Skip to main content

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, 2024-2025 ikasturte honetatik aurrera, “Misio Diplomatiko” bat sortu du Deusto Law Alumni (DLA) ikasle ohien elkartearentzat. Misio diplomatiko hori, urtero, Zuzenbideko ikasle ohien kolektiboaren bikaintasuna eta hainbat esparru eta lanbidetako aniztasuna islatzen duten pertsonek osatzen dute. Enbaxadore horiek, urteko agintaldian, DLAren logotipoa gehituko diote beren komunikazioetako sinadurari,; Deusto Alumniren komunikazio, buletin eta berrietan agertuko dira, formatu fisikoan zein digitalean; eta Elkarteak antolatzen dituen izaera askotako ekitaldietan ohorezko gonbidatuak izango dira.

2025erako izendapena Marta Areizagak eta Joaquin Gimenezek jaso dute. Biak nabarmendu dira beren lan ibilbidean Giza Eskubideen errespetua eta defentsa sustatzeagatik eta gizartearekiko erakutsi duten konpromisoarengatik, lehena enpresa esparruan eta bigarrena epailetzan. Agintaldian zehar antolatuko diren beste jarduera batzuen artean, Zuzenbide Fakultateko graduatu berrien inbestidura ekitaldian parte hartuko dute otsailaren 1ean, ekainaren 6an egingo den Deusto Law Alumni Day ekitaldian eta Bilbon, Donostian eta Madrilen egingo diren Alumni NOW Topaketetan.

Zer esan nahi du zuretzat izendapen honek?

Marta: Lehenik eta behin, ohorea eta harrotasuna da; joan naizen lekura joan naizela, beti eraman ditut hitz hauek: “Zuzenbidea ikasi dut Deuston”. Eta beti sumatu dut hitz horien ospea. Beraz, enbaxadore izatea opari bat da. Gainerako Alumni ikaskideekin kezkak, eragiten diguten gaiak, bizipenak, ikaskuntzak… partekatzeko konpromisoa da. Elkartearen lana hedatzea. Zabaltzea.

Joaquín: Ezusteko atsegina izan da; 1963tik 1968ra unibertsitatean igaro nituen bost urte haiek gogoratzeko aukera eman dit, oso bizipen biziak eta positiboak izan nituen. Eta, aldi berean, uste dut oso aberasgarria izan daitekeela ikasle ohiekin topo egitea, aldizkariaren bidez edo aurrez aurreko topaketetan.

Zer helarazi nahiko zenioke Deusto Law Alumni komunitateari 2025eko agintaldian?

Marta: Jakinarazi nahi nieke Zuzenbidean aritzea, dela bulegoan, dela epaitegietan, dela enpresan, lanbide bikaina, noblea eta beharrezkoa dela gizarte aske eta demokratiko batean. Horretarako, legelariak pentsamendu- eta irizpide-askatasuna izan behar du bere kausak eta kasuak defendatzen jakiteko. Horregatik, esan nahi nieke Deustuko Unibertsitateak altzariz jantzi ninduela, burua ondo antolatu zidala ikuspegi juridikotik araua sakon ezagutzeko nora jo behar dudan jakiteko, kritikarako gaitasuna eman zidala, irizpide pluralak ulertzeko gaitasuna, bai eta ahoz eta idatziz adierazteko gaitasuna ere, eta hori oinarrizkoa da edozein profesionalentzat. Fakultatean ikasi nuen bizitzeko eskubidea pertxa bat dela eta handik zintzilik daudela gainerako eskubideak. Zuzenbidea gizatiarra da edo ez da zuzenbidea. Ildo horretatik, denok gaude hura defendatzera behartuta, enpresak barne, haien erabaki sozial, ingurumeneko edo etikoen garrantziak zuzenbidean, publikoan eta pribatuan eragiten duelako, tokiko, Europako eta nazioarteko zuzenbidean, gaur egungo desinformazioari arreta berezia jarrita.

Joaquín: : Hainbesteko liskarren eta hitz jario hutsalen garai honetan, ideiarik garrantzitsuena gogoetaren beharra da. Unibertsitario orok pentsamendu askatasuna behar du eta gai izan behar du etengabe jasotzen dugun informazio mordoa ikuspegi kritikoarekin diskriminatzeko. Horrekin batera, gauzak zalantzan jartzen ikasi behar du, eta zalantza horretatik abiatuta, koherentziaz eta sendotasunez lan egin, mundu solidarioago eta bidezkoago bat eraikitzen lagunduko diguten balioak sendotzeko. Utopia beharrezko horri ezin diogu uko egin, guztioi dagokigun zerbait da.

Zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zure ikasle urteez?

Marta: Denak onak. Urte zoragarriak izan ziren. Urte haietako oroitzapenak eta adiskideak geratzen zaizkit, eta haiekin betiko adiskidetasuna dut. Ikasteko ilusioa mantentzen dut, egunean egotekoa, izaera geldiezina. Gogoan ditut irakasleak, batzuk apartak; oraindik gogoratzen ditut haien esaldi zehatz batzuk. Gogoan ditut ahozko azterketak, gaia defendatzera behartzen gintuztenak eta, ondoren, lanbidean hain garrantzitsuak izan direnak. Eta Deusto Business Schoolen eskolak ematen ditudan bakoitzean, Arrupe pasabidetik sartu eta nire Zuzenbide fakultatetik pasatzen naiz… Nire etxea da.

Joaquín: Oroitzapen asko eta askotarikoak ditut. Alacanteko probintziatik nentorren, eta ez nuen inolako loturarik ez Bilborekin ez Euskal Herriarekin. Ezagutzen ez nuen errealitate batekin egin nuen topo, eta, ikuspegi askotatik, aberastu egin ninduen. Ikasketei dagokienez, oso gogoan ditut Juan Churrucaren zuzenbide erromatarreko eskolak eta Antonio Beristainen zigor zuzenbidekoak; biak ala biak berritzaileak izan ziren garai hartan eta aire freskoa ekarri ziguten. Bi “maisu” handi horiei aitorpena egin nahi diet.

Bestalde, gogoan ditut mendira egindako txangoak: 1963ko azaroan igo nintzen lehenengoz Gorbeiara eta, gerora, askotan jarraitu nuen mendian gora Bizkaiko geografia osoan zehar.

Uste dut Deustuko egonaldiak ekarpen erabakigarria egin ziola nire prestakuntza integralari, arlo akademiko hutsetik harago.

Argazkien edizioa: Andoni Liquete Gascón