Borja Lopetegui

Komunikazioa. Prom. 16

… egunak 24 ordu ditu denontzat. Ikasi, lan egin, hizkuntzak ikasi… denetarako dago astia. Kontua da erabakiak hartzea eta eskuartean egunero proiektuak izatea.


Lanbidean ibilbide profesional arina izan duzu, ia Komunikazioko Graduarekin batera hasi zinen, curriculum potoloa duzu eta zazpi hizkuntza dakizkizu. Zorionak! Zelan lortu duzu dena egiteko adina denbora izatea eta, itxuraz, arrakastatsu? Zein da zure sekretua?

Egia esan, ez naiz jabetu zenbat mugitu naizen orain dela gutxira arte. Azken lan elkarrizketetan, CVa irakurtzen zidaten eta hamar urte gehiago botatzen zizkidaten. (barre algarak). Nire kasuan, beti nahi izan dut eskatzen zizkidatena baino bi urrats aurrerago joan, eskatu baino lehenago gauzak egin. Hori esparru profesionalean ere aplikatzen da: karrera ikasten nenbilela, argi nuen unibertsitatetik irten eta lan merkatuan indartsu sartu nahi nuela. Horrek lana ekarri zidan, praktikak, milaka ordu hizkuntzak ikasten edo onlineko ospea kudeatzen.

Denboraren inguruko galdera horrek masterreko ikaskide bat gogorarazten dit. Hau esaten zidan: ”Zuk duzun denbora eduki nahi nuke, mila proiektu batera egiteko, Borja!” Nik irribarre egiten nion eta gogoratzen nuen egunak hogeita lau ordu dituela denontzat.Ikasi, lan egin, hizkuntzak ikasi… denetarako dago astia. Kontua da erabakiak hartzea eta eskuartean proiektuak izatea egunero.

Ekintza esanguratsuek emozioa sentiarazten dizute baita etengabe erronkei erantzuteak ere. Gainera, oso intuitiboa ematen duzu…Esango zenizkiguke pare bat esperientzia positibo eta ezaugarri duzun proaktibotasun horren fruitu diren beste bi adibide?

Burura datorkidan “hala holako” lehenengo anekdota Dubain enpresa teknologiko baterako egin nuen aurkezpen batekin du zerikusia: benetako muturretakoa izan zen niretzat. Ez nuen ingurua ezagutzen, entzuleak oso zorrotzak ziren, urduritasunak dantzan nengoen… baina hurrengo egunean berriro ere segurantza handiz itzuli nintzen eta lehenengoz gauzatu zen Arabiar Emirerri Batuekin lankidetza. Hain geratu nintzen pozik! Gogoan dut zein urduri jartzen nintzen bezero bati lehenengoz produktu bat saldu behar nionean. Zorionez, asko hobetu dot komertzial lanean harrezkero.

Esperientzia positiboei dagokienez, ez dut inoiz ahaztuko Televisión Españolara heldu nintzenekoa. Kasualitatez, Bouziane Ahmed Khodja nazioarteko kazetari ospetsuaren eta programaren zuzendariaren kontaktua lortu nuen. Azkenean programa horretan lan egin nuen. Posta elektroniko bat bidali nuen, segundo bat ere ez ziotela eskainiko pentsatuta. Hala ere, ordubete geroago Bouzianek berak dei egin zidan grabazio estudiora joateko eta interes handia erakutsi zuen ordura arte eginak nituen kazetaritzako ikerketen inguruan. Bikain tratatu ninduen beti eta konfiantza izan zuen telebistan komunikatzeko nuen gaitasunean eta asko gozatu genuen biok. Eta azkenik, egoki eta zuzen da Ser irrati-katerako Donostiatik Ángels Barcelók egin zuen programako gertakizuna gogoratzea, ETAk behin betiko su etena iragarri zuenean.. Zuzenean eztabaidan genbiltzan bitartean etorri zitzaidan burura benetan merezi izan zuela nire aldetik onena eman izana eta prestatzen aritu izana, programa hura bezalako bat egiteko aukera izateagatik. Izan ere, une historikoa izan zen.

Komunikazioko Gradua egiten ari zinela, sei proiektu profesional desberdinetan lan egin zenuen: harreman publikoetatik hasi eta merkatu analisietara. Zelan lortu zenuen une horietan bi karrerak, unibertsitatekoa eta lanekoa, bateratzea? 

Sekula ez nuen hautu moduan ikusi, nire helburua lortzeko bitarteko baino. Nire helmuga hau zen: unibertsitatetik irten eta enpresei galdu nahi izango ez zuten profil profesionala eskaintzea. Horretarako, komunikazioaren arloko era askotako lanak probatu nituen:Marketina, harreman publikoak, hedabideak, etab. Uste dut funtsezkoa izan zela adi egotea, zer aukera zetorkidan kontuan hartzeko:adibidez, ustekabean Londreseko Merkataritza Eskolako zuzendari bat ezagutu nuen Donostiatik Irunerako trenean. Ez nion aukerari ihes egiten utzi nahi izan eta zuzenean eskatu nion kontratatzeko. Ilusioz beterik ikusi ninduen eta hain adoretsu esan nion, onartu egin zuen.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Alumniei lanbideko karrera garatzea lortzeko eta prozesu horretan gozatzeko?

Lehenengo eta behin, lanari ekiteko eta lehenengo mailatik enplegu bat lortzeko. Hori da entrenatzeko bide bakarra eta trebetasunak lantzekoa; horrela lortuko dute lehen mailako profesionalen artean kokatzea.

Bigarren, gozatzeko Deustuko Unibertsitateak ikasleen eskura jartzen dituen baliabide eta materialekin era aktiboan: klaseak, lan praktikoak, hitzaldiak, topaketak Erasmus ikasleekin, boluntariotza, etab. Ezagutza horrek guztiak gehitu eta gehitu baino ez du egiten.

Hirugarren, oso gogor lan egitera animatuko nituzke nazioarteko profila lortzeko. Gaur egun, ingelesa ondo jakitea oinarrizko baldintza da lan merkatu globalizatuan moldatzeko. Kontua da erakustea eguneroko zereginak (jendaurrean aurkezpenak egitea, telefonoz hitz egitea edo txostenak ingelesez erraztasunez idaztea) egiteko gai garela. Ez dezatela ahaztu mundu osoko langile koalifikatuekin lehiatuko direla, emigratzen ohituta daudenekin eta eleanitzak direnekin. Listoia oso altu dago eta hizkuntzak hitz egitea kualitate zigilua da, besteen artean nabarmenduko dituena.

Amaitzeko, Deustuko Unibertsitateko ikasketetara itzulita, zelako oroitzapenak dituzu urte haiei buruz?

Hainbeste ditut! Maitasun handiz gogoratzen ditut laugarren mailako lanerako orientazioko tailerrak, masa hedabideen inguruan egin genuen talde-lan bat eta notarik onena lortzean egin nituen bozkariozko algarak, Erasmusa Holandan aprobatzeko tentsioa, oratoriako klaseen intentsitatea… Nire ustez, lan egitea ikastea baino atsegingarriagoa da, baina Deustuko Unibertsitateko garaia gogoratzeko modukoa da.

Partekatu ezazu