
Gogorrena, zalantzarik gabe, bakardadea da: zure jendeak behar zaituen uneetan ondoan egon ezin izatea mingarria da. Horretaz gain, kultura eta bizimodu berri batera egokitzea ez da beti erraza; norbere hizkuntza, kultura eta ohiturak urrun sentitzen dira, barnean hutsune bat sortuz. Lagun berriak egitea denborarekin eta pazientziarekin lortzen da, eta norberaren lekua aurkitzeko prozesua ez da beti samurra.
Bigarren hezkuntzan lau urte eman ondoren, horietako hiru Donostian, nazioarteko karrera akademikoari ekin zenion bi doktoretzarekin, eta irakasle elkartua izatera iritsi zinen Boise State Universityn, Estatu Batuetan. Zerk bultzatu zintuen Euskaditik Idahora jauzi egitera?
Betidanik izan dut Ipar Ameriketako euskal diaspora ezagutzeko interesa. 2014. urtean aukera paregabea agertu zitzaidan, eta ez nuen zalantzarik izan. Euskal Herria atzean uztea ez zen erraza izan, baina diasporako euskal komunitatearen berotasunak etxean sentiarazi ninduen hasieratik.
Zeintzuk izan dira zure ibilbide profesionalean aurrean izan dituzun erronkarik handienak eta nola gainditu dituzu?
Nire ibilbide profesionalean izan dudan erronka handienetakoa atzerrira joatea izan da, eta, zehazki, bertan bizitza berri bat hastea. Gogorrena, zalantzarik gabe, bakardadea da: zure jendeak behar zaituen uneetan ondoan egon ezin izatea mingarria da. Horretaz gain, kultura eta bizimodu berri batera egokitzea ez da beti erraza; norbere hizkuntza, kultura eta ohiturak urrun sentitzen dira, barnean hutsune bat sortuz. Lagun berriak egitea denborarekin eta pazientziarekin lortzen da, eta norberaren lekua aurkitzeko prozesua ez da beti samurra.
Hala ere, denborarekin eta konfiantza hartuz, egoera horiei aurre egiten ikasten da. Erronka horiek aukera bihurtu dira niretzat, eta bidean autonomia, erresilientzia eta enpatia lantzeko aukera eman didate. Atzerrian bizitako esperientziek pertsona osoago bilakatu naute, eta eguneroko bizitzako gauza txikiak gehiago baloratzen erakutsi didate. Horrek guztiak bai pertsonalki bai profesionalki asko aberastu nau, eta gaur egun aldaketa eta ziurgabetasun egoerei irmotasun handiagoz egiten diet aurre.
Euskara eta euskal kultura hiztun ingelesen artean sustatzeko proiektuetan lan egiten duzu. Zer desberdintasun eta antzekotasun nagusi aurkitzen dituzu ingurune horren eta ingurune erdaldunaren (espainieraz edo frantsesez mintzo direnen) artean?
Ingurune anglofonoetan —adibidez, Boisen—, kasu bereziak alde batera utzita, hala nola euskal jatorriko ikasleak, ikasle gehienek ez dute inolako aurre ezagutzarik ez euskarari ezta euskal kulturari buruz ere. Boisek euskal komunitate sendoa izan arren, euskara ez da kalean entzuten, eta, ondorioz, ikasleek ia-ia hutsetik hasten dute hizkuntza ikasteko prozesua. Kulturaren arloan ere antzeko egoera gertatzen da: Euskal Herria oso urrun geratzen zaie espazio fisiko eta linguistikoaren aldetik, ondorioz, euskal kulturarekiko lehen hurbilketa ere askotan guztiz berria izatea haientzat.
Aitzitik, Euskal Herrian bertan, euskara ez dakiten herritarrek ere, orokorrean, hizkuntzaren presentzia etengabea bizi dute: kaleetan, hedabideetan, hezkuntza sisteman… Horrek guztiak eragiten du euskara ikasten hasten diren askok gutxieneko ulermen-maila edo aurre ezagutza bat izatea. Kultura ere gertukoagoa da testuinguru geografiko, sozial eta kulturalari dagokionez.
Beraz, esan daiteke ingurune anglofonoan euskararen eta euskal kulturaren sustapena guztiz bestelako testuinguru batean kokatzen dela, eta, oro har, ikasleen ezagutza-ibilbidea benetan hutsetik abiatu behar izaten dela.

Zer bilakaera izan du, zure ustez, euskal hizkuntza eta kulturarekiko interesak Euskaditik kanpo? Zer erronka eta pozaldi izan dituzu sustapen lanean?
Gaur egun, euskararen eta euskal kulturaren sustapenean erronka nagusietako bat da euskarak bere lekua izaten jarraitzea, bere balioa azpimarratzea, eta datozen belaunaldietan bizirik irautea, ez dadin “token” edo sinbolo hutsa bihurtu.
Unibertsitate mailan, euskararen eta euskal kulturaren inguruko ikasgaiak eskaintzen jarraitzea, eta ikasleen interesa mantentzea da erronkarik handiena. Zorionez, azken urteotan euskara eta euskal kulturarekiko interesa nabarmen hazi da, eta Boisen horren adibide garbia dugu. Boise State Unibertsitatean Euskal Ikasketen Minorra eskaintzen dugu: euskarazko hizkuntza-eskolak ez ezik, euskal kulturaren inguruko ikasgaiak ere ematen ditugu (literatura, politika, zinema, exilioa, gastronomia…), baita asteburuko workshop-ak ere. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza giltzarria izan da programa hau aurrera eramateko.
Hala ere, satisfaziorik handiena ikasleek euskal hizkuntza eta kultura deskubritzen duten heinean mundu berri bat irekitzen zaiela ikustea da. Ikasleek ilusioz parte hartzen dute klaseetan, tailerretan eta komunitateko ekintzetan. Horrek guztiak indarra eta zentzua ematen dio egiten dugun lanari. Azkenean familia bat osatzen dugu gure ikasleekin. Oso harreman politak sortzen dira.
Gainera, komunitatearen babesa ere itzela da. Etxepare Euskal Institutuaren ekarpena, N.A.B.O.ren euskara-eskolen sustapena, Basque Museum and Cultural Center-en transmisio eta kontserbazio-lana, eta Oinkari dantza taldearen bidezko kultura zabalkundea funtsezkoak dira. Ea guztion artean euskarak eta euskal kulturak diasporan bizirik eta indartsu jarraitzea lortzen dugun, eta hori da, zalantzarik gabe, satisfaziorik handiena.
Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako urteez? Une, esperientzia, irakasgai edo irakasleren batek eragin dizu bereziki zure garapen profesionalean?
Oso oroitzapen politak ditut Deuston pasatako urteez; benetan gustura egon nintzen han. Bai klasekideekin bai irakasleekin oso harreman ona izan nuen, eta egia esan, euskararekiko eta euskal kulturarekiko dudan maitasun eta harrotasuna neurri handi batean bertan izandako esperientziari eta irakasleei zor diet. Euskal Filologiako irakasleak apartak izan ziren, eta horietako asko bizitzan zehar berriro topatzeko aukera izan dut, eta horrek asko poztu nau.
Oso eskertuta nago unibertsitatean jasotako aukerekin ere. Adibidez, fonetikako laborategian lan egiteko aukera izan nuen, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Oro har, Deustok asko eman dit, eta oso etapa garrantzitsua izan da nire bizitzan.
Gauza onak besterik ez ditut esateko. Eskerrik asko bihotzez!