Skip to main content

Luz María Velázquez Sánchez

Lidergo orekatuagoa behar da emakumeen eta gizonen parte hartzeari begira, eta lidergoko praktiketan ere bai, hiru ardatz euskarri izango dituen ikuspegia: berdintasun soziala, ekologikoa eta ekonomikoa.

Lanbideko karrera neurri handi batean Mexikon emakumeak ahalduntzeari eskaintzen diozu. Zer zailtasun dituzu erronka horri aurre egiteko, halakorik balego? Zer suposatzen du zuretzat?

Antzematen dudan zailtasunik handienetarikoa sexu arrazoiengatiko desberdintasunaren kontzientzia falta da eta https://egade.tec.mx/es/ideas/la-conciencia-del-8-de-marzo artikuluan partekatu nuena aipatuko dut:

“Nahiz eta emakumeok erabakiak hartzeko tokietan ez egotearen ondorioa neurtzen duten, genero indarkeria aitortzen duten eta genero desberdintasuna frogatzen duten datuak eta ikerketak egon, ez gara emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaz jabetzen. Agian, gure pentsamendu eta sentimendurik sakonenetan, uste batzuk daude, maskulinotasunari femeninotasunaren gainetik balioa ematea normaltzat jotzen duten jokabide eta jarrerak, gure elkarte eta testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoak eratzeko orduan”.Horrek esan nahi du ekiteko, lankidetzan aritzeko, zalantzan jartzeko, azpimarratzeko, lan egiteko, jarduerak edo proiektuak gauzatzeko espazioak sortu beharra dagoela eta, hartara, sexuagatiko desberdintasunez jabetzeko prozesua erraztu daitekeela, justizia soziala eta genero berdintasuna errazteko ekimenak sortu behar direla Mexikon. Izan ere, gure herrialdeko estaturik (probintziarik) gehienetan generoko alertak daude indarrean, emakumeak hiltzen dituztelako.

Borroka hori eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Lidergoa eta Etika sustatzea bateratzen dituzu. Zein izan da lau esparru horien bilakaera azken urteetan?Badago baikor izateko arrazoirik?

Bai, aurrera egin dugu genero berdintasunaren aldeko gizarte erantzukizunaren praktika eta politika askotan, eta goi-zuzendaritzaren estrategiaren parte bihurtu dira; kasu gutxi daude, baina egon badaude.  Orain dugun erronka da genero ikuspegia ereduen, jardueren eta programen diseinuan, kudeaketan, ezarpenean eta ebaluazioan ziurtatzea, une egokian komunikatu ahal izateko.

Badirudi lidergoa krisian dagoela lidergorik ez dagoelako, eta emakumeek eta gizonek lidergo matxistak erreplikatzen dituztelako, arlo ekonomikoari lehentasuna emanez, ez gizarte eta ekologia arloari.

Lidergo orekatuagoa behar da emakumeen eta gizonen parte hartzeari begira, eta lidergoko praktiketan ere bai, hiru ardatz euskarri izango dituen ikuspegia: berdintasun soziala, ekologikoa eta ekonomikoa.

Zure ustez, zeintzuk lirateke lidergo femenino baten eta maskulino baten arteko desberdintasunak enpresa arloan?

Emakume eta gizon askok lider izaten ikasten dute etekin ekonomiko soilak lortzera bideratutako praktiken bidez, batez ere, jarrera matxistak izanik; eta ez dira jabetzen zelako desberdintasunak dauden gizonen eta emakumeen artean baliabideak eta aukerak izateko, horiek erabiltzeko eta onurak jasotzeko  orduan.Edo bai, konturatzen dira eta horregatik, hain zuzen, jokatzen dute pribilejioak betikotzen, lehenik sexuaren arabera, gero arrazaren, lanbidearen, status ekonomikoaren, etniaren edo erlijioaren arabera.

Aldaketarako ikuspegi zabala duten lidergoak ere antzematen ditut emakumeen eta gizonen artean:interes talde desberdinetako pertsonak hartzen dituzte kontuan, enpresetan aldaketak eta irtenbide berritzaileak dituzten ekimenak jartzen dituzte abian, pertsonak ardatz harturik, ez adierazle soil batzuk betetzeko.

Gizarte sareetan, aspaldi honetan, #happyfeministfriday ospatzen diharduzu.Konta iezaguzu zerbait gehiago ekimen horretaz.

Nire ikasle ohi Choche Cruz-en Facebooketik hartu nuen ekimena. Cruz asko miresten dut, eta emakumeen eskubideak sustatzen dituen abokatu bikaina da, Errepublikako Fiskaltza Nagusian Genero Berdintasunaren Unitateko Erakunde Kulturako zuzendariordea.

Bereziki, agerian jarri nahi dut feminismoa eta feministak denontzako bake eta ongizate egileak garela. Horregatik, ostiralero, pentsatzen dut: zer argitaratuko dut gaur? Eta nire inguruan, elkarrizketa bat entzuten dut, edo klaseetarako zerbait irakurtzen dut, edo zerbait bizitzen dihardut, edo gertakariren bat gogoratzeko eguna da, eta horrek inspiratzen nau #HappyfeministFriday! argitaratzeko.  Eta gero atsegin dut batzuk edo pila bat agertzen dira atzetik.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei emakumearen kontrako bazterkeriaren oztopoak desagerrarazteko eta benetako aldaketa sustatzeko lanbideko esparruan?

Neskei gomendatzen diet gero eta kontzienteago izan daitezela ez garela inoren mendeko, ez esaneko; egunero geure autonomia eraikitzeko, askatasunez pentsatzeko, sentitzeko, hitz egiteko, jokatzeko eta mugitzeko gai gara, beste pertsona batzuez baliatu gabe. Hitz egin dezatela, euren artean, dituzten beharrizanez, erronka pertsonal, profesional, fisiko, ekonomiko, sozial edo intelektualez, eta itunak egin ditzatela aurrera egiteko eta ahizpatasunez jokatzeko.  Identifikatu egin behar ditugu batzuetan desberdintasunek ikusten uzten ez dizkiguten pribilejioak. Beraz, ikasten, ikertzen, irakurtzen, parte hartzen eta eraikitzen jartzeak ahalbidetu egiten du gure gaitasunak garatzea; aukera gehiago izateko eta genero indarkeriarik gabe bizi izateko modua ematen digu enpresa munduan eta bizimodu pertsonalean.

Mutilei gomendatzen diet, euren sexua dela eta sentitzen ez duten desberdintasunaz eta bazterkeriaz gero eta kontzienteago izateko; hala egiten badute, aliatuak izan daitezke berdintasunerako bidean; izan ere, beren erantzukizuna da hori eta lagundu egiten du garatzen eta ongizatea lortzen. Irakurri dezatela maskulinitate berriez, eta euren artean hitz egin dezatela zelan egin dezaketen lan euren buruaren kontrako, beste gizon eta emakume batzuen kontrako indarkeriazko jokabide horiek desagerrarazteko.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizugu gurekin izan duzun arretagatik. Azken galdera bat: atzera begiratuta, Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteetara begiratuta, zergatik aukeratu zenuen Deustu? Garai hartako zer oroitzapen gordetzen duzu, gurekin partekatzeko modukoa izan daitekeena?

Deustu aukera ona izan zen niretzat eta Monterreyko Teknologikoko beste ikaskide batzuentzat. Unibertsitate zoragarri eta bihotzeko honetara etorri ginen ikastera.  Senarra ere, Enrique Asín, irakaslea da. Behin, hau esan zidan:“beka zerrenda batean apuntatu zintudan, doktoregoa Deustun egin zenezan”.  Zer deritzozu?Nik, jakina, onartu nuen zerrenda horretan agertzea, nire kasua kontuan har zezaten.  Gero errealitate bihurtu zen, eta Donostian klaseak hasi ziren lehenengo udan, liburutegira doktoregoko tesiak ikusi eta begiratzera eraman gintuztenean, ikaskide batek Arantza Echanizen tesia pasatu zidan, emakumeen lidergoaz Mondragón Korporazioan. Nik emakumeak aztertu nahi nituenez, haren bila aritu nintzen eta nire tesi zuzendari izateko eskatu nion ikertzeko gaitasuna lortzeko, eta gizarte erantzukizuneko gaiez ere hitz egin genuen.

Uda horretan bertan, 2003an, Quique eta Mauri semetxoekin Hendaiatikpaseatzen ari ginela, Arantza aurkitu nuen bere seme-alabekin paseoan; hizketan jarri ginen eta esan nion Monterreyko Teknologikoan irakasle bisitarien programa bat zegoela, astebetekoa, eta agian interesatuko zitzaiola hara joatea.   Urte horretan bertan, Aran klaseak ematen egon zen astebetez Monterreyko Teknologikoan. Harrezkero doktorearen eta doktoregaiaren arteko harremanak jarraitu zuen gure artean. Orain, adiskide eta lankide handiak gara Latinoamerika, Asia eta Europarako beste ikerketa proiektu batzuetan.

Irakasleen oroitzapen bikainak ditut, beti lagundu baitzidaten beren ezagutza eta aholkuekin; berdin doktorego programako zuzendarienak ere. Jakina, ikerketa eta tesia urrutitik egiten ari nintzen (Monterrey-Donostia), eta 3 eta 2 urteko semeak izanik, beti egoten nintzen pentsatzen: “tesia amaitu behar dut”. Bi egonaldi egin nituen Bilboko Ikastetxe Nagusian. Italia, Txina eta Alemaniako doktoregaiak ezagutu nituen. Giro horretan tarte batean kontzentratzeko gomendioa ematen dut, doktoregaiaren ekosistemarako oso lagungarria baita.

Betiko izango dut memorian Dionisio Aranzadi SJ (G.B.) nire tesiko epaimahaikide izan zela.Arantza Echaniz nire tesiaren zuzendariaren zuzendari eta aholkulari ere izan zen.Deustun egin nuen egonaldietariko batean, denbora pixka bat eskaini zidan.Unibertsitatea korritu genuen, ikasleen inbestidura ekitaldien aretoa erakutsi zidan eta neure burua bertan irudikatu nuen.2018ko urtarrilean izan nintzen toki horretan!

Deustu aukeraz beteko mundua izan da!