Skip to main content

Sendatzeko, eraldatzeko, lehengoratzeko eta suspertzeko prozesua

 

“ESPEREk osasun mentalaz duen ikuspegia ez da norbanako osasuntsu batena (traumarik ez duen neurrian), baizik eta ekitatea, justizia, zaintza, errukia, enpatia eta etengabeko balioespena sortzen laguntzen duten harremanak dituen norbanako batena. Barkatze eta adiskidetze prozesuek eragin zuzenak dituzte ongizate psikologiko eta fisikoa hobetzen”

2003an Leonel Narváez Gómez La Consolatako apaiz katoliko misiolariak eratutako Fundación para la Reconciliación irabazi asmorik gabeko entite kolonbiarra da, Zaintzaren, Barkamenaren eta Berradiskidetzearen Herritar Kultura sustatzeko pedagogiak garatu eta aplikatzen dituena. Prebentzio prozesuak, gatazken bakezko eraldaketak, indarkeriak gainditu eta gizarte kohesioa indartzeko prozesuak bideratzen dituzte eta bake iraunkorra eraikitzen laguntzen dute. Fundazio horrek sortutako lau programetako bat dira Barkamen eta Berradiskidetze Eskolak (ES.PE.RE. gaztelaniaz laburtuta).

Eskola horiek bizipeneko prozesu pedagogiko eta ludikoak dira, zauriak osatzeko, memoria esker txarrekoa eraldatzeko, lehengoratzeko praktikak sortzeko eta konfiantza berreskuratzeko tresnak eskaintzeko¹. 22 herrialdetako 2 milioi pertsona baino gehiagorengana heldu dira eta hainbat aitorpen jaso dituzte, 2006ko Bakerako Hezkuntzaren Unesco Saria, besteak beste.

Eguneroko bizitzako zauriak osatu nahi dituztenengana zuzentzen dira: bazterketak, umiliazioak, bullying-a, liskarrak, familia barruko arazoak, abusu edo indarkeriaren bat, etab. jasan dituztenengana.

2018an hasi zuten ibilbidea Euskadin Bilboko Elizbarrutiko Bake eta Adiskidetze arduradun eta Loiolako Santutegiko Loiola Zentroko Barkamen eta Adiskidetze proiektuaren lider Manu Arrueren (SJ) eskutik (2015 – 2018). Helburua zen gure herrialdean izan diren indarkeria mota desberdinen eta giza eskubideen urraketen ondoriozko zauriak eta sortutako sufrimendua sendatzen laguntzeko prozesuetan laguntzea².

Manu Arrue SJ, Loiolako Santutegiko Loiola Zentroko Barkamen eta Adiskidetze proiektuaren arduraduna.

Pandemiaren ondoren, zein da zure iritzia berradiskidetze prozesuei berriro ekin beharraren inguruan?

Entzun ditudan lekukotasunen arabera, kasu batzuetan, harremanak tenkatu egin dira, batez ere familia eta lan giroetan. Eta barkamen prozesu bat behar dute, adiskidetu beharra dute. Eta beste pertsona talde batentzat, beren barruan sartzeko abagunea izan da eta bizitzen uzten ez dieten amorru batzuez jabetzeko, bakeak egin beharko zituztela pertsona batzuekin konturatzeko edo egiteko garaiz daudela jabetzeko.

Zein da ESPERE tailerren metodologia?

Metodologia aktiboa da. Eginez ikastekoa. Hamaika modulu dira. Modulu bakoitzean, espazio seguru bat eratzen dugu lehenengo, konfiantzako dinamikaren batekin; gero, egoera bat bakarka jorratzen dugu eta, edukiaren arabera, hiru pertsonako taldeetan partekatzen dugu, konfidentzialtasuna eta entzutea oinarri direlarik. Ondoren, irakurketaren bat egiten dugu, bizi izandakoari hitzak jartzen laguntzeko eta argitzeko. Moduluaren amaieran keinu bat, sinbolo bat, idatzi bat eta saioaren oroigarri bat egiten dugu.

Deustuko Unibertsitateko bi Alumniren lekukotasuna dugu ondoren; Bilboko ESPERE taldeko kideak dira.

Txema Auzmedi SJ, Deustuko Unibertsitateko Filosofiako lizentziatua (prom.: 75)

Zerk bultzatu zintuen ESPERE tailerretan parte hartzera

Liman egindako bizipen zoragarria izan zen ni ESPEREn “sartzera” bultzatu ninduena. Bizipena Liman egin genuen Kubatik hara joandako pertsona batzuek. Oso oso ederra izan zen. Eta Kubara itzultzean abian jarri genuen ESPERE delakoaren tailerrak zenbait hiritan: La Habanan, Santiagon… Duela 6-7 urte izan zen hau eta gaur egun ez dakit, zoritxarrez, taldea nola dagoen eta aurrera jarraitzen duen.

Zer aipatuko zenuke orain arte ESPERE taldean bizi izandako esperientzia garrantzizkoenen artean?

Mendeku egarria, min egin duenari min egiteko gogoa eta antzekoak alda daitezkeela eta holakoa bizi izan duen pertsona bizimodu “berrian” sartzen dela: sufrimendua eta mina hor daude, hor jarraitzen dute, baina ez lehengo eran, bakea egin baitut nire buruarekin eta bakea egin dut lehen gorrotoa eta mendeku-gosea baizik ez nuen harekin.

Zer itxaropen duzu Euskadin Barkamenaren eta Adiskidetzearen inguruko etorkizunaz?

Nola eta non egin gonbidapena holako bizipenaren beharra dutenei, barruan duten gorrotoak eta nor- baiti min egiteko gogoak esklabo dutenei? ESPEREren publizitatea TBn, irratietan… egiteko aukerarik ez badago, ez badugu, nola iritsi holako beharrean aurkitzen direnengana? Hauxe da, nire ustez, ESPERE eskaintzeko oztoporik handiena eta ez dakit nola gainditu daitekeen. Ez dut uste eskaintza murritzagoak edo laburragoak egiteko aukera egokia denik, barkamen beharraz jabetzea eta honek ekar ditzakeen onurez konturatzea ez dira azaleko kontuak. Eta denbora behar dute, gehienetan prozesu lu- ze samar eta korapilatsuak izaten baitira.

Arantza Echaniz, Ekonomia eta Enpresen Zuzendaritzako lizentziatua (prom.: 91); Deustuko Unibertsitateko doktorea diziplina berean (prom.: 01).

Zerk bultzatu zintuen ESPERE tailerretan parte hartzera

Manu Arrue (sj) aspaldiko urteetan ezagutzen dut, Donostiako campusean ikasle nintzen garaitik. Haren gonbidapena jaso nuen asteburuko tailer batean parte hartzeko, ESPERE Perúko  taldeko bi pertsonak dinamizatuta. Izenburuak txunditu egin ninduen. Uste sendoa dut barkamenak sendatzeko ahalmena duela eta adiskidetzeko premia dugula. Gainera, bizipen tailer gisa aurkezten zen, pertsona bakoitzak bere zauria sendatzen lan egiteko. Ez zuen oso zauri berria izan behar, ezta ‘lazgarriegia’ ere. Tailerra amaitzean, talde bateko partaide izatea proposatu zigun. Helburu hau izango zuen taldeak: ESPERE metodologia lantzea gure inguruan. Ez nuen inolako zalantzarik izan.

Zer aipatuko zenuke orain arte ESPERE taldean bizi izandako esperientzia garrantzizkoenen artean?

Uste dut talde anitza, konprometitua eta ilusioz betekoa osatu dugula. Gainera, online prestakuntza jaso genuen Ruiz de Montoya Unibertsitatetik. Oso interesgarria izan zen eta sakontzen lagundu zigun. Harrezkero, aldian-aldian elkartu gara prestatzen jarraitzeko, metodologia egokitzeko eta eskainiko ditugun tailerrak garatzeko. Zoritxarrez, pandemiak oztopatu digu tailer horietako asko eskaintzea.

Zer itxaropen duzu Euskadin Barkamen eta Adiskidetzearen inguruko etorkizunaz?

Uste dut Euskadin badugula iragan nahiko hurbila, samin sakonekoa; gure gizartea markatu duten zauri ugari ditugu.  Zorionez, asko aurreratu da eta hainbat ekimen ari dira zauri horiek sendatzeko bidea egiten. ESPERE metodologiak lagundu dezake bide horretan, indarkeria edo eskubideen urraketak sortutako sufrimendua gainditzen, lan pertsonala egin nahi duen edozein pertsonari lagundu diezaiokeen bezala.

¹ Barkamen eta Berradiskidetzeko Eskolak (ESPERE). 2021-05-17an berreskuratua hemen: http://fundacionparalareconciliacion.org/escuelas-de-perdon-y-reconciliacion-espere/

² Barkamena eta Adiskidetzea. 2021-05-17an berreskuratua hemen: https://loyola.global/es/noticias/142511-perdon-y-reconciliacion

Azaleko eta goiburuko argazkia Jakrawut Ouiseng Unsplashen.

Egilea: J.C.D.A.