Skip to main content

Naiara Rodríguez Peña

Asko dakigu migrazioak pertsonentzat, haien familientzat eta gizartearentzat dituen ondorioei buruz, baina oso gutxi mugikortasun ezaren ondorioei buruz. Hori bereziki problematikoa da kontuan hartzen badugu munduko biztanleriaren % 4k baino gutxiagok migratzen duela nazioartean, eta gehienak, berriz, jatorrizko herrialdean daudela…

Deustuko Unibertsitatetik pasatzeari buruz hausnartuta, zure ustez, nola eragin dizu Nazioarteko Harremanetako prestakuntzak zure ibilbide akademiko eta profesionalean?

Nazioarteko Harremanetako gradua aukeratu nuen, eskaintzen duen ikuspegi zabal eta diziplina ugarikoagatik. Gai asko interesatzen zitzaizkidan – ekonomikoak, politikoak, lege arlokoak – eta ez neukan argi nondik tiratu. Graduko lehen urteak oso interesgarriak izan ziren, askotariko irakasgaiekin, eta laster jakin nuen benetan erakartzen ninduena gizarte-fenomenoak zirela, hala nola hiri-dinamikak, berdintasunik eza eta migrazioa. Nazioarteko mugikortasuna hirugarren mailan egin arte ez nuen erabaki migrazio-dinamiken azterketan bete-betean murgiltzea. Sophiako Unibertsitatera joan nintzen, Tokiora, eta Espainiak Japonian duen enbaxadan hasi nintzen lanean. Han, herrialdeko migratzaileen eskubideak ikertu nituen. Esperientzia horrek migrazioarekiko interesa piztu zidan.

Gai hori puri-purian dagoen une historiko honetan, zure ikerlanak gai erabakigarriak jorratzen ditu, hala nola migrazioa eta mugikortasuna. Zerk motibatzen zaitu gai horiei buruz ikertzera eta zure lanarekin zer eragin sortzea espero duzu?

Nire ikerketa migrazio aurreko prozesuan oinarritzen da, hau da, emigratu aurretik zer gertatzen den: nola pentsatzen eta imajinatzen dugun migrazioa, zer asmo ditugun, emigratzeko beharrezko baliabideak ditugun, jatorrizko komunitatean bizitza egokia izan dezakegun, etab.

Gaur egun, Austriako Krems Etengabeko Prestakuntzarako Unibertsitatean lan egiten dut, PATHWAYS izeneko proiektu batean. Proiektuaren barruan, norbaitek emigratu nahi duenean zer gertatzen den ikertzen dugu, baina egin ezin duenean, besteak beste, bisa bat lortzeko zailtasunagatik edo baliabide ekonomikorik ez izateagatik. Nahi gabeko mugiezintasun izenez ezagutzen den fenomeno hori gure garaiko ezaugarri nagusia da, migrazioa bera baino gehiago.

Asko dakigu migrazioak pertsonentzat, familientzat eta gizartearentzat dituen ondorioei buruz, baina oso gutxi mugiezintasunaren ondorioei buruz. Hori bereziki problematikoa da kontuan hartzen badugu munduko biztanleriaren % 4k baino gutxiagok migratzen duela nazioartean, eta gehien-gehienak, berriz, jatorrizko herrialdean geratzen direla – hala hautatu dutelako edo ezin izan dutelako alde egin. Izan ere, migrazio-politikek, batez ere errenta altuko herrialdeetakoek, mugikortasuna mugatzen dute, eta askorentzat hori da benetako aukera bakarra. Zalantzarik gabe, horrek eztabaida etiko bat planteatzen du eta horri heldu beharko genioke. Gure lanaren helburua da errealitate hori gizartera hurbiltzea, nagusi diren diskurtso politikoetatik oso urrun dagoen errealitatea baita.

Hainbat sistema kultural eta sozialeko herrialdetan ikasi eta lan egin duzu, hala nola Austrian, Frantzian, Japonian, Herbehereetan, Erresuma Batuan eta Suitzan. Zeintzuk izan dira erronka eta ikaskuntza handienak itxuraz hain anitzak diren ingurune akademiko eta profesionalei aurre egitean?

Ni erraz egokitzen naiz, nahiz eta hasieran beti erronka bat izan sistema profesional bakoitzaren funtzionamendua ulertzea. Japonian, adibidez, egitura hierarkikoagoa da Herbehereetan, Erresuma Batuan edo Austrian baino, non inguruneak askoz horizontalagoak diren, eta eztabaida kritikoa eta independentzia asko sustatzen dira hasiera-hasieratik.

Desberdintasun horietan zehar nabigatzea prozesu aberasgarria izan da. Pertsona zoragarriak ezagutzeaz gain, pentsatzeko, ikertzeko eta lan egiteko modu desberdinak ezagutzeko eta neureganatzeko aukera eman dit. Kultura profesional desberdinen artean mugitzeak aukera eman dit han eta hemen tresnak eta ikuspegiak hartzeko eta horrek nire lan egiteko modua hobetu du.

Gainera, ikasi dut, desberdintasunak desberdintasun, testuinguru horietan guztietan erronka komunak daudela, hala nola prekarizazio akademikoa edo sortzen dugun ezagutza gizarteari hurbildu beharra.

Zure karrera bikaintasunak eta hainbat aitorpenek markatu dute. Zailtasun edo zalantza uneak izan dituzu bide horretan? Nola gainditu dituzu?

Lan asko egin dut, eta zortea izan dut izugarri lagundu didaten pertsonekin gurutzatu naizelako, eta are gehiago ikasi dudalako haiengandik. Pozik nago lortu dudanarekin, baina une zailak ere izan dira.

Profesionalki, nire doktoregoaren hasiera izan zen erronkarik gogorrena. COVID-19aren pandemia baino 6 hilabete lehenago hasi nuen. Nire landa-lana Muga Hirukoitzean egiteko asmoa nuen, Hego Amerikan, baina birusaren ziurgabetasuna, mugen itxiera eta finantzaketa arazoak zirela eta, nire ikuspegi enpirikoa birplanteatu behar izan nuen bide erdian. Hasieran ez nengoen batere konbentzituta aldaketaz, baina azkenean errenta altuko herrialdeetako eremu prekarioetan migratzeko asmoak eta ahalmenak ikertu nituen, gutxi ikertutako gaia. Oso prozesu aberasgarria izan zen, eta, atzera begira, erabaki ona izan zen, lagun eta lankideen laguntzari esker hartu nuena.

Maila pertsonalean, etengabe etxez aldatzea oso esperientzia atsegina izan da, baita erronka bat ere. Leku liluragarriak aurkitzen dituzu eta lagun handiak egiten dituzu, baina, hain zuzen ere, finkatu zarela sentitzen duzunean, agur esan eta beste abentura batean murgiltzeko ordua da. Ia 10 urte daramatzat herrialdez aldatzen, eta gozatzen jarraitzen badut ere, gustatuko litzaidake hiri bakoitzean 2 urte baino gehiago geratzea. Bilboko eta munduko beste hainbat txokotan eraikitzen dituzun etxeen herri-mina sentitzen duzun arren, ni gauza onekin geratzen naiz, esperientzia honek merezi izatea eragiten duen guztiarekin.

Eskerrak eman nahi dizkizugu Deusto Alumni Time aldizkariaren zenbaki honetan parte hartzeagatik. Azken galdera bat egin nahi dizugu: kontatuko zeniguke zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako urteez?

Oso oroitzapen bereziak gordetzen ditut Deustuto Unibertsitatean pasatu nituen urteez. Prestakuntza, noski, funtsezko atala izan zen: nire zaletasuna aurkitzen eta gaur egun nire bokazioa denerako lehen urratsak ematen lagundu zidan. Deustuko Unibertsitatean aurkitu nuen benetan zerk gozarazten didan: ikertzeak.

Baina, arlo akademikotik haratago, unibertsitateko esperientzia zoragarria izan zen maila pertsonalean. Asko bezala, 18 urterekin sartu nintzen graduan eta 4 urte horiek aurkikuntza prozesua izan ziren. Bizitza osorako lagunak egin nituen, unibertsitateko beka bat lortu nuen, Espainiatik irten eta Japoniakoa bezalako kultura ezberdin bat ezagutzeko aukera eman zidana, eta, gainera, 11 urte baino gehiagoan nire bikotekidea denaz maitemindu nintzen.