Bertan igaro nituen urtetan asko gozatu nuen, izan ere, gustatzen zitzaidan zerbait ikasi nuen. Turismoan denetariko apur bat jorratzen duzu: ekonomia, zuzenbidea, hotelen kudeaketa, hizkuntzak, bidaia-agentziak, geografia…
Esaten dute azken azterketa maletak prest zenituela egin zenuela eta, bigarren galderari azken puntua jarri eta Alemaniara hegaz egin zenuela, sektoreko profesional izateko. Zelan bideratu zintuen Turismoak abioietara?
Unibertsitateko ikaskide bi nituen garai hartarako hegaz zebiltzanak eta jakin-mina sortu zidaten. Orduan hasi nintzen informazioa bilatzen. Karrerak emana zidan baldintzetan eskatzen zuten guztia: hizkuntzak, bezeroa ardatz hartzen duten arreta eta zerbitzua, sektore aeronautikoari buruzko ezagutzak eta mundua jateko gogoa. Hala bada, ez nuen birritan pentsatu Alemaniara bidali nindutenean.
Bederatzi urte eman zenituen Düsseldorf-en, lehenengo kostu baxuko hegaldien aire-konpainia batean eta, gero, ohiko hegaldietan, Lufthansa taldeko beste batean. Zein desberdintasun azpimarrako zenuke bi modalitateen artean?
Charter hegaldiak turismo operadoreek kontratatzen dituzte eta helmuga turistikoetara egiten dira. Hegaldietarako txartelak bidaia-agentzien bidez saltzen dira eta aireportuetan aritzen dira, hegaldiak helmuga alternatiboetara eginez. Hegaldi erregularrek, berriz, ibilbidea, datak, orduak ezarrita eta bidaia programatuak izaten dituzte.
Charter hegaldien eta ohiko hegaldien arteko alderik nagusiena hau da: lehenek ez dutela ibilbidea zehaztuta, ezta helmuga ere, eta askoz malgutasun handiagoa izaten dutela. Gainera, bezero mota ere aldatu egiten da: charterretan futbol talde bateko jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak, nutrizionistak, etab. joan daitezke. Izan ditzakezu Airbusen ingeniari taldeak ere, Toulousera, lana dela eta, joan behar dutenak. Ohiko hegaldietan negozio arloko bezero gehiago izaten dira.
2019an hiria aldatu zenuen eta, Madrilen, Iberiarekin hasi zinen lanean. Hamaika urte hauetan asko ikusiko zenuen, herrialde eta kontinente asko bisitatu. Kontatuko zeniguke bidaietako zerbait? Zein herrialde izan dira lur hartu beharra izan duzun tokirik exotikoenak?
Charter konpainian egon nintzenean, batzuetan Ekialde Hurbilera bidaltzen gintuzten, Irak, Libano edo Iranera. Nire kontura bisitatuko ez nituen tokiak dira; baina, lanari esker, ezagutu izan ditut eta sorpresa atsegina eman didate.
Iberian oraingoz eremu laburrean besterik ez dut hegaz egiten, Erroma, Venezia, Paris, Viena edo Zürich bezalako Europako hirietan geratzen naiz. Eta nazioarteko hegaldiak tokatzen zaizkidanean, eta Bilbora bidaltzen nautenean, ni poz-pozik! Hemen etxean bezala nago.
Ziur aski anekdota atseginak izango dituzu zure lanbidearen inguruan, eta hain atseginak ez direnak. Kontatuko zenuke baten bat?
Azken orduko programazio aldaketak oso anekdotikoak izan ohi dira, planak goitik behera aldatzen dizkizutelako, eta inprobisatu beharra dagoelako. Gogoratzen dut behin hiru egun programatuta nituela Alemanian zeharreko hegaldiekin. Lehen gaua Hannover-en pasatu behar nuen eta bigarrena Stuttgart-en. Ikaragarrizko hotza egiten zuen eta nik maleta neguko arroparekin betea nuen.Sinadurarako heldu nintzenean, hegaldia aldatu egin zutela esan zidaten, lankide bat azken momentuan gaixotu zelako, eta berak Dubrovnik-era egin behar zuen hegan. Hotzetik berora pasatu nintzen eta udako arropa erosi behar izan nuen bertan. Egia esan, ez zitzaidan axola izan, aldaketa hobera izan zen! Egun zoragarria izan zen, gure hotela oso irla txiki batean zegoen eta itsasontziz joan ginen hirira.
Egungo datuen arabera, turismoa ikasten duenak ekitaldien kudeaketan, ostalaritzan, helmuga turistikoen kudeaketan edo produktuen sorkuntzan lan egitera jo ohi du. Turismoko alumniei beren lanbidea sektore aeronautikora bideratzea gomendatuko zenieke?
Bai, noski. Lanbide honek badu alde on bat: programazioarekin hainbesteko malgutasuna duzunez, jarduera profesional gehiago egin daitezke batera. Hain zuzen ere, lankide asko ditut beren egun libreetan beste gauza bat ikasten edo beste lan bat egiten jarraitzen dutenak. Nik neuk hizkuntzak ikasten jarraitzen dut. Horrez gain, hedadura handiko enpresa batean bazaude, barruan gora egiteko aukera duzu edota sailez aldatzekoa ere bai, tripulazioen prestakuntzara esaterako, edo programaziora. Nik ez dut ezer baztertzen.
Eskerrik asko eskaini diguzun denboragatik. Azkenik, zer gogoratzen duzu Deustuko Unibertsitatean ikasle gisa egon zinen urteez?
Bertan igaro nituen urtetan asko gozatu nuen, izan ere, gustatzen zitzaidan zerbait ikasi nuen. Turismoan denetariko apur bat jorratzen duzu: ekonomia, zuzenbidea, hotelen kudeaketa, hizkuntzak, bidaia-agentziak, geografia… Hortaz, oso arina egin zitzaidan eta ikasgaiak atsegin nituen. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut eta oraindik harremanetan jarraitzen dut beste ikasle batzuekin.