Bideo kontsolak desmuntatzetik ikusezina babestera

Txikitan, bideo jokoak eta kontsolak desmuntatzen zituen, nola funtzionatzen zuten ulertzeko. Jakin-min horrek eraman zuen Deustoko ikasgeletatik zibersegurtasunaren inguruko ikerketara. Esparru horretan ari da gaur, enpresentzako berrikuntza proiektuetatik hasi eta Europako lankidetza proiektuetara. Elkarrizketa honetan, Leonek 3R programak eskaini zion laneratze aukeraz, bere lanbidea inguratzen duten mitoez, gure eguneroko segurtasunaren oinarrian dagoen kriptografiaz eta pantailetatik deskonektatzeko modurik onenaz, alegia, musikaz, hitz egiten digu.

— León, Deustuko Unibertsitatean Ingeniaritza Informatikoko gradua eskuratu ondoren, berehala bideratu duzu zure ibilbidea zibersegurtasunera, eta gaur egun ikertzailea zara. Nolakoa izan da unibertsitateko ikasgeletatik ikerketa teknikoaren mundurako jauzi hori?

Egia esan, jakin-min handia izan dut beti, eta interesatzen zaizkidan gaietan arakatzea gustatu izan zait. Txikitatik ibili naiz informatikaren inguruan, bideojokoen eta kontsolen atzeranzko egiten nuen (tripak irekitzen aritzen nintzen) Unibertsitaterako pausoa oso interesgarria izan zen niretzat, prestakuntza maila handia zuten eta bere jakintzagaietan oso jantzita zeuden irakasleez inguratuta nengoelako, baita nire jakin-mina elikatzen zuten ikaskideez ere.

Masterrean, amaierako lanaren zuzendariak (Ricardo Rodríguezek) aukera eman zidan Zaragozako Unibertsitatean zuen analisi forentse informatikoko lantaldean hasteko. Ez nuen onartzeko inolako zalantzarik izan; beraz, uste dut ikerketaren munduan sartzea gustatzen zaidanera iristeko bide naturala izan dela. Orain zentro teknologiko batean egiten dut lan, eta oso eroso nago nire lanean.

— 3R orientazio eta enplegu programan parte hartu zenuen. Zerk bultzatu zintuen ikasketak amaitu ondoren ekimen horretara hurbiltzera eta zer iritzi duzu trantsizio etapa horretan jaso zenuen babesari buruz? 3R programan parte hartzen ari zinela eskuratu zenuen gaur egungo lanpostua. Nolakoa da ikertzaile baten lana? Eta nolakoa zure egunerokoa?

2024an hasi nintzen lanean, Zaragozan. Kontratua sinatu nuenetik, banekien lan hori aldi batekoa izango zela. Izan ere, Europako aurrekontu batekin finantzatuta zegoen, eta 2025eko abenduaren amaieran bukatzen zen. Urte hartako azaroan mezu bat iritsi zitzaidan Deustuko Unibertsitatetik, 3R programa aurkezteko. Eta neure buruari esan nion: “zergatik ez?”. Carolina Kutz izan nuen orientatzaile; lan bikaina egin zuen lanpostu bat bilatzeko prozesua orientatzeko. Une horretan, nire zailtasunik handiena nire interesekin eta lan esperientziarekin bat zetozen lanpostuak aurkitzea izan zen, merkatuko eskaintza gehienetarako esperientziarik ez bainuen. Otsailean, Unibertsitateak enplegu foroa antolatu zuen, eta, bertan, Ikerlaneko jendea ezagutu ahal izan nuen.

Hasiera-hasieratik, oso sentsazio onak izan nituen haiekin eta, zorionez, haiei ere gauza bera gertatu zitzaien nirekin.

Ikerlaneko nire eguneroko lanean, ikerketan eta garapenean aritzen naiz: enpresa pribatuekin berrikuntzako soluzioak lantzen ditugu, eta Europan mailan, beste zentro teknologiko batzuekin eta unibertsitateekin lankidetzan aritzen gara, ikerketa proiektuak aurrera ateratzeko. Bi zeregin horietan, askatasun handia ematen didate nire lana egiteko, eta oso pozik nago horrekin.

— Zinemak eta telesailek segurtasun informatikoan adituak kirol jertsea jantzita irudikatzen dituzte, gela ilun batean, kodeak segundo gutxi batzuetan deszifratzen. Zein da sektoretik kanpoko jendeak zure lanari buruz duen mitorik dibertigarriena edo gogaikarriena? Nola azalduko zenuke denok ulertzeko moduan zer den zibersegurtasuna eta gure eguneroko bizitzako zein alderditan eragiten digun?

Ziur aski irudi hori ez da oso urrun egongo ezagutzen ditudan batzuen egunerokotasunetik! Nahiko irudi barregarria da. Inoiz esan izan didate ez dudala informatikari itxura handirik eta ziur aski irudi horregatik izango da. Nolanahi ere, beste lanbide batzuen estereotipoak askoz ere okerragoak dira. Beraz, ezin naiz kexatu, hau, behintzat, gustagarria da.

Hala ere, mitorik zabalduena informatikariak edozer gauza konpontzeko gai garela pentsatzea izango da ziur aski… Noizean behin senide edo lagun bat hurbiltzen zait (autoeskolako irakaslea ere bai) SDa hondatu zaiola edo inprimagailua matxuratu zaiola esanez eta konpontzerik ba ote dudan galdetuz… Tira, eguneroko kontua da hori.

Zibersegurtasunarekin gauza bitxi bat gertatzen da: herritar gehienentzat ikusezina dela. Hasteko, jende askok ez daki “ziberespazioko armada” bat dugunik ere (MCCE izenekoa), egunero erasoetatik defendatzen gaituena. Bestalde, urteak daramatzat kriptografian lanean, eta gauza bat argi daukat: jendeak ez daki kriptografia gure segurtasun digital guztiaren oinarria dela. Web orririk edo mugikorrik erabiltzen ez badugu ere, bankura dirua ateratzera joatean esku hartzen du, gure txartelean grabatuta geratzen den gako bat baitugu. Zibersegurtasuna gauza guztietan dago!

— Informatikako ingeniaritzako profil teknologikoa edukitzeaz gainera, musikaria ere bazara. Ordu askotan pantaila eta kontzentrazio mental handia eskatzen duen lanbide batean, nola uztartzen dituzu kodea eta musika? Nola laguntzen dizu zaletasun horrek deskonektatzen edo zure sormena areagotzen?

Urteekin ikasi dut informatikarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat behar dudala. Egia esan, txikitatik asko gustatu izan zaizkit bideojokoak eta teknologia, eta luzaroan izan dira nire zaletasunak. Baina pantaila baten aurrean zortzi ordu emateak ez nau animatzen zaletasun horrekin jarraitzera, gehiago isolatzen nau eta ez dit laguntzen.

Bestalde, musikazale amorratua izan naiz beti, eta lagun bati esker (Deustuko ikaskidea, hain zuzen ere) rock talde batean hasteko aukera izan nuen, eta oraindik ere haiekin jotzen jarraitzen dut. Harrezkero, sormenaren arloko jende asko ezagutu dut, musikaren esparrukoak ez ezik, baita beste esparru batzuetakoak ere. Horiek guztiek erabat aldatu dute bizitzaz eta lanbideaz dudan ikuspegia. Era berean, ingurune horrek erakutsi dit zein garrantzitsuak diren pertsonak eta zenbaterainoko hazkundea lor dezakezun komunitate osasuntsu batean bazaude.

Atera dudan ikaskuntzarik handiena da sormena eta emaitzak ez direla bateragarriak, eta horrek maila profesionalean ere ohikoaz bestelako moduan pentsatzen laguntzen dit.

— Zibersegurtasunaren eta teknologiaren ekosistema erritmo bizian ari da aurrera egiten. Zure ustez, zein dira ikasten jarraitzera bultzatzen zaituzten kezka edo erronka teknologiko nagusiak? Nora bideratu nahiko zenituzke zure hurrengo urrats profesionalak?

Ikerketa ozeano bat da, eta edozein norabidetan egin dezakezu aurrera, emaitzaren bat lortuko duzun ala ez jakin gabe. Etsigarria izan daiteke helburu bakarra emaitza denean, baina prozesua oso polita da, batez ere etengabe ikasteko aukera ematen duelako. Batzuetan, eroso egotea seinale txarra ere bada! Gainera, Ikerlanen ikerketa esparru askotan aritzen gara, denak oso interesgarriak. Zurrunbilo horren erdian egotea dibertigarria da, nahiz eta zibersegurtasunean egiten ari den aurrerapena hain den azkarra, ezen zaila baita egunean egotea. Gainera, jakin-min handiko pertsonez inguratuta nago, eta hori oso kutsakorra da. Ez dago egun aspergarririk!

Oraintxe bertan oso eroso nago daukadan lan motarekin, eta etorkizunean ere ikerketaren munduan lan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, edozein dela ere jartzen didaten erronka.

— Bilboko unibertsitate garaiari begiratuta, zer oroitzapen duzu Deustuko urteez? Informatika izugarrizko ozeanoa da. Batzuek nahiago dute jeneralistak izan; beste batzuk, zu bezala, oso azkar espezializatzen dira adar zehatz batean. Zer esango zenioke teknologiaren esparru zehatz batera azkarregi mugatzeko beldur den gradudun berri bati?

Esango nioke bizitza luzea dela eta buelta asko ematen dituela. Eta ez dezala beldurrik izan nahi duena probatzeko edo gustuko duen horretan sakontzeko. Argi daukat pertsona mota asko daudela eta dena modu naturalean orekatzen dela: batzuek azkar aldatzen dituzte interesak, hiria eta lagunak; beste batzuk, berriz, ez dira beren ingurunetik atera txikiak zirenetik. Bakoitzak gure izaera dugu, garrantzitsuena nork bere burua ezagutzea eta zer gustatzen zaigun (eta zer ez) jakitea da, eta ez horren aurka borrokatzea.

Hain zuzen ere, informatika horren adibide polita da, izan ere, esparru batez aspertzen bazara, beste adar asko dituzu esploratzeko. Oso gustuko duzun bat aurkitzen baduzu, nahi adina sakondu dezakezu horretan, eta harekin nekatu egiten bazara, beste asko dituzu ikertzeko.

Galdeketa azkarra

  • Zure programazio lengoaia edo tresna gogokoena? Mikrofonoa eta baxua;)
  • Zure playlistean inoiz falta ez den erreferente edo musika talde bat? Tool.
  • Zibersegurtasunaren egungo erronkarik handiena, hitz bakarrean esanda? Hezkuntza digitala.
  • Deustuko campuseko zure txokorik gustukoena? Ingeniaritzako atetik irtenda, zuhaitzaren azpian.
  • Musikaz gain, pantailetatik deskonektatzeko beste zaletasun edo jardueraren bat? Yoga.