Idatzi beharra era askotara bizi daiteke. Egon daiteke bizipen jakin batzuk idatziz jasotzeko beharra. Beste batzuetan, egon daiteke barru-barruko hausnarketak paperean jarri beharra. Edo batzuetan, egon daiteke istorioak sortu beharra, nire kasuan bezala. Benetako bokazioa bada, premia larri bihurtuko da, eta ezin izango dute alde batera utzi. Idatzia inork inoiz irakurtzen ez badu ere, idazten dutena burua ordenatzeko baino ez bada ere, idatzi egin beharko dute.
Ezer baino lehen, zorionak zuen bosgarren umearen jaiotzagatik.
Eskerrik asko!
Duela hiru urte argitaratu zen zure lehenengo eleberria La ciudad de la lluvia eta iaz, El lenguaje oculto de los libros. Lehenengoaren prestaketak denbora gehiago eskatu zizun bigarrenarenak baino. Kontatuko zeniguke zelakoa izan zen proiektu bakoitzaren hasiera eta ondorengo garapena?
Esan izan dute La ciudad de la lluvia liburuak denbora gehiago eskatu zidala eta egia da, urte asko eman nituen istorioarekin. Ez nuen eperik, ez nekien nire gelaren intimitatean urteetan idazten aritu nintzena inork inoiz irakurriko zuen. Gero Planeta-Destino etorri zen, izugarri gustatu zitzaien, argitaratu eta literatura arrakastaren zurrunbilo guztia sortu zen. Nobela beltza zen, 1983ko Bilbon garatzen zena. Uholdeen eta Athletic-en arrakastaren urtea izan zen. Garai gris, industriala eta terrorismoa atzealdean zuena. Ospe handiko abokatu bat eta Athleticeko futbolari bat eta enpresaburu bat gertatzen ari ziren hilketa batzuk ikertzen ari ziren -beraiek bakarrik zekiten hilketak zirela, gainerako guztiek suizidioak edo heriotza naturalak zirela uste zuten-, eta euren ikerketek heriotza horiek Berlinen 1941ean naziei iruzur egin zien pertsonaia baten istorio bitxiarekin lotzera eraman zituen. Prestakuntza handiko nobela izan zen eta jende asko zegoen atzean (garai hartako jokalariak, Vicente del Bosque, esaterako; edo garai hartako enpresaburu asko).
Argitaratu berri dugun eleberria -animatu egiten zaituztet denok irakurtzera (barreak)- El lenguaje oculto de los libros da. Gutxi gorabehera “hiru urte baino” ez ditut behar izan idazteko. Kontua da, istorio hori idaztean, banekiela milaka irakurle izango nituela eta emateko epe batzuk nituela Destinori lana entregatzeko. Horrek presio handiagoa eransten du, baina lasaitu ere egiten zaitu: bitarteko gehiago duzu, segurtasun handiagoa idazten duzun horretan eta esperientzia handiagoa.
Uste dugu -hala esan du kritikak eta prentsak (bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet liburuarekin dena eman dutelako)- nobela borobila atera zaigula. Abentura thrillerra da, hasieratik bertatik irakurlea harrapatzeko diseinatua. XX. mendeko 30eko hamarkadako idazle ospetsu eta enpresaburu bati buruzkoa da, Gabriel de la Sotari buruzkoa; Bilbo eta Oxford artean bizi zen. Iraganeko isileko kontu ilun bat zela eta, ezezagun batek -”Gaizkiaren Jauna” ezizena jarri ziotenak- bizitza ezinezko egiten zion. Hil aurretik, idazleak adiskiderik onenei (J.R.R. Tolkien eta C.S. Lewis-i) inoiz idatzi den lanik onena idazten laguntzeko eskatu zien. Hogeita hamar urte geroago, hil ondorengo nobela horretan idazle famatuaren altxor ezkutua aurkitzeko lorratzak egon zitezkeela jakinarazi zen. Eta mundu guztia, -Tolkien eta Lewis barne, haiek ere adiskidearen heriotzak eta azken nobelak zer enigma ezkutatzen zuen jakin nahirik- lorratzen bila hasi ziren… Eta Gaizkiaren Jauna berriro agertuko da eta tartean jartzen direnak hil egingo ditu.
Bi lanetan ikerketa lan fina, zaindua eta sakona ikusten da. Gainera, istorioak helduaroan ezagutu ez zenituen garaietan daude kokatuta. Zure ustez, zeintzuk izan dira zailtasunik handienak iraganeko bi garaiak eta eszenarioak kateatzeko?
Iragan garaietan edo lurralde ezezagunetan murgiltzea da idazle izatearen gauzarik politenetarikoa. La ciudad de la lluvia-rekin errazagoa izan zen, 80ko hamarkada zelako eta jende askok hitz egin zidalako garai hartaz. El lenguaje oculto de los libros-en kasuan, dokumentazio lana oso handia izan da. Alde batetik, sekretuak elkarri lotuta dituen bi garairi buruz hitz egiten da nobelan: 30eko eta 60ko hamarkadez. Bestetik, pertsonaia historikoak ere agertzen dira, J.R.R. Tolkien eta C.S. Lewis, eta protagonistarik garrantzizkoenetakoak dira. Haien lanak ez ezik bizitza ere aztertu behar izan nuen, ahotsa eta nortasuna baitute nobelan.
Jakina, Oxford-era joan behar izan nuen, hiri unibertsitario ederrera. Joan den mendearen hasieran zen bezalaxe ikus daiteke. Han hiriari, unibertsitateari eta Tolkien eta Lewis-i buruz dokumentatu nintzen gaian aditu zirenekin.
Nobelak Deustuko Unibertsitatearen eta Oxfordekoaren arteko konexioa egiten du eta hori gozagarri gertatu zait.
Lanen salmentarekin irabazten duzunaren zati bat gizarte proiektuetara bideratzen duzu: Cáritas-era lehenengoan eta Pequeño Deseo-ra bigarrenean. Zer uste duzu norbanakoaren gizarte erantzukizuna dela eta?
Nik beste lan bat dut. Abokatuen bulego batean egiten dut lan eta familia zabala dut. Baina bokazioz idazten dut. Horrek sakrifizio batzuk eskatzen dizkit, ez soilik indibidualak. Nire familiak ere jasaten ditu, udako oporretan antolatzen den planetara apuntatu ezin naizenean, adibidez. Egoki iruditu zitzaidan haiek ikustea, idaztean egiten dudanaren zati bat arrazoi handiago bategatik dela, beste batzuei laguntzeagatik. Egia da lehenengo liburuarekin gehiago lagundu niela Cáritasi eta beste gizarte erakunde batzuei. Baina azken nobela honekin Fundación Pequeño Deseo-ra bideratu dut gehiago, oso gaixo dauden umeen ametsak betetzen saiatzen denera. Haien pertsonaia maiteena -fikziokoa edo erreala- ezagutzea edo bidaia bat egitea edo beste gauzaren bat. Muntaketa zoragarria egiten da eta horrek lortzen du ume asko indartzea eta, batzuetan, klinikoki hobetzea. Muntaketa hori nire seme-alabek ikus dezakete, bideoetan jasotzen baita -batzuetan publikoak dira eta beste batzuetan pribatuak-, eta hala, laguntza eman diegun umeei aurpegia eta begiak jartzen dizkiegu, eta horrek mesede egiten diela uste dut.
Zer gomendatuko zenieke idatzi nahia noizbait izan duten Deustuko Unibertsitateko alumniei?
Oso erraza da. Noizbait idatz dezatela
Idatzi beharra era askotara bizi daiteke. Egon daiteke bizipen jakin batzuk idatziz jasotzeko beharra. Beste batzuetan, egon daiteke barru-barruko hausnarketak paperean jarri beharra. Edo batzuetan, egon daiteke istorioak sortu beharra, nire kasuan bezala. Benetako bokazioa bada, premia larri bihurtuko da, eta ezin izango dute alde batera utzi. Idatzia inork inoiz irakurtzen ez badu ere, idazten dutena burua ordenatzeko baino ez bada ere, idatzi egin beharko dute.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizugu eskaini diguzun denboragatik, baita Deustuko Unibertsitatea bi nobeletan aipatzeagatik ere, batean eztabaida batean eta bestean bi hilketaren gertaleku izanik. Esango zeniguke zer oroitzapen dituzun Unibertsitateko geletan ikasle eman zenituen urteez?
Oroitzapen asko ditut. Garrantzizkoena, zalantzarik gabe, hau: emaztea han ezagutu nuen. Gogoan dut askotan, Eraikin Nagusiko tokirik ederrenetatik nenbilela, zutabe, eskailera, pasabide haiek izaten nituen gogoan eta ez ziren ehun urte arinago izan ziren ikasleek ikusi zituztenetatik oso desberdinak. Unibertsitateak Bilbo hazten ikusi zuen eta Bilbo hazarazi egin zuen. Gure historiaren zati bat da.