Ikasketak Bilbon, Brujasen eta New Yorken egin zenituen: zuzenbidea ikasteko hiru ikuspegi desberdin. Zer desberdintasun eta antzekotasun aipatuko zenituzke haien artean?
Egia esan, ikuspegi osagarriak dira, eta, nire kasuan, joan-etorriko bidea osatu dute, zirkulua lanbidean eta bizitzan. Bistan denez, Deustuko Unibertsitatea erabakigarria izan da aurrerago egin dudan guztian. Deustuk prestakuntza bikaina emateaz gain, profesional eta pertsona gisa prestatu nauten gaitasunak eta balioak eman zizkidan; exijentziaren eta jakintzaren garrantzia, justiziarekiko eta elkartasunarekiko konpromisoa, elkarrizketaren garrantzia.
Deustun lizentziatu berritan, Brujaseko Europako Ikastetxean Europa osoko ikasleekin ingelesez eta frantsesez ikasteko common law delakoari eta jurisprudentzian gehienbat oinarritutako eztabaidei aurre egiteko geratzea, ordea, aldaketa handia izan zen. Hasieran, nire Civitas kodeen falta sumatu nuen (kar-kar). Brujasek europazale konbentzitua egin ninduen.
Zuzenbidearen ikaskuntzaren eta jardunaren ikuspegi anglosaxoia ez zen berria izan New Yorkeko Columbia Unibertsitateko zuzenbide eskolan. New Yorken, ordea, merkataritza-kulturan eta ikasgeletako lehia-izpiritutan blaitu nintzen. Halaber, kontuan izan behar da Estatu Batuetan zuzenbideko ikasleek beranduago hasten dituztela ikasketak; izan ere, Unibertsitateko (College) lau urte eginak dituzte lehenengo, eta horrek eragina du ikasleen heldutasunean eta anbizioan, amaitu bezain laster itzuli behar dituzten ikasketak finantzatzeko banku-maileguak ez aipatzeagatik.
Lizentziatura amaitu eta Europako zuzenbideari buruzko masterra Brujaseko Europako Ikastetxean egin ondoren, Madrilen hasi zenuen karrera profesionala, enpresako abokatu gisa. Ondoren, Bruselara (Belgika) joan zinen, eta abokatu-bulego batean sartu zinen. Eta han lanean ari zinela, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean Zuzenbideko master bat ikastera joatea erabaki zenuen. Esango diguzu zergatik erabaki zenuen Bruselara joatea eta, ondoren, berriro ikasteko eten bat egitea?
Nerabe nintzela eta Deustuko Unibertsitateko ikasketetan zehar, uste nuen dena modu linealean pentsatuta eta planifikatuta neukala, eta, hala ere, azkenean ia dena alderantziz egin dut. Madrilen enpresako abokatu gisa hasi nintzen, elkarrizketa bat egin ondoren. Elkarrizketa horretan, ustez, elkarrizketatuaren laguntzailea izango nintzen eta, bat-batean, munduko lanik interesgarrienetako bat nuen, enpresa handi batean, liberalizazio betean zegoen sektore batean eta 25 urteko kontratu mugagabe bat. Bitartean, nire lagunak Bruselako bekadunen festetan zeuden, eta nik uste nuen ondo etorriko zitzaidala bulego batean lan egitea eta beste lan-esperientzia batzuk izatea. Beraz, 2002an Bruselara etorri nintzen Espainiako abokatu bulego batera, eta handik gutxira bulego amerikar batean hasi nintzen lanean. Lankide eta bezero amerikarrekin lan egin eta gutxira, pentsatu nuen Estatu Batuetako unibertsitate handi batean prestakuntza izateak ikuspegi akademiko desberdina emango zidala eta profesional hobea izango nintzela. Tontakeria badirudi ere, Columbiako zuzenbide eskolan pentsatzen ikasi nuen, espiritu kritikoa garatzen. Neure buruari erantzunik gabeko galdera asko egiten. Eta abokatu bulegora itzuli nintzen, neure buruaz seguruago, dena ez nekiela seguru, baina ikasteko gaitasuna nuela sinetsita.
Hamabi urtez arlo pribatuan abokatutzan aritu ondoren, zerk bultzatu zintuen Europako Batzordean lanean jarraitzera? Zer desberdintasun eta antzekotasun nagusi izan dituzu sektore pribatuan eta sektore publikoan lan egitearen artean?
Oraindik ere uste dut Europako Batzordera iritsi berria naizela eta nire ibilbide profesionalaren zatirik handiena sektore pribatuan egin dudala. Baina ia 11 urte dira Europako Batzordeko Lehiaren Zuzendaritza Nagusian hasi nintzela. Beraz, nire ibilbide profesionalaren balantze txiki bat egiten has naiteke sektore pribatuan eta publikoan.
Egia esan, sektore publikoan egiten dudan lana sektore pribatuan dudan lan-esperientziaren hedapen bat da. Jarraipen natural moduko bat. Uste dut administrazioan nire lana askoz hobeto egin dezakedala, sektore pribatua eta gure politikek eta erabakiek izan dezaketen eragina ezagutzen ditudalako. Gainerakoan, bezeroak ditut oraindik ere. Batzordean egiten dudan lana beste unitate batzuekin, beste zuzendaritza nagusi batzuekin, komisarioen kabineteekin eta abarrekin harremanetan egiten dut. Egoera askotan, bezero horiek ez dira hain desberdinak sektore pribatuko bezeroekin alderatuta. Agian, batzuetan faltan botatzen dut negozioko pertsonekin hitz egin ahal izatea, ez abokatuekin, baizik eta produkzioan edo salmentan aritzen direnekin eta hornidura-kateak nola funtzionatzen duen kontatzen dizutenekin, edo zergatik X produktua ezin den Y produktuarekin ordezkatu azaltzen dizutenekin. Oso interesgarria eta aberasgarria iruditzen zait, eta bezeroarengandik eta haren bilakaeratik hurbilago sentiarazten zaitu.
Hala ere, Europako sektore publikoak abiarazitako ekimenen alde eginez, esan beharra daukat Europako Batzordeak oso lan-aukera zabalak ematen dizkizula, sektore pribatuak eskaini ezin dituenak. Gaitasunetan edo soft skills izenekoetan oinarritutako oposizioak direnez, ez nahitaez ezagutzetan oinarritutakoak, Europa osoko profesional bikainekin lan egiteko aukera duzu, baita praktika-arloak eta gai desberdinak ezagutzeko aukera ere; izan ere, Zuzendaritza Nagusien barruan eta Zuzendaritza Nagusien artean mugikortasuna sustatzen da eta horrek ikasten jarraitzeko, aldian-aldian zure erosotasun-eremutik irteteko eta erronka berriak hartzeko modua ematen dizu. Eta 20 urte baino gehiago lehiaren zuzenbidean jardun ondoren, bai maila pribatuan, bai maila publikoan, aurten jauzi egin dut Komunikazio, Eduki eta Teknologia Sareen Zuzendaritza Nagusira edo DG CONNECTera, eta Konektibitate eta Hamarkada Digitaleko Zuzendaritzan sartu naiz. Eta batek daki, agian, etorkizunean sektore pribatura ere itzuliko naiz. Azkenean, garrantzitsuena da egiten duzuna gogotsu egitea eta ikasten eta harritzen jarraitu ahal izatea.
Zure lanak eskatzen dizun pribatutasuna eta diskrezioa errespetatuz, kontatuko zeniguke zer-nolako kasuei aurre egin behar izan diezun, zein erronkari aurre egin behar izan diezun eta zein izan ziren zure lorpen nagusiak?
23 urtek askorako ematen duten arren, uste dut erronka profesional handienak nire lanaren zintzotasuna eta orain oso modan dagoen beste bat, fairness/ekitatea, defendatzea izan direla. Bai merkatuan boterea duten enpresentzat lan egin, bai antitrust prozedura desberdinetan interesa duten hirugarren aldeak ordezkatu, bai beste aldetik, karguen pleguak idatziz karteletan edo nagusitasunezko posizioko abusuen edo estatu-laguntzen erabakietan jardun, zailena beti da koherentziari eustea eta norberak duen guztia ematen ahalegintzea, baita batzuetan eszeptizismo handiz hartzen edo jasotzen dituzten argudioak planteatzen dituzunean ere, 10 urte geroago legedi bihurtu direla ikusita ere. Covid-19aren garaian aurrekaririk gabeko lan-erritmoari eustea edo Brexita tristuraz eta sinesgogor bizitzea izan dira beste erronka batzuk.
Lorpenak zeintzuk izan diren ez nuke jakingo esaten. Uste dut batzuetan batzuentzat hain garrantzitsuak ez diren gauzak egiten badituzu ere, barru-barrutik betetzen zaituztela. Adibidez, 5 urtez DG COMPen lan egiteko zortea izan nuen, lehiaren zuzenbidearen aplikazio pribatuko unitatean, eta Espainian lehiaren zuzenbidea aplikatzen duten epaileekin harremanetan jartzeko aukera izan nuen, batez ere lehiaren zuzenbidearen arau-hausteek eragindako kalteen follow-on akzioetan. Uste dut nire harri-koskorra jarri dudala esparru horretan, EBko Lehiaren Zuzenbidearen aplikazio pribatuko prozeduretan organo jurisdikzional nazionalek informazio konfidentziala babesteari buruzko komunikazioa idatzita. Komunikazio hori 2020ko uztailean onartu zen.
Hala ere, nire lorpenik handiena urte hauetan ezagutu ditudan eta ikaragarri irakatsi didaten pertsonak dira. Hori ez du gainditzen idatzi dezakedan inolako erabakik edo legek.
Azkenik, eskerrak emateaz gain, galdetu nahi dizugu zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zure ikasle-urteez.
Gogoan dut liburuak Uniko liburu-dendan erostea (urte haietako karpeta urdin bat gordetzen dut oraindik), arratsaldeetan pezeretan ikastea, notak kortxoan itsatsita zituzten korridoreak, ikasgelan oraindik erretzen ari ziren irakasleak, atsedenaldiko etena egiten ari ginen bitartean Guggenheim eraikitzen ikustea, plan berriko “laborategiko sagu” izatearen estresa, eta berak ez badaki ere, maitasunez gogoratzen dut Beatriz Pérez de las Heras erkidegoetako zuzenbideko irakaslea: erkidegoetako askatasunaz hitz egiten zidan eta egun batean kortxoan Europako Ikastetxeko posterra itsatsi eta joatearekin amets eginarazi zidan. Gainerakoa ia historia da.