“… Ametsa dena delakoa izanda ere, ez dute utzi behar. Eman dezatela denbora amets horretan, on egingo die eta; baina ez daitezela helmugara heltzeaz itsutu; garrantzizkoena egingo duten bidea gozatzea da”.
2020ko azaroaren 4an, Otro eslabón de tu cadena nobelak ikusi zuen argia, bederatzi urteko lanaren ondoren. Kontatuko zenizkiguke lanaren hastapenak eta proiektu horren ondorengo garapena?
Kaixo! Otro eslabón de tu cadena lanaren hazia 2009an Ekuatore Gineara Asociación Africanista Manuel Iradier GKEarekin egin nuen bidaiatik sortu zen. Hasieran hilabete edo biko kontua izango zena urte erdiko bihurtu zen, lur hartaz liluratuta geratu bainintzen. Hurrengo urtean eleberria idazteari ekin nion, baina ez nion dokumentatzeari eta eskuizkribua berridazteari utzi 9 urte pasatu arte. Lehenago jakin izan banu, seguru asko ez nintzatekeen hain proiektu korapilatsuan sartuko nire lehenengo lanean. Ikaskuntza ederra baina lan nekeza izan da, une onak eta latzak izan dituena.
Afrikar kontinentea oraindik ere ezezaguna da pertsona asko eta askorentzat. Ekuatore Gineaz eleberrian erakusten diguzunak islatzen du kolonizatzaileengandik independizatu eta tokiko diktadore baten atzaparretan erori eta boterean betikotzen den herrialde baten drama. Uste duzu prozesu hori beste herrialde afrikar batzuetara estrapolatu daitekeela? Zelan bizi dute ginearrek beren eguneroko bizimodua?
Erabat estrapolatu daiteke. Kolonia izan ondoren, diktadurak heldu ziren afrikar kontinentera. 22 herrialdetan jarraitzen dute diktadurek, beste 22tan egoera hibrido bat dago eta 10 baino ez dira erabateko demokraziak. Baina deskolonizazio garaian ere, gu geu ere diktadura baten uztarpean geunden eta Europa zaharra bigarren mundu gerratik irten berria zen, hogeita hamar urte lehenago.
Ekuatore Gineako egunerokoa azaltzea zaila da, egun bakoitzak ezustekoren bat ekartzen dizu eta. Askotan egiten nuen esnatzearen eta zer gertatuko zaizun edo zer ikusiko duzun ez dakizun antzezlan batean oihala igotzearen arteko konparazioa. Balioak, sinesmenak, errutinak eta bizimodua mendebaldekoetatik oso bestelakoak dira. Egia da globalizazioak munduko herrialde guztiak gero eta antzekoagoak izatea dakarrela, baina Afrikan Brontze Arotik industrializaziora egin zen jauzi, gainerako aroetatik pasatu gabe; eta oraindik bizimodu oso desberdinak mantentzen dira, mentalitate oso desberdinekoak.
Zure blog pertsonalean duzun biografia laburrean diozu, antipodetako marinel bakarti garaiak erakutsi zizula idazteagatiko eta irakurtzeagatiko zaletasuna. Kontatuko zeniguke garai horretako zerbait?
Bai, noski. 2004an, marinel lan bat atera zitzaidan, Kanaria Handian nituen kontaktu batzuei esker. Garai hartan inguru hartan bizi nintzen. Luxuzko belaontzi bat zen, Zeelanda Berriko portu batean amarratuta zegoen. Goi mailako israeldar bikote batek gobernatzen zuen ontzia, baina nik ezin nuen haiekin inolako harremanik izan, beheragoko kasta batekoa nintzelako, haien hezkuntzaren arabera. Ni nintzen eskifaiako kide bakarra, bikoteaz gain. Ezin izan nintzen inorekin komunikatu itsasoan egin genuen ia zeharkaldi osoan. Garai hartan, ni 22 urteko gaztea nintzen, kale eta harremanen zalea. Bikotearekin harremanik izan ezin nuenez, denbora libre guztia idazten eta irakurtzen eman nuen. Ordura arte halakorik ia egin gabe nengoen. Oso garai latza izan zen, baina oso atsegingarria, nire bizitzaren norabidea aldatu zuen eta.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei, idaztea egiten ausartzen ez diren ametsa dela susmatzen dutenei?
Ametsa dena delakoa izanda ere, ez dute utzi behar. Eman dezatela denbora amets horretan, on egingo die eta; baina ez daitezela helmugara heltzeaz itsutu; garrantzizkoena egingo duten bidea gozatzea da.
Amaitzeko, eta zure denboragatik eskerrak ematearekin batera, kontatuko zeniguke Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan igarotako urteetako oroitzapenen bat?
Hain zuzen ere, joan den ostiralean izan nuen bazkaria unibertsitateko adiskide batzuekin eta gogoratzen egon ginen zer momentu onak bizi izan genituen. Niretzat garai zoragarria izan zen. Turismoa berandu samar hasi nintzen ikasten, hasieran Administrazio eta Finantzetako Goi Ziklo bat egin nuelako. Lanean hasi nintzen eta orduan konturatu nintzen hura ez zela niretzat. Ondoren bilaketa aldi bat pasatu nuen. Orduan hasi nintzen nire bidaietan. Gero, Turismoa eta hizkuntzak ikastea erabaki nuen. Berriro ikasteak eta Bilboko Deustuko Unibertsitatea bezalako toki ospetsu eta askotarikoan egiteak harrotasunez bete ninduen eta gaztetu ere bai. Gainera, Munich-a Erasmusa egitera joateko aukera eman zidan, sekulako aukera.