Skip to main content

Hezkuntza eta Barne ministroak, Deustuko ikasle ohiak, ohorezko gonbidatuak Deusto Alumniren Madrileko lehenengo topaketan

Ekitaldira etorri ziren Garrigueseko presidentea, Antonio Garrigues Walker; Luis Atienza ministro ohia; José Manuel García-Margallo, Kanpo arazoetarako ministro ohia; María Eugenia Iparraguirre, EAJko senadore; baita Facebook, BBVA edo PricewaterhouseCoopers enpresetako goi mailako kargudunak ere, denak Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak.

Entrevista Madrid

Isabel Celaá Hezkuntza ministroa eta Gobernuko bozeramailea eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa jatorrizko unibertsitatera itzuli ziren eta Deustuko Unibertsitateko NOW Alumni topaketan parte hartu zuten, biek ala biek ikasi baitzuten Deustun. Jesús Riaño Deusto Alumniko zuzendariaren ongietorriko hitzen ondoren, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek eman zion hasiera ekitaldiari. Ministroak aurkezteaz Deustuko Zuzenbide Fakultateko dekano Gema Tomás eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekano Eduardo Ruiz Vieytez arduratu ziren.

Ondoren, Iñaki Ortega mintzatu zen, Madrileko egoitzako zuzendaria. Aparteko bi gonbidatuak aipatu zituen: “bi profesional libre, trebe, arduratsu eta zerbitzuko bokazioa dutenak”, Espainiako Gobernuko ministro izateaz gain, “gaur Alumni dira guretzat eta eurekin solasaldi bat izango dugu”, Alumnik Madrilen antolatzen duen lehenengo ekitaldian.

Gobernuaren bozeramaile eta Hezkuntza ministroak eta Barne ministroak gogoratu zuten zelakoak izan ziren Deustuko ikasle gisa eman zituzten lehen urratsak. Zelakoa izan zen Unibertsitatera heltzea, zer aldaketa ekarri zuen euren bizitzan, euren ibilbidean mugarri izango zen bide berria urratzeak ekarri zuen lilura. Horiek eta beste batzuk izan ziren haien esperientzia partekatuak, lasai, patxadaz eta hurbiltasunez eginak, ekitaldian zeuden gainerako ikasle ohien ondoan.

“Jakintza sortzeko ikaragarrizko bokazioz sartu nintzen, ezagutzaren eta kulturaren bitartez, oztopo guztiak gaindituko genituelakoan”, adierazi zuen Celaák. Grande-Marlaskaren aburuz, “bigarren urtea erabakigarria izan zen, nire benetako bokazioa zein zen konturatu nintzen eta”, José María Lidón legelari eta katedradunaren eta José Ricardo Palacios zigor arloko irakaslearen eraginak markatuta.

Gobernuko bi kideak azpimarratu zuten urte haietan izan zirela “batek sekula ahaztuko ez dituen irakaskuntzak”. Grande-Marlarkak nabarmendu zuen prestakuntza akademikoan zehar ikasitakoaren garrantzia: “azken egunera arte ikasten da, azken unera arte. Bost urte horiek erakutsi zidaten zein garrantzizkoa den ahalegina jakintzara heltzeko; ez da berezko helburua, bitartekoa da, era guztietako gatazkak konpontzeko balio du, eta zuzenbideak osagarri gisa laguntzen dio gauzak ulertzeko era horri”. Izan ere, “ezagutzaren iturriak garrantzizkoak dira haietatik elikatzeko, baina azken produktua gu geu izan behar gara”.

Garai hartako unibertsitatetik gaur egungo Espainiara

Grande-Marlaskaren esanetan, “egungo Bilbo arkitektonikoa bat dator bertako pertsonekin”, baina urrun dago bere unibertsitateko garaietakoarekin, batez ere, ”ETA garaitu dugulako. Garai hartan egunero zegoen presente, ekintzaren bat egiteagagtik edo ez egiteagatik”. Egungo Barne ministroak azpimarratu zuenez, gaur egun, “zorionez, ez gara horretaz gogoratzen”, eta nabarmendu zuen “denon ardurapekoak diren balio horiek bizi ditugula, antzematen ditugula eta era inkontzientean partekatzen ditugula. Hori arriskutsua izan daiteke, gauza asko eginitzat ematen baititugu”.

Celaáren esperientzia unibertsitateko kideak deskribatu zuenaren antzekoa izan zen: “terrorismoa desagertzeaz ari gara hitz egiten hemen”. Garai haietan “bizimodua zaila zen”; orain, ordea, “Norman Fosterren edo Frank Gehryren Bilbon bizi gara”.

Berritu edo hil

Bizitza gero eta luzeagoa den inguru sozio-ekonomikoari dagokionez, gogoratu zen ez dirudiela egokia pentsatzea profesionalak bertan gozo geratu daitezkeenik euren ezagutzekin, aurrera egin nahi bada. Ezagutzak eguneratzea, etengabeko prestakuntza edo eskolara itzultzea bezalako kontzeptuak, moda bat barik, benetako beharrizan gisa agertzen zaizkigu.

Entrevista Madrid

Alde horretatik, Grande-Marlaskak etengabeko prestakuntza “ezinbestekoa” eta “saihestezina” zela defendatu zuen. Bere kasuan, karrera judizialaren “betebehar” da “etengabeko prestakuntza” mantentzea, behar-beharrezkoa baita “bermedun zerbitzu publikoa emateko”, are gehiago “epaileen independentzia eta inpartzialtasuna mantentzeko prestakuntza beharrezko denean”.