Skip to main content

Paola Salanueva Osés y Nerea Valle Hortelano

Aholkularia eta tutoretzapekoa

Mentoring-eko bi terminoak, mentore (aholkulari) eta mentee (tutoretzapeko), egungo lingua franca-tik hartuta badaude ere, kontzeptuaren jatorria Homeroren garaian dute. Mentor Ulisesen (Odiseoren) laguna izan zen. Hari agindu zion Itakako erregeak Telemako semearen interesak eta hezkuntza zaintzeko, prestakuntzaz eta trebakuntzaz arduratzeko, Ulises bera haiengandik urrun zegoen bitartean, hogei urte inguru, Troiako Gerra garaian hasita. Gerraren ondoren, itzultzen tardatu egiten zuenez, Atenea jainkosak Mentorren itxura hartu zuen Telemakori aitaren bila lagun egiteko.

Gaztelaniaz subjektu agentea baino ez da jasotzen (mentor/a); eta, beste diziplina batzuetan bezala, aditza, substantibazioa eta subjektu hartzailea adierazteko anglizismoa erabiltzen da.

Deusto Mentoring Alumni, 2019-2020 ikasturtean hasitakoa, konpromisoa eskatzen duen borondatezko harremana da. Harreman horretan prozesu eraikitzaile bat dago mentee-arekin (tutoretzapekoarekin), azken horren ikaskuntza, konfiantza eta giza ahalmenaren garapenik gorena lortzeko. Mentoreak edo aholkulariak, ibilbide luzeko profesionala izaki, ibilbide profesionala hasten ari diren pertsonei laguntzen die.

Paola, aholkulari zarenez, eta zuen arteko konfiantza eta konfidentzialtasuna errespetatuz, zelakoa izan da Nerearekin izan duzun esperientzia? Zelakoa izan da bilakaera mentoring edo aholkularitza prozesuan?

Hasieratik, Nerea gazte argia (bikaina, esango nuke nik) iruditu zitzaidan: psikologo gisa, profil hibrido oso interesgarria du erakunde eta klinika mailan, ederto hitz egiten du ingelesez eta euskaraz eta berezko trebetasunak ditu pertsonen arteko harremanetarako, lanbide honetan hain beharrezkoak direnak.

Nire aldetik esku hartze minimoa eginda, gai izan zen bere kabuz lanbideko etorkizunari buruzko zalantzak argitzeko eta datozen urteetarako bideratzeko. Penagarria izan zen itxialdiak gure arteko harreman hurbilagoa izateko aukerarik ez ematea, prozesuaren azken zatian.

Nerea, mentee edo tutoretzapeko gisa, curriculuma ikusita, ematen zuen ez zenuela aholkularirik behar. Zuen arteko konfiantza eta konfidentzialtasuna errespetatuz, zelakoa izan da Paolarekin izan duzun esperientzia? Zelan deskribatuko zenuke zure bilakaera mentoring prozesuan zehar?

Egia esan, Paolak behar nituen konfiantza eta laguntza eman zizkidan, ziurgabetasuneko une batean, karrera amaitzean, kezka sortzen zidan mundu bat (enpresa eta giza baliabideak) ezagutzeko momentuan. Beti egon zen zabalik, aholkulariaren eta tutoretzapekoaren arteko harremana norabide bikoa izan zedin eta prozesuan ikasteko arduratuta. Horrek bultzatu ninduen nire ikuspegia berarekin gehiago partekatzera.

Nire bilakaerari dagokionez, Psikologia ikasi nuen eta karreran beti egon nintzen ikerketan eta Neuropsikologian murgilduta. Karrera amaitzean, mundua ikusteko eta aztertzeko gogo handia nuen, ikuspegi akademikotik haratago zer zegoen ikusteko eta aparteko interesa nuen enpresa eta erakundeen mundua hobeto ulertzeko, gizartean eragiteko duen ahalmena ulertuz eta beti pertsonen bizitza hobetzeko kezka nuela.

Hitzaldirik hitzaldi eta ekitaldiz ekitaldi nindoala, burua 10000 erreboluziotan nuela, informazio berria bilatzen eta ikasten nenbilela ezagutu nuen Paola. Egia da egin nahi nuenaren ikuspegiaren % 100 egin gabe nuela (eta gaur egun ere badago tiroa hobetzeko tartea), baina apurka-apurka, giza baliabideak eta enpresa Euskadi oso industrializatuan zer diren azaldu didan neurrian konturatu naiz hori ez zela nahitaez nik egin nahi nuena. Prozesuan zehar, Madrileko beste unibertsitate batekin ere egon nintzen harremanetan. Aukera eman zidan erakundeen psikologiaren esparruko jendearekin hitz egiteko eta hitz egin ahal izan nuen sektoreak noranzko bilakaera duen.

Horri esker eta Paolaren kontaktuekin hitz eginda, nire ikuspegiaz hitz egin ahal izan nuen eta kontrastatu. Gero eta argiago ikusi nuen psikologia klinikoak ekarpen handia (agian, gero eta gehiago) egin dezakeela arlo horretan. Nahiz eta, egia izan, sarritan psikologo bat erakundeen psikologiaz interesatzen denean aurrean ikusten duen biderik intuiziozkoena giza baliabideena izan, psikologia klinikoaren bidetik aurkitu nuen neurea.

Une honetan, Deustun Osasun Psikologia Orokorra eta Neuropsikologia Klinikoko ikasketa plan bateratua egiten ari naiz, enpresa munduan prestatzen jarraitzen dudan bitartean, The Power MBA masterra ikasiz. Beti ulertu dut Neuropsikologia dela Psikologiaren alderdi asko ulertzeko oinarria eta horregatik erabaki nuen arlo horretan prestatzen jarraitzea, nahiz eta aparteko interesa eta bokazio aurkitu ditudan arlo Klinikoan. Etorkizunari begira, nire asmoa da praktika klinikoa bateratzea, agian goi errendimendura bideratuta eta enpresa arloko pertsonetara, eta osasun mentala erakundeetan sustatzera bideratutako proiekturen batean parte hartuta.

Zerk bultzatu zintuzten Deusto Mentoring Alumni-n parte hartzera?

Paola:
Deustuko Unibertsitatea nire alma materra da, eta interesez jarraitzen ditut beti bilakaera, proiektuak eta ekimenak. DMA programaren berri izan nuenean, zalantzarik gabe parte hartu nuen, giza mailan, gazteen enplegagarritasunak kezkatzen nauelako. Nolabait, nire bokazio “zapuztua” lan orientatzailearena da.

Nerea:
Niretzat hitzaldi batera joatea izan zen eta han ezagutu nuen programako aholkulari izango nuenetako bat. Gomendatu eta izena eman nuen.

Zer aholkatuko zeniekete Deustuko Unibertsitateko Alumniei aholkulari edo tutoretzapeko pausua emateko orduan zalantzan badabiltza?

Paola:
Ez dezatela birritan pentsatu eta programaren 2. edizioan parte hartu dezatela. Gaztea nintzela, jausgailu eta sarerik gabe ausartu nintzen lan merkatuan, aholkulari eta “aita-amabitxirik” gabe. Deusto Mentoring Alumnik aholku eskatzeko aukera ematen du eta profesional senior batekin eztabaidatzekoa laneko irteeren inguruan, hautaketa prozesuen, enpresen barne funtzionamenduaren, euskal enpresen ehunaren eta bestelakoen inguruan, dena ikuspegi praktikotik eta esperientziaren ahotsa hurbil duzula.

Nerea:
Beti dator ondo zuk baino esperientzia handiagoa duen baten gidaritza izatea eta oso aukera ona da ideiak asentatu eta buruan ditugun ideiak kontrastatzea, seguru asko zu pasatzen ari zaren tokitik pasatu den batekin.

Bukatzeko, etorkizunerako onena opa dizuet, eta, amaitu aurretik, Deustuko Unibertsitateko ikasle sasoira bueltatuta, garai hartako zer oroitzapen duzue gorderik?

Paola:
Batez ere, 90eko hamarkadako Zuzenbide Fakultateko irakasle bikain batzuen eskola magistralak gogoratzen ditut mirespenez. Pribilejioa izan zen haien ikasle izatea. Gogoan ditut, halaber, ahozko azterketetako urduritasuna edo Deustuko Zubitik egiten genituen korrikaldiak, itsasadarrean ontzi bat zetorrela ikustean (garai hartan zubia ireki egiten zen eta zabalik aurkitzen bazenuen, ez zinen ordurako lehenengo klasera iristen).

Nerea:
Elkarri diogun mirespenarekin eta Paolak sentiarazi zidan konfiantzarekin geratzen naiz.