Skip to main content

Ukrainarrek EBn integratzea eta Europako balioak aukeratu zituzten: giza duintasunaren errespetua, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide estatua eta giza eskubideen errespetua. Hala, ukrainarrek beren posizio zibila baliatu dute eta euren herrialdeak zein bide jarraitu nahi duen adierazi dute: EBn integratzea eta NATOko kide izatea.

Elkarrizketa hau argitaratzen dugunerako europar lurretan burutzen ari den amesgaizto zentzugabe, alferrikako, gupidagabe eta ankerra amaituta egotea espero dugu eta nahi dugu.

Eskerrik asko nirekin harremanetan jartzeagatik. Bai, denok espero dugu amesgaizto hau lehenbailehen amaitzea, nahiz eta denok ulertzen dugun Bigarren Mundu Gerratik izan den mehatxu totalitariorik handienaren aurka borrokatzen ari garela: Putinen erregimenaren aurka. Gaur egun, Ukraina preziorik altuena ordaintzen ari da herrialde demokratikoa eta Europako balioak dituen Europako komunitatearen parte izaten jarraitzeko. Ukrainar guztiok bat egiten dugu gure demokrazia, gure askatasuna, gure giza eskubideak eta gure herria nola garatu nahi dugun aukeratzeko eskubidea defendatzeko. Errusiako tropek ukrainar herriaren erresistentzia heroikoari aurre egiten diote, eta okupatzen saiatzen diren hiri eta herri guztietatik kanporatzen dituzte errusiarrak. Ezusteko handia da errusiarrentzat, inork ez dituelako Ukrainan lorez agurtzen, aitzitik, gorroto handia eragiten dute ukrainar herriarengan: “Rysskiy Mir” (“Errusiar mundua”) errefusa eta erresistentziarik indartsuena eragiten ari da, Ukrainako ekialdean, hegoaldean, erdialdean eta iparraldean. Ukrainarrak traktoreekin kentzen dituzte errusiar tankeak eta errusiar tropei aurre egiten diete. Mariupol, Melitopol, Energodar, Kharkiv, Kherson, Chernihiv eta Sumy-n, herriak protesta egiten du Errusiako okupazioaren aurka, hiltzeko mehatxu hilgarriaren aurrean. Ukrainako hirietako alkateek errusiarren errenditzeko proposamenak baztertzen dituzte (Mariupol, Kharkiv, Sumy). Ukrainako herritarren %93 (martxoaren 18an) sinetsita dago Errusiaren aurkako defentsa gerra hau irabaziko dugula.

Zure doktorego tesia 2005 eta 2011 artean Ukrainan izandako demokraziaren inguruko gogobetetasunaz izan zen. Zein aldaketa azpimarratuko zenituzke garrantzitsuenen artean, 2011tik 2022ra?

Aldaketa handiak. Duintasunaren Iraultza (azaroak 30 – 2014ko otsaila), Maidaneko Iraultza. Ukrainarrek, Euromaidaneko protestetan, herrialdearen eraldaketa, de facto ez ezik, de jure ere ez zutela onartzen erakutsi zuten, ez zirela errusiar kolonia bihurtuko. Ukrainarrek beren eskubide demokratikoak eta zein herrialdetan bizi nahi zuten aukeratzeko eskubidea defendatu zuten, herrialde demokratiko batean!

Ukrainarrek EBn integratzea eta Europako balioak aukeratu zituzten: giza duintasunaren errespetua, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide estatua eta giza eskubideen errespetua. Hala, ukrainarrek beren posizio zibila baliatu dute eta euren herrialdeak zein bide jarraitu nahi duen adierazi dute: EBn sartzea eta NATOko partaide izatea. 2022ko martxoaren 1ean egindako azken inkesten arabera, Ukrainako herritarren % 86k onartzen du EBko kide izatea, eta % 76k NATOrekin bat egitea.

Ukrainarrek Viktor Janukovitx Errusiaren aldeko presidente txotxongiloa eta haren gobernua kendu egin zituzten, Europar Batasunarekin (EB) merkataritza libreko eta elkartze politikorako akordioa ez sinatzeko erabakiari erantzuteko,eta Errusiarekin eta Eurasiako Ekonomia Batasunarekin harreman estuagoen aldeko apustua egiteagatik. Hau munduarentzat mezu argia izan zen: Ukrainar herriak ez zuen Errusiaren mendeko izan nahi edo erregimen totalitario baten menpean bizi.

Gaur egun, Ukraina osoa Putinen aurka borrokatzen ari da, ez estatua bakarrik. Ukrainako indar armatuak izugarri ongi ari dira – errusiar tropen inbasioa geldiaraziz, gaur arte (gerraren 28. eguna) Ukrainako hiri handirik ez baitu etsaiak konkistatu.

2014az geroztik, eta bereziki 2022-02-24az geroztik, zure herrialdeak jazarpen militarra bizi izan du, gaur egun gerra bat, duela urte batzuk Bashar al Assaden armadak Sirian sortutakoarekin edo Polonia anexionatzeko Hitlerrek 1939an egin zuenaren parekoa. Zeintzuk uste duzu izan direla zentzugabekeria horren arrazoi nagusiak 2022an?

2014ko martxoan, Euromaidan protesta mugimenduaren eta ondorengo Duintasunaren Iraultzaren ondotik, Errusiako militanteek Ukrainako Krimea penintsula bereganatu zuten. Horrez gain, Donetsk eta Luhansk ukrainar probintzietan, taldean Donbas izena hartzen dutenetan, Errusiaren babesa zuten talde separatista armatuek gobernuaren eraikinak hartu zituzten lurralde osoan, eta gatazka armatua sortu zen Ukrainako gobernuko indarrekin, Donbaseko gerra izenez ezagutzen dena (2014ko apirilaren 6tik gaur egunera arte). Orain Ukrainaren aurkako erabateko errusiar gerra bihurtu da eta Ukrainako hiri guztiak bonbardatu ditu.

Hortaz, ikusi eta egiazta daitekeen bezala, anexioaren (Krimea – 2014), okupazioaren (Donetsk eta Luhanskeko oblastak) eta Ukrainaren inbasioaren (2022ko otsaila) arrazoi nagusia berdina da: Putinen Errusiako erregimenak ez du nahi Ukraina bere mugetan estatu demokratiko benetan indartsu eta sendo bilakatzea, Ukrainak Errusiarekiko alde nabarmenak dituelako – eskubide demokratikorik gabeko herrialde totalitarioa da Errusia, agintaritzarekin inolako protesta edo desadostasuna adierazteko eskubiderik ez duena eta etengabeko gurtza, menpekotasuna eta obedientzia adierazi behar diotena euren tsar / presidenteari. Putinen erregimena Stalinen berraragiztatzea da. Ikusi besterik ez dago zer egiten ari diren Mariupolen jendearekin. Hau ukrainarren genozidioa da (!). Korridore humanitario guztiak bertan behera uzten dituzte, haurrak bonbardatzen dituzte. Putinen ekintzak izugarriak dira: Ukrainan zibilen aurkako sarraskia eragin du. 2.361 biktima izan dira, horietatik 925 hildakoak —117 ume barne—, eta gainerakoak zaurituak, bonbardaketa eta bonben ondorioz. Azken inkesten arabera, errusiarren %70 inguru (!!) Ukrainako Errusiako gerraren alde daude!

Ez dago Ukrainaren aurkako gerrarako arrazoi legitimorik. Gerra ez zuten ukrainarrek eragin. Putinen asmo totalitarioa baino ez da Sobiet Batasuna berrezartzeko eta boterea gure lurraldean zabaltzeko; izan ere, Kiev gabe Putinek Errusiarako duen ikuspegi inperiala gauzatu ezina baita. Suposatzen dugu Errusiako tropak Ukrainan gelditzen ez badira, hurrengo helburua SESB berpiztea eta NATO Ekialdeko Europatik kanporatzea izango dela. Putin ez da Poloniako mugan geldituko.

Zein ekimen ari dira garatzen Ukrainako Unibertsitate Katolikoan egoera horri unibertsitate ikuspegitik aurre egiteko?

Campusean hainbat ekimen ditugu moralari eusteko: oso arau argiak ditugu gurekin errefuxiatu gisa bizi diren pertsonentzat. Boluntariotzarekin eta gizarte lanarekin konpromisoa hartu behar dute eta gure komunitatearekin bilerak egin behar dituzte. Herrialdetik irtendako ikasleekin harremanetan gaude. Gure Elizan otoitzaldiak ere antolatzen ditugu, eta online ere badaude, jendea batu ahal izateko. Irakasleek arreta psikologikorako zerbitzua sortu dute eta edonor hurbildu daiteke hara.

Gure zuzenbideko ikasleak Hagan, Nazioarteko Justizia Auzitegian, aurkeztuko dituzten froga guztiak biltzen ari dira, eta gogor ari dira lanean horretan. Gure historialariak benetako historia asko biltzen ari dira hori guztia historiako liburuetan islatzeko. Gure ikasleek nazioarteko enpresei dei egiten diete Errusian eta Errusiarekin lan egiteari uzteko.

Campusean egiten ari diren UCUko ikasleen ekimen guztien zerrenda (ikasleen proiektuak eta proiektu akademikoak, ekimen zehatzak, Business School eta Alumni-en proiektuak): https://warinua.ucu.edu.ua/ucu-student-projects/

Horien artean, honako ekimen zehatz hauek daude:

  1. UCUren Zentro Humanitarioa – indar militarrentzako laguntza humanitarioaren bilketa antolatzen duen ikasle taldea.
  2. Militarrentzako janaria prestatzea – Ukrainako militarrentzat janaria prestatzen duen ikasle talde bat.
  3. Patruila – herritarrak babesteko kaleak patruilatzen dituen ikasle taldea.
  4. Errefuxiatuentzako laguntza, Lviv-era iristen diren errefuxiatuei laguntzen dien ikasle taldea. Horrek lo egiteko espazio bat ematea, beharrezko hornigai guztiak, gurasoentzako eta haurrentzako laguntza psikologikoa eta askoz gehiago hartzen du barruan.
  5. Sare militarrak ehuntzea. Ikasle talde batek gure soldaduentzako sare militarrak ehuntzen eta bidaltzen ditu.
  6. Errefuxiatuentzako laguntza. Ikasle talde bat bonben kontrako aterpeetan egonaldi erosoa izateko behar duten guztia eskaintzen saiatzen da.
  7. Indar militarrentzako gutunak. Gure militarrentzako gutunak idazteko eta bidaltzeko prozesua antolatzen duen ikasle talde bat.

Nola lagundu diezaiokete Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiek zure herriari une honetan?

  1. Lagundu Ukrainari* arma, babes ekipo, munizio, erregai eta kontinenteko armadarik handienari aurre egiteko beharrezkoa den guztiarekin (Xehetasunak).
  2. Mundua desputinizatzea: Putinek politikan, diplomazian, negozioetan, kiroletan, kulturan, ikerketan eta beste esparru batzuetan duen eragina suntsitu.
  3. Deia zabaldu mundu akademikoari eta ikertzaileen komunitateari mundu akademikoaren desputinizazioaz. Urte askotan zehar, Errusiako akademikoek mendebaldeko demokraziek eskaintzen zizkieten nazioarteko beka eta praktika-programak baliatu dituzte. Zoritxarrez, «inbertsioaren itzulera» Putinen erregimen antidemokratikoa sendotzeko eta gotortzeko erabili zen. Balio eta bertute zibikoak bereganatu gabe baliabide finantzarioen burutzapena izan da Errusiako komunitate akademikoak erregimenarekin duen konplizitatearen seinale argia. Errusiako gobernu kontseiluak Ukrainaren aurkako gerraren alde egin zuen eta ehunka sinadura bildu zituen.
  4. Enpresa pribatuak Errusiako aktibo eta monetaz gabetzen animatzea; UCU Business Schoolek Egin negozioak ukrainarrekin plataforma jarri zuen martxan. Esteka: https://lvbs.top/mrh
  5. Errusiako propaganda kanal guztietan Errusiak Ukrainaren aurkako gerrari buruz zabaltzen dituen albiste faltsuak igortzea debekatzea.

Ukrainako Unibertsitate Katolikoa: UCUren funtzionamendua gure herrialdearen defentsara eta gerrak kaltetutako pertsonen laguntzara bideratu da. Dohaintza helbidean egin dezakezu https://warinua.ucu.edu.ua/donate/

* Ukrainako Banku Nazionalak diru bilketa egiteko eta Ukrainako Indar Armatuei laguntzeko kontu berezi bat irekitzea erabaki du. https://bank.gov.ua/en/news/all/natsionalniy-bank-vidkriv-spetsrahunok-dlya-zboru-koshtiv-na-potrebi-armiyi?fbclid=IwAR3jNvvJF_AnD0Hi8sb22LGbFdjqIcCyInFp9PF6PmAg1Fp9PF6PmAg. Kontuak hainbat moneta onartzen ditu. Funtsak nazioarteko monetetan (USD, Euro, Libra) eta Ukrainako monetan transferitu daitezke.

Gure elkartasuna helarazi eta Ukrainan bakea berriro izan dadin opa dizugu bihotzez. Azken galdera bat dugu zuretzat: zer oroitzapen daukazu Deustuko Unibertsitatean bizi izan zenuen garaiaz?

Eskerrik asko zuen babesagatik. Beti izango ditut gogoan Deustuko Unibertsitatea eta Bilbo. Lagun asko ditut bertan. Deustuko Unibertsitatea nire bigarren Alma materra da; urte asko eman nituen bertan, ikasten, doktorego tesia egiten. Garai ona izan zen, ikertzeko, aztertzeko, arakatzeko eta ezagutzeko unea. Nazioarteko eta euskal giroa. Eskerrak ematen dizkiot Deustuko Unibertsitateari ikertzaile gisa garatu ahal izan nintzen eta. Eusko Jaurlaritzak doktorego aurreko beka bat eman zidan Euskadin, Deustuko Unibertsitatean, nire doktorego tesia garatzeko. Deustuko Unibertsitatearen izenean zientzia politikoen biltzar eta tokiko zein nazioarteko hitzaldi askotan parte hartu eta aurkeztu ahal izan naiz. Aukera asko izan nituen nire karrera zientifikoan aurrera egiteko. Doktoretza garaian Alemanian GESISen, Leibniz Institute of Social Sciences-en, eta Frantzian Sciences Po-n ere egin ahal izan nituen ikerketa egonaldiak. Laburbilduz, aurkikuntza garaia izan zen, doktorego tesiari ordu asko eman nizkion, asko ikasi nuen: diziplinaren garrantzia, erronka guztiei aurre egin ahal izateko barne indarra, pertsonen arteko harremanaren garrantzia, eta nire lagun euskaldunen eta beste herrialdeetakoen laguntza handia. Jainkoari eskerrak ematen dizkiot Euskal Herrian, Deustuko Unibertsitatean eta Bilbo nire hiri maitean egondako denboragatik!


* Joan den 2022/03/31n Deusto Alumnik mahai-inguru bat antolatu zuen honako izenburu honekin: “Nola lagundu Euskaditik Ukrainako gerrako errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematen?”. Aitor Urrutiak moderatutako topaketan parte hartu zuten Xabier Legarra Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak, Elena Valverde CEAReko Euskadiko koordinatzaileak, Manu Calvo Bizkaiko Gurutze Gorriko probintziako idazkariak eta Tinixara Guanche Ellacuria Fundazioko Harrera koordinatzaileak.