Skip to main content

Izan ere, Unibertsitatea eta administrazio publikoa elkarri lotuta egon behar dira. Administrazioek unibertsitateko ezagutzaz elikatu behar dute eta unibertsitateek txertaturik dauden gizartearen zerbitzura loturik egon behar dute. Gizarte konplexuak gara eta elkarren beharra dugu aurrera egiteko, hobetzeko eta ezagutzak kudeaketan txertatzeko, baina unibertsitateak ere kokatuta dagoen lurrean izan behar ditu oinak bermatuta. Elkarren beharra dugu.

Orain Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko foru diputatua zara, baina unibertsitate honekin zerikusi handia duzu.

Bai horixe!. Hau nire etxea da. Nire bi bokazio handiak irakaskuntza eta politika izan dira. Esan nezake nire bizitzako momentu profesionalik onenak irakasle izan nintzenean bizi izan ditudala. Deustuko Unibertsitate hau nire etxea da, dudarik gabe.

Ikaslea eta irakaslea ere izan zara.

Bai, bai. 18 urterekin hasi nuen nire ikasle bizitza Deustun, gero bekadun, eta geroago ikertzaile eta irakasle. Kudeaketari ere eskaini nion denbora, Droga-menpekotasunen Deustuko institutuan eta masterrean eta unibertsitatearen beraren kudeaketa prozesu eta programa askotan parte hartzen. Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatean hasi nintzen eta Droga-menpekotasunen Institutuko ikerketarekin uztartzen nuen; baina fakultatea desagertu zenean, Psikologia eta Hezkuntza Fakultatera joan nintzen eta ordutik aurrera Droga-menpekotasunen Institutura bete-betean. Egia esan, historia luzea eta lotura estuak ditut unibertsitatean. Bete ditudan hainbat funtziori esker, lankideekin sare ugari ditut ehunduta eta arimaren zati handi bat unibertsitate honetan izatea ahalbidetu dit.

Eta zure beste bokazioa politika dela esan duzu.

Bai, irakaskuntzatik aldi baterako atera nintzakeen gauza bakarra da. Zerbitzu publikoan sinesten dut eta uste sendoa dut ona dela pertsona guztiek, batez ere ekarpena egiteko modua dutenek, denbora tarte bat ematea kudeaketaren ardura publikoan. Gaitasun asko lortzen dira eta ikusmoldeak zabaltzen dira, gizarteak ematen diguna gizarteari itzultzeaz gain. Bere garaian, legebiltzarkide sozialista izan nintzen, une politiko zirraragarri batean, ETAren behin betiko desagerpenean, hain zuzen. Orain kudeaketa politikoan nago, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko arduraduna naiz. Beno, horretaz eta Garapenerako Lankidetzaz eta Aniztasunaz. Eremu zabala baina zirraragarria, bizkaitar biztanleriaren bizi kalitatean hobetzeko eta ongizatean laguntzeko. Ohore izugarria da rol hau betetzea, kezkarik ekarri badakar ere, baina nire eginahal eta bihotz guztia jartzen dut horretan.

Askotariko zorroa.

Bai. Astean zehar era askotako gaiak kudeatzen ditut, era askotako lan bilerak egiten ditut eta hori izugarri aberasgarria da. Egunero ikasten dut, baina arlo ezberdinetan parte hartzeak ezagutza hibridatzea eta kudeaketan eta konponbideen bilaketan benetan askotarikoak izatea ahalbidetzen du. Askotan pentsatu dut, uste dut badela hari komun bat: jendea. Herritarren eta, batez ere, beharrizanik gehien eta txarren pasatzen duten pertsonen zerbitzura dagoen Foru Saila da. Oso zorro polita da, egiten dugunak jendearen bizitzan eragin handia duelako eta abian jartzen ari garen proiektuak ezagutzera joan eta zer onura dakarten ikusteko Bizkaia korritzen dugunean, falta zaigunaz jabetu arren, oso pozgarria da.

Diputatu gisa, sarritan etortzen zara Unibertsitatera. Bizkaiko Foru Aldundiarekiko elkarlana nahiko ohikoa da.

Hala da. Izan ere, Unibertsitatea eta administrazio publikoa elkarri lotuta egon behar dira. Administrazioek unibertsitateko ezagutzaz elikatu behar dute eta unibertsitateek txertaturik dauden gizartearen zerbitzura loturik egon behar dute. Gizarte konplexuak gara eta elkarren beharra dugu aurrera egiteko, hobetzeko eta ezagutzak kudeaketan txertatzeko, baina unibertsitateak ere kokatuta dagoen lurrean izan behar ditu oinak bermatuta. Elkarren beharra dugu.

Hona hemen adibide bat:, Deustuk antolatzen duen Enplegu eta Ekintzailetza Foroa. Urtero parte hartzen dugu. Oso baliagarria zaigu gure gazteen enplegu edo autoenplegu programak ezagutzera emateko. Gradua amaitzen dutenei ekintzailetza aukera bat izan daitekeela esateko balio digu eta urtero 1.000 pertsona baino gehiagori laguntzen diegu euren enpresa-proiektua martxan jartzen. Eta entzuteko ere baliagarri zaigu. Gazteekiko zuzeneko harremanean, ideia asko sortzen dira, gerora gure programak hobetzeko balio digutenak.

Zer mezu helarazi diezaiokezu gradua amaitu eta lan merkatura begiratzeko bertigoa sentitzen duenari?

Lehenik eta behin, konfiantza izan dezala, ahal duen neurrian. Asko eta asko egon gara egoera horretan eta bidea aurkitu dugu. Eta, bigarrena, oso garrantzitsua, dena ez dagoela haren menpe. Horri laneragarritasuna esaten zaio: lana aurkitzea pertsonak egiten duenaren baitan dago, curriculuma nola lantzen duen eta zer gaitasun eskuratzen dituen, baina ez bakarrik. Esan nahi dut inguruneak, joera ekonomikoak, enpresen jokabideak ere badutela eragina… Ez zaitez errudun sentitu gauzak espero bezala ateratzen ez badira. Eta, gainera, jakin ezazu erakundeok ere hor gaudela, eskua luzatuta, urrats horiek ematen laguntzeko prest. Eta, azkenik, burua irekia izateko. Ekintzailetza bezalako gaiez ari naiz, enpresa transferentzia barne, erretiroagatik edo beste egoera batzuengatik edo kudeaketarik gabe geratzen den negozio bati erreleboa hartuz ere ekin daitekeelako.

Esan liteke orduan enplegua dela zure kezkarik handiena?

Kezka baino gehiago, nire eginbeharra. Enplegua gizarteratzeko, autonomia pertsonalerako, gizarte bizitza egituratzeko tresna bikaina dela uste dut. Baina, urte batzuetatik hona, enplegagarritasuna eta laneragarritasuna aurreko hamarkadetan baino konplexuago bihurtu dira. Erronka bat da, baina gaitasun handia dugu enplegu politika publiko berriak eta hobeak egiteko. Uste dut enplegu politika aktiboek planteamendu berriak eskatzen dituztela eta horretan ari gara. Nolanahi ere, ez dut inoiz ahaztuko Berdintasuna nire eginkizun politikoan txertatzea. Indarkeria matxistaren aurkako borrokatik hasi eta espazio publiko eta botere guneetan emakumeen presentzia izatera. Urrunago joan gabe, hemen ere lankidetzan gaude Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM programarekin, neskatila eta neska gazteen bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko. Pandemia eta orain gerra izan arren, nire langintza politikoaren iparra da Berdintasuna. Hala esan genuen martxoaren 8aren harira banatu genituen Berdintasunerako Zirgari Sarietan. Berdintasuna ipar hartu.

Eta gainerako eremuak, zer?

Pertsonak eta haien duintasuna, oso antzeko ikuspegia eta printzipio politikoa baita. Bizitza duina izateko eskubidea baldintza berdinetan, garapenerako lankidetzan dihardugun herrialdeetan, Afrikari beste begirada bat emanda. Baina baita pertsona ahulenak ere gogoan hartzea, gizarte-bazterketa egoeretan. Gizarte bazterketan ere ardura handia jartzen dut, ahulenen artean ahulenekin esku hartzeak pertsona moduan eta ideologia eta balioak kontuan harturik mugiarazten bainau.

Eta zer esan besteak bezalakoak ez direlako diskriminazioa sufritzen dutenez, norbaitek normaltzat hartzen duenera egokitzen ez direlako! Duintasuna eta aniztasuna… eta eskubideak.

Azken galdera bat: unibertsitatera itzuliko zara?

Ez dut inoiz unibertsitatea utzi. Nahitaezko eszedentzian nago, baina unibertsitatekoa naiz. Nire irakaskuntzarako bokazioak bere horretan jarraitzen du eta orain ibilbide politiko honekin asko ikasi dut unibertsitateko geletan maisutasun handiz transmititzeko. Fluxu hori aprobetxatzea, nire ustez, berriro ere betebeharra da. Oraindik, baina, diputatu gisa lana dut egiteko. Denbora pasa ahala proiektuak irekitzen ditugu, berritu, aldatu… Legegintzaldi atipiko eta konplexu hau (pandemia, gerra eta bere ondorioak sektore ahulenetan ekarri duena) eta martxan jarri ditugun ekimen guztiak amaitu behar ditut. Baina, badakizu?, diputatu gisa egin dudan laneko egun bakar batean ere ez diot utzi unibertsitateko irakasle sentitzeari.