Pozten gaitu ikusteak denbora errekorrean iritsi zarela hainbesteko ardura duen zuzendaritzako postu batera, LIN3Sko bazkide eta B2Bko zuzendari gisa, herrialdeko aholkularitzako enpresa digital garrantzitsuenetako batean. Nola sentitzen zara? Partekatuko zenituzke, baleude, prozesuaren argi-ilunak?
Gaur egun, nire taldeak, LIN3Sko zuzendaritza-taldeak eta bazkideek erabat babesten naute. Lehenengo egunetik, haiekiko konfiantza eta gardentasuna erabatekoa izan da, eta uste dut horrek ahalbidetu duela une bakoitzean nire onena ematea.
Abentura guztietan bezala, dena ez da erraza izan; hara, 2019an egin nuen bat proiektuarekin, pandemiarako hilabete gutxiren faltan, eta negozio ildo berri batekin, ingurune nahiko zalantzazkoan martxan jartzeko, ia 20 urte elkarrekin lanean zeramatzaten hiru bazkiderekin.
Une horietan, nire ibilbide profesionaleko beste askotan bezala, iruzurgilearen sindromea agertu zitzaidan, erronka horretarako prestatu gabe edo, gainerakoek ez bezala, ezagutza nahikorik ez nuela gogoraraziz. Esango nuke zaila dela sentsazio hori erabat ezabatzea, baina urteekin konturatu naiz zentzu horretan hitzez adieraztea eta ahul agertzea dela antidotorik onena, eta, horretarako, konfiantza osoa duen talde batez inguratzea dela onena.
Bestalde, bada nik “intuizio arrazoitua” deitzen diodan zerbait. Aurretik erronka bat duzunean, hausnartzen eta aztertzen ematen duzu denbora, irtenbiderik onena emateko, baina iristen da une bat non zure intuizioez gidatu besterik ez duzula eta ekitea besterik ez zaizula geratzen. Askotan, beldurra sentitzen dugu erabaki oldarkor bat hartzen ari garela, baina, egiaz, intuizioa eta arrazoia eskutik ari dira lanean.
Azken hamaika urteetan taldeak eta proiektuak gidatzeko aukera izan duzu. Zure ustez, zein da zure lidergo-ikuspegia eta nola eragin du zure taldeetan eta emaitzetan?
Zintzo jokatuko dut zuekin: egunero jarraitzen dut lanean nire lidergo-ikuspegia hobeto ezagutzeko. Uste osoa dut lider baten garapena pertsona gisa garatzeari eta nork bere burua ezagutzeari dagoela zuzenean lotuta eta, beraz, inoiz amaitzen ez den bidea dela. Eta eskerrak horrela den!
Lidergoa ez dut inoiz titulutzat hartu, erakunde bateko pertsonengan eragina izateko erantzukizuntzat baizik, batzuetan zure taldeaz edo arlo funtzionalaz harago.
Hortik abiatuta, beti bilatzen dut taldea bultzatzea, helburuak ikuspegi partekatutik egitea eta helburu horiei heltzeko modua aztertuta, ulertuz pertsona bakoitzak bere ezagutzetatik egiten duela ekarpena, batez ere bere esperientzietatik.
Urteekin ikasi dut horrek, asmo handiko enpresa-helburuak lortzea dakarrela, baina horretarako entzute aktiboa praktikatzea eskatzen duela, gai bakoitzari adimena zabalik izanda heltzea eta taldekide bakoitzarengandik ikasten jarraitzeko jakin-mina izatea.
LIN3Sn, zer elementu hartzen dituzue kontuan zuen markaren eta negozioaren hazkundea bultzatzen lagunduko dioten estrategia digitala diseinatzerakoan?
LIN3Sn, etorkizuneko negozioak diseinatzeko asmoa dugu eta, horregatik, gure balio nagusia negozio-estrategia ardatz harturik pentsatzean oinarritzen da.
Lehenengo eta behin, gure bezeroen funtsezko helburuak, erronkak eta adierazleak finkatu eta bide-horri bat sortzen dugu, 2-3 urtera begirakoa, egindako ekintzek zer ekarri duten bueltan aztertzeko. Horrela, laguntzen diegu gure espezialistek norabide bat izan dezaten, bezeroekin negozioan eragina duten gaiez hitz egin dezaten eta teknika hutsean gal ez daitezen.
Ildo horretan, 3 arlo handitan lan egiten dugu: eskaera sortzen, erabiltzailearen esperientzian eta Datan. Hau da, bezero izan daitezkeenak markarekin duten esperientzia ahalik eta onena izan dadin saiatzea eta datuak ustiatzea, harreman horren prozesu bakoitza optimizatzeko eta hobetzeko.
Hori guztia gerta dadin, jakintza arlo guztiak jasotzen dituen antolaketa horizontala bateratzen dugu, jakintza teknikoaren bikaintasunetik abiatuta, antolaketa bertikalarekin, negozio-sektoreetan dugun espezializazioaren bidez.
Baina ezerk ez du zentzurik bezeroaren taldearekin lerrokatuta ez bagaude. Horregatik, garrantzi handia ematen diogu prestakuntzari, hau da, ezagutza eta gaikuntza partekatzeari. Hizkuntza bera hitz egin behar dugu.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko alumniei, bereziki neskei, lanbideko karrerak zuzendaritza postuetarantz garatzeko aukera egitean?
Egia esan, benetako berdintasuna ez da errealitatea gaur egun. Urrats handiak egiten ari gara, baina oraindik badago zer egina. Adierazi nahi nieke, azken urteotan zenbait gauza aldatu diren arren, ez genukeela engainatu behar denborak, berez, gauzak hobetzea ekartzen duela pentsatuta eta, beraz, gaur egun oztopoak egon badaudela, eta horiei aurre egiten jarraitzea dagokigula.
Aholku bat eman ahal izango banu, nire esperientziatik, esango nieke ez dagoela beste biderik begirada zabal mantentzea, prestatzea, behatzea, taldeei entzutea eta, batez ere, garapen profesional hori modu partekatuan eraikitzea baino, beste emakume batzuekin aliantzak eraikiz, haiengandik ikasiz eta edozein konpetentzia mota gaindituz. Agian horrek bidea motelagoa egingo du, baina seguruenik urrunago eramango gaitu.
Eskerrik asko gure aldizkarian parte hartzeagatik. Amaitzeko, kontatuko diguzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan igarotako urteetako oroitzapenen bat?
Zenbat oroitzapen! Oso maitekiro gogoratzen dut laugarren eta bosgarren urteetan ikasle berrientzako ateak zabaltzeko jardunaldietan lan egin genuela, eta liburutegiko sarreran zeudela, haiek eta beren familiak sarreran geratzen zirela, graduen berri ematen zitzaien gunera sartu gabe oraindik, gurekin hitz egiten unibertsitatean izan genuen esperientziari buruz eta talde txikietan ematen genituen aholkuei buruz.
Unibertsitateko urteak etengabe egokitu eta ikastekoak izan ziren: atzerrian lehen esperientzia bat bizitzea, Anberesen eman nuen Erasmus-ari esker; Ingeniaritzako ikasgeletan 2 ikasturte igarotzea, La Comercial birmoldatzen zuten bitartean; eta Iberdrola Dorrea adreiluz adreilu nola eraiki zuten ere ikusi genuen!