iritsiko zara profesional ona izatera ezertan. Izan zintzoa zure emozioekin, baina praktikotasun parametroak erabiliz. Ez dago berezkorik.

Eskerrik asko eskaini diguzun denboragatik. Azken galdera: Deustuko ikasle zineneko oroitzapenik partekatu nahi duzu gurekin?

Zein ondo pasatzen nuen pezeretan ikasten. Ez ikasten bakarrik, baizik eta han sortzen genuen giroagatik… Eta garai hartan egindako lagun onak oraindik ere baditut eta espero dut bizitza osorako izatea.