Laura Somoano Barrionuevo

Gizarte Lana. Prom.: 16

Lehenengoa eta garrantzitsuena da bokazioa lanbide bihurtu behar dela ulertzea. Horretarako, ezinbestekoa da hausnarketa pertsonaleko ariketa egitea. Nora heldu

Gizarte Lanarekiko jakin-mina unibertsitateko ikasketak hasi baino askoz arinago izan zeuen. Noiz eta zelan konturatu zinen hori zela zure bokazioa?

Uste dut nire hezkuntzak funtsezko papera izan duela gizarte langile bokazioaren garapenean. Txikitatik jabetu naiz zelako garrantzia duen egoera ahulean dauden taldeen defentsa egiteak eta ikusi dut nire inguruan Giza Eskubideekiko errespetu sakona egon dela, halako taldeetan zeuden pertsonekiko enpatian oinarrituta.

Batxilergoko bigarren mailan, institutuan ematen zizkiguten solasaldi horietako batean, lortu nuen benetan gogoko nuen horri itxura ematea Bat-batean, entzun nuen bazegoela lanbide bat, eta haren definizioa erabat bat zetorrela nire desio eta asmoekin. Uzten badidazue, 2014ko Gizarte Langileen Nazioarteko Federazioaren definizioaren berri eman nahi nuke hitzez hitz:

“Gizarte Lana praktikan oinarritutako lanbide bat da, baita aldaketa eta gizarte garapena, gizarte kohesioa, pertsonen askapena eta berrindartzea sustatzen dituen diziplina akademiko bat ere. Justizia soziala, giza eskubideak, erantzukizun kolektiboa, aniztasunarekiko errespetua funtsezkoak dira gizarte lanerako. Gizarte Laneko, gizarte zientzietako, giza zientzietako eta tokian tokiko ezagutzen teoriek bermaturik, gizarte lanak pertsonak eta egiturak tartean sartzen ditu, bizitzako erronkei aurre egin eta ongizatea hobetzeko”. (FITS, 2014)

Unibertsitateko ikasketen aurretik, ikasketetan zehar eta haiek amaituta, prestakuntza arautua curriculumaz kanpoko programekin osatzen duzu:  2019an, Human Rigths: the right of refugees (Amnistia Internazionala) eta Prevención de la islamofobia y la discriminación por motivos religiosos (La Merced Migraciones Fundazioa). 2018an, La trata de niños/as y adolescentes con fines de explotación sexual: la atención integral a las víctimas (Osasun, Kontsumo eta Ongizate Ministerioa). 2013an, Cooperación Internacional: acercándonos al Sur (ALBOAN) eta Aisialdiko eta Denbora Libreko monitorea (La Quintana Elkartea. Denbora libreko monitoreen eskola). Zer ekarri dizu prestakuntza osagarri horrek? Zein puntutaraino da nahitaezkoa prestakuntza hori?

Gizarte lana gizartearekin batera doan lanbide bat da eta, gizarteak etengabeko aldaketan murgilduta daudenez, gizarte lanean dihardugunok aldaketa horren berri izan behar dugu, ikasi eta erantzuna emateko. Eta horretarako, ezinbestekoa da etengabeko prestakuntza.

Nire kasuan, prestakuntza osagarria laguntza handia izan da lanerako. Talde batekin lanean badihardut, talde horren beharrizanak hobeto antzematen lagundu dit eta errealitateari erantzun egokiagoa emateko aukera izan dut. Gainera, uste dut edozein prestakuntzaren balio erantsia sektoreko profesional gehiago ezagutu ahal izatea dela.

2017tik CEAR Sevillan lan egiten duzu. Zure esperientzia kontuan izanda, zeintzuk dira nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen harrera eta arretako sistemaren alde ahulak eta sendoak?

Lehenengo eta behin, esan behar dut programa hori ez duela benetan jendeak ezagutzen. Hori dela eta, labur-labur azalduko dut elkarrizketa honetan, garrantzitsua da horri zabalkundea ematea eta.

Urriaren 30eko 12/2009 Legeari loturik sortu zen programa hau, asilo eskubidea eta babes subsidiarioa arautzeko. Nazioarteko babes eskaera egiten dutenei gizarte eta harrera zerbitzuetara jotzeko eskubidea aitortzen die legeak, haien oinarrizko beharrak duintasunez betetzen direla ziurtatzeko, baldin eta baliabide ekonomikorik eduki ezik. Era berean, prestazio horiek errefuxiatu estatutua aitortu edo babes subsidiarioa aitortu zaienei zabaltzea aurreikusten du, horrela egitea eskatzen duten egoera berezietan.Horretarako, estatu mailako harrera sare bat sortu du estatuak:

  1. Errefuxiatuentzako abegi etxeak, Integrazio eta Arreta Humanitarioko Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak dira, nazioarteko babesa eskatu eta horren onuradun direnentzat, Espainian apatrida estatutua eskatu eta horren arduradun direnentzat,
  2. Harrerako beste dispositibo batzuk, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak diruz lagunduak eta irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatuak dira, (CEAR halakoa da) pertsona talde hori artatzeko sortua.
  3. Harrera neurriak errazteko eta onuradunak autonomiarako prestatzeko beharrezko proiektu eta baliabide osagarriak daude, pertsona horiek inguru berrian moldatu ahal izateko eta lanpostuak izan eta harrerako gizartean integratzeko, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak diruz lagunduta.

Harrera sistemaren helburu nagusia onuradunen autonomia pixkanaka erraztea da.

Nazioarteko babeseko harrera sistema autonomiarako prestatzeko ibilbideen bidez egiten da. Helburua hau da: jasotzaileek pixkanaka autonomia handiagoa lortzea eta gizarteratzea eta laneratzea harrerako gizartean. Programak laguntza ekonomiko eta sozialak ematen ditu 18 hilabetetan (24 hilabetetan, kalteberatasun kasurik berezienetan) eta 6 hileko faseetan dago banatuta. Programaren lehenengo fasean, parte hartzaileak harrera ematen dien erakundeak kudeatutako etxe batean egoten dira. Bigarren fasean, etxebizitza bat alokatu behar dute, harrerako gizartean autonomia eta gizarteratzea sustatzeko. Aldi horretan, diziplina ugariko talde batek (abokatuak, psikologoak, laneko orientazioko teknikariak, gizarte langileak, hizkuntza teknikariak) gizarteratzeko banakako plan bat prestatzen dute onuradunekin batera.

Uste dut programaren alderik ahulena agerikoa dela, arazo lazgarria izan baita. Hedabideetan ikusi ahal izan dugu bitarteko horien kolapsoa. Alde horretatik, CEARek urteak daramatza egungo harrera sistemaren gabeziak salatzen, bai Espainian eta bai Europan.Urrunago joan barik, 2019ko azaroaren 26an, CEARek ekintza plan integrala eskatu zuen, Gobernu zentralak autonomia erkidegoekin eta udalekin batera koordinatuta, nazioarteko babes sistemaren kolapsoari irtenbidea emateko eta egoerei erantzun egokia emateko, batez ere, une honetan kalean bizi diren ehunka pertsonaren sufrimendu egoera konpontzeko.

Dena den, programa hori oinarrizko elementua da nazioarteko babes eskatzaile edo onuradunentzat eta harrerako gizartearentzat.Izan ere gizarteratze prozesua norabide biko moldaketa eta aberaste prozesua da. Ezin dugu pentsatu gizarteratzea pertsonen autonomia edo laneratzea dela soil-soilik. Inklusioak pertsonen partaidetza osoa dakar, gizarte bizitzako espazio guztietan: lanean, onura eta zerbitzuetan, partaidetza eta erabaki politikoen espazioan, gizarte babeseko sisteman, baita harreman sozio-familiar eta komunitarioetan ere. 

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei bokazioa lanbide biurtzeaz? 

Lehenengoa eta garrantzitsuena da bokazioa lanbide bihurtu behar dela ulertzea. Horretarako, ezinbestekoa da hausnarketa pertsonaleko ariketa egitea. Nora heldu nahi den pentsatu behar da, norberaren alde ahulak aztertu eta landu behar dira.

Horrekin batera, oraindik bokaziorik aurkitu ez dutenei ere mezu bat bidali nahi diet. Uste dut ez dela erraza gure bokazioa aurkitzea, ezta lanbide bat ere, bokazioa gauzatzeko. Azken horientzako mezua hau da: ikasi, bidaiatu eta jarraitu (zeure burua) aztertzen.

Eskerrik asko zure denbora eta esperientziagatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitatean emandako urteez?

Maitasunez gogoratzen dut Irundik Unibertsitaterako bidea. Lehenengo urteetan, “topoa” hartzen genuen guztiok “bidaiako” ordu asko partekatu ditugu, inpresioak, urduritasuna, poza eta nekea.

Uste dut zorte handia izan nuela etorkizunean lanbide izango genuenean benetan konprometituak ziren pertsonak klaseko lagun izateagatik. Horrek aberastu egin nau pertsona eta profesional gisa.

Elkarrizketa amaitu aurretik, unibertsitateko tokiak aipatu behar ditut. Ez ditut sekula ahaztuko, “bunkerra” esaterako, elkarrekin bazkaltzen genuen tokia; liburutegia eta gure eraikinaren ondoko espazio txikia. Ordu pila bat ematen genuen han, Javi ikaskideak ekarri eta pazientziaz erabiltzen erakusten zizkigun malabarismoekin.

Partekatu ezazu