Europak justizia soziala bultzatu behar du bere politiketan, eta ezin da politika zientifikorik egin populazioaren erdia baztertuz
Joan den irailaren 25ean, Europako Parlamentuak hausnarketako jardunaldia izan zuen, emakumeek zientzian duten paperaz eta bertan hartu zuen parte Lorena Fernándezek. Neskatilekin eta neska nerabeekin esku hartzearen garrantzia nabarmendu zuen hitzaldian; eta, horren adibide dugu INSPIRA proiektua, neskak ahaldundu eta euren artean bokazio teknologikoak sustatzeko balio duen proiektua.
Women in Science, Horizon Europe (ikerketa zientifikoa eta berrikuntza Europar Batasunean sustatzeko programa 2021-2027) hobetzeko gomendioak, genero ikuspegiaren bitartez. Europako Parlamentua, 2018-09-25. Lorena Fernández izan da ekitaldira gonbidatutako sei emakumeetariko bat. Zer sentitu zenuen gonbidapena jasotzean?
Emozioen nahastea: harridura, harrotasuna, ardura, beldurra, itxuratiaren sindromea bereak egiten… Baina onena gerotxoago gertatu zen, familiari deitu eta berria kontatu nienean. Amaren erantzuna hau izan zen: “Alabatxo, ez ote da gehiegitxo izango zuretzat?” Nire ama! Nire babes nagusiena! Jakina, babestu egin nahi ninduen. Ez zuen nahi urduritasunarekin sufritu nezan, bazekien-eta zelan ibiliko nintzen. Baina “pasadizoa” ezin hobeto etorri zitzaidan Parlamentuko hitzaldiari hasiera emateko, erakusteko gure neskatila eta neska gazteen konfiantza landu behar dugula, egunero jasotzen baitituzte honelako mezuak: “ez zaitez agintzaile izan” entzuten dute neskek; edo “lidergorako dohainak ditu”, mutilek. Neskei esan ohi zaie “zein polita zaren” edo “zein langilea zaren”; mutilei, ordea, “zein azkarra zaren” edo zein bikaina zaren”. Horrek pentsarazten die oso matematikari txarrak direla, hizkuntzan bezalako kalifikazioak atera arren, adibidez. Science-k argitaratutako ikerketa baten arabera, 6 urteko neskek dagoeneko pentsatzen dute ez direla mutikoak bezain azkarrak. Eta hori sei urterekin!
Europako Parlamentuan hamabi begirada baino gehiago zenituen gainean, goi hezkuntzako zientziara sartzeaz mintzo zinen bitartean. Zure lemetariko bat hau da: pertsonengan eragitearen garrantzia azpimarratzea aldaketaren eragile izan daitezen, ez bakarrik harremanetan, baita inguruan ere. Zein izan zen zure entzuleen profila? Zelan uste duzu eragingo dutela jardunaldiko hausnarketek ikerketa zientifikoan eta unibertsitatearen berrikuntzan eta Europako esparruan?
Entzuleak Europako Parlamentuko kideak eta batzordeetako ordezkariak ziren, baita STEM erakundeetakoak ere, asko emakumeei begira zuzenean lanean ari direnetakoak. Saioaren helburua zen gomendioak ematea eta lehenespenak ezartzea, genero ikuspegia txertatzeko Ikerketa eta Berrikuntzako Europar Markoko etorkizuneko programan, Horizon Europe delakoan, hain zuzen. Europak justizia soziala bultzatu behar du bere politiketan, eta ezin da politika zientifikorik egin populazioaren erdia baztertuz. Halako jardunaldiek presionatzea dute helburu eta “ekinak” izatea, gutaz ahaztu ez daitezen.
Urteak daramatzazu aktiboki bidezkoa eta orekatua izango den gizon eta emakumeentzako espazio komun bat eratzen. Epe ertain-luzera, uste duzu androideek ardi matxistekin amets egiten jarraituko dutela ?
Karrera zientifiko-teknologiak ikasten dituzten emakumeen kopurua hobetzen ez badugu, ziur androideek ardi matxistekin amets egiten jarraituko dutela. Askotariko taldeak behar ditugu, teknologia ikuspegi askotatik begiratuta diseinatuko dutenak. Ona litzateke euren buruei galdera egitea eta Carnegie Mellon Unibertsitatearen ikerketak erakusten duen bezalako kasuak zuzentzea (“Automated Experiments on Ad Privacy Settings. A Tale of Opacity, Choice and Discrimination). 1.000 erabiltzaile itxurazko sortu ondoren (% 50 emakumezkoak eta % 50 gizonezkoak), jabetu ziren gizonezkoek 1.800 aldiz ikusi zutela 200.000 dolarretik gorako soldata eskaintzen zuen iragarki bat eta emakumeek, berriz, 300 aldiz baino ez zutela egin.
Jardunaldi horretan puri-purian dauden gaiak jorratu dituzue: Goi mailako hezkuntzan zientziarako sarbidea, Generoa, kultura eta lidergoa zientzian, eta Ikerketa zientifikoa eta generoa. Funtsezko zein ideia uste duzu ageri direla ondorioetan, Zientzia emakumeek, emakumeentzat eta emakumeen artean lortzeko Horizon Europe-n?
Jardunaldia ez da amaitu. Orain eskatu digute ondorio eta lehentasun horietan lan egiteko eta Soledad Cabezón Ruiz eurodiputatuari bidaltzeko. Baina parte hartzerik gehienetan atera zen puntuetariko bat role models delakoak izatearena izan zen. Hau da, neskatilek behar dute beren burua islatuta ikusiko duten norbait, “superemakumeak” soilik izango ez direnak. Jocelyn Bell astrofisikariak esan zuen bezala, “Marie Curie bezalako erreferenteez gain, gizarteak eredu normalak behar ditu, egunerokoak, neskatilen artean bokazio zientifikoak sortzeko”. Microsoftek Europa guztiko 11.500 neskaren artean egindako ikerketa batek lotura argia ikusi du Zientziaren eta Teknologiaren munduan emakumezkoen erreferentziak ikustearen eta neskek STEM gai horietarako duten interesaren artean. Horrela sortu zen Deusto Inspira STEAM, neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi dituen proiektu, sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak bultzatzen dituena, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Lehenengoz erabili da taldeko aholkularitza teknika (mentoring-a), STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak, ingelesezko sigletan) irakasgaiak sustatzeko proiektu batean, lehen hezkuntzako ikasleen artean, eskolako ordutegiaren barruko sei saiotan. Azken batean, neskatila bakoitza inspiratzea da kontua, izan nahi duena askatasunez aukeratu dezan. NASAko Mae Jemison astronautak esan zuen bezala, “ez utzi besteen irudimen mugatuak mugatu zaitzan”.
Ikerketaren eta berrikuntzaren testuinguruan, zein litzateke zure gomendioa 2018ko unibertsitaterako, inguru publikoan emakumearen partaidetza eta aitorpena bultzatu eta gizartean eratu diren genero rolak desprogramatzeko oinarri sendoak sortzeko?
Unibertsitateak haurtzarotik hasi behar du eginkizun horretan, zeren karrera zientifiko eta teknologikoetara gazteak eramaten dituen tutua zulatu eta tantaka ari baita askoz arinagotik, bidean husten da eta ez dira heltzen. Zeregin handia eta non eragin asko dago. Berreskuratu eta kontatu dezagun emakume zoragarrien historia, zientzia eta teknologian aitzindari izan direnena, eta gerora ikusezintasunaren “superboterea” jasan dutenena. Berreskuratu ditzagun testu-liburuetan (Espainiako hezkuntza materialetan emakumeen presentziaz egin den ikerketarik handienak hiru argitaletxetako 115 eskuliburu aztertu zituen, eta emakumea % 7,5etan baino ez dira agertzen, batez beste DBHko irakasgaietan), telesailetan (Scully efektuaz hitz egiten da: 30 urte inguruko emakume zientzialarien % 63 ‘Expediente X’ telesaileko protagonistagatik dira zientzialari. Fikzioko pertsonaia bat bada ere, Dana Scully asko izan ditugu historian), filmetan (Figuras Ocultas bezalako adibideak). Jar ditzagun denen begien aurrean gaur egungo emakume bikainak, urrun heltzea lortu dutenak. Landu ditzagun karrera horiei lotutako estereotipoak. Zientzian lan egiten duen pertsonaren irudi soziala friki eta pertsona asozialei lotuta egoten da. Horrez gain, zailtasuna du elkarte zientifikoak gazteekin lotuko dituen diskurtso bat prestatzeko. Zientziarekin eta teknologiarekin sortu, asmatu eta bizitzako esparru guztietan parte hartzen dela erakutsi behar diegu, era erabakigarrian, gainera.