Skip to main content

José María Guibert Ucín, SJ

2020-2021 ikasturterako lau gradu berrietariko bat Medikuntza da. Deustu, Jesusen Lagundiak mundu osoan zehar dituen 200 unibertsitateetako bat, Espainiako lehena izango da ikasketa horiek ezartzen eta nazioarteko esparruan eskaintzen dituzten 15etako bat. Mugarri historikoa, bai horixe!
Zorionak, errektore jauna, lehenengo, kargua berritu duzulako beste hiru urtetarako! Baita Medikuntzako Graduagatik ere! Batzuk diote, zure agintaldiko lehenengo egunean, bulegoan sartu orduko, beste ezer baino lehen, Deustun Medikuntza falta da edo antzeko zerbait esan zenuela. Aipua egiazkoa izan ala ez, sei urte geroago lortu da. Kontatuko zeniguke zer sentitu zenuen azken onespena jaso zenuenean?

Mila esker. Lehenengoz entzun dut aipu hori. Grazia egiten dit. Egia esan, errektoretzako agintaldia hasi nuenean, ez nuen aldez aurretik pentsatutako ideia askorik, are gutxiago Medikuntzari buruzkorik. Gerora, gizarteko beharrizanak aztertzean eta sektoreko profesional eta zientzialariekin hitz egin ondoren, arren eskatu ziguten Medikuntzako ikasketak ezartzeko. Gaia aztertu genuen, pare bat urtetan berrehun profesionalekin hitz egin genuen, bertoko eta beste kontinente batzuetakoekin, eta osasun zientzien arloa eta, zehazki, Medikuntza ezagutzen hasi ginen pixkanaka. Prestaketan eman genituen urte horietako bereizkuntza erraza da: beharrizan bat dago, egin dezakegu, egin dezagun.

Onarpeneko momentua bizi izan ditudan beste asko bezalakoa izan zen. Pauso ugari eman ditugu, ehunka ataza egin ditugu, prozesu ugari jarri ditugu abian Medikuntzako Gradua zorrotz ezartzeko. Aipatu duzun onarpen hori beste urrats bat baino ez zen izan edo onarpen partzial bat gehiago. Espero genuen, urrats ugari emanak genituen eta; baldintza guztiak betetzen genituen eta izapidea berresteko zorian zegoen. Hedabideetan ondorio deigarria izan zuen, hori gertatu zen. Niretzat urrats bat gehiago baino ez zen izan, jakinik urrats bakoitza aurreko guztien pentzudan dagoela. Ez da loteria. Jarduera zerrenda zehatz eta zorrotz baten katebegia da. Are gehiago, hedabideetan oihartzun zabala izan zuen onarpen horren ondoren, beste pauso batzuk ematen jarraitu dugu, irakasle, ikertzaile, hitzarmen, instalazio eta beste arlo askotan. Laburbilduz, Medikuntzako gradu bat urrats askoko lasterketa bat da.

Deustuko Medikuntzako Graduak apustu berritzaile baten alde egin du, arazoetan oinarritutako ikaskuntzaren alde (AOI metodoa), hain zuzen, Espainian oraindik gutxi ezagutzen den metodologia baten alde. Azalduko zenizkiguke labur-labur ezaugarririk esanguratsuenak? Zelan prestatu da Deustuko Unibertsitatea bertako ikasketetan txertatzeko?

AOI metodoan ia ez dago eskola magistralik, arazoak taldean ebazteko formatua erabiltzen da ezagutza eraikitzeko gehien eta, gainera, praktika klinikoak graduko lehenengo hiruhilekotik hastea dakar. Metodologia horrekin irakasten duten unibertsitate asko bisitatu ditugu, mundu osoan zehar, eta asko ikasi dugu haiengandik. Gainera, hitzarmen bat sinatu dugu Gironako Unibertsitatearekin eta bertako Hezkuntza Medikoko Unitateak bi urte baino gehiago daramatza gure langileen trebakuntzan. Une honetan, prest gaudela esan dezakegu gradua eskaintzeko, metodologia berritzaile hori erabiliz, batez ere.

Lagundiko unibertsitateek urteak daramatzate ignaziotar espiritua sendotzen: Ignazioren espiritualtasuna, pedagogia eta lidergoa.Zertan edo non aurkituko dugu ignaziotar lorratza Medikuntzako Graduan?

Egitekoak Humanismotik abiatuta jorratzea da Deustuko Unibertsitatearen identitatearen berezko ezaugarria. Alde horretatik, etorkizuneko tituludunen eredua hau izango da: Medikuntzako profesionala, gaixoaren hauskortasunean beraren hauskortasuna ikusiko duena eta, kristau humanismotik abiatuta, behartsuari zerbitzu ematea izateko arrazoi bihurtzen duena. Hori bat dator pertsona ardatz hartzen duen Medikuntzaren korrontearekin. Horixe izango da unibertsitate gisa hartuko dugun bidea.

Badakigu, ongi jakin ere, titulazio hori onartu arteko bidean zailtasunak izan direla, behaztopak izan direla bidean. Orain, gaindituta daudelarik, kontatuko zeniguke zelan bizi izan zenituen pertsona moduan, denak ez badira ere, zailtasun horietako batzuk?

Tamaina bateko proiektuek eginkizun asko bete beharra dakarte, lehen aipatzen nuen bezala. Behaztopak edo zailtasunak baino gehiago, beste eginkizun ezezagun batzuei aurre egin beharra izan dugu. Gure taldeek egin ahala ikasi behar izan dute prozesu osoan zehar. Lan etengabea, metodikoa izan da, alde askotatik landu beharrekoa. Metodologia eta proposamen berritzaileak hautatzeko aukera izan dugu, antzinako jokabideei edo zurrundutakoei ainguraturik egon gabe. Deustun izango dugun gradurik berritzaileena izango da. Etorkizunean beste batzuk ere errotik aldatzea pentsa dezakegu, Medikuntzan ikasten dugunetik abiatuta.

Zailtasunik handiena erronka berriei aurre egin beharra izan da, esparru berrietan sartzea, profesional, zientzialari eta erakunde berriak ezagutzea. Zailtasuna baino bide zoragarri batetik ibiltzea izan da, hala bizi izan dut, gero eta automotibazio gehiagorekin eta zerbitzu emateko goi mailako espirituarekin. Deustun “unibertsitate mailako profesionalak” garela sentitu dut. Bestela esanda, beharrizan bat ikusten badugu, zehatz-mehatz ekiten diogu lanari, lanean laguntzeko onenak bilatzen ditu eta gure proiektura biltzen ditugu.

“Behaztoparik” handienak gu geu gara, antzinako jokaeretan lotuta, atxikita geratzen bagara edo erronka berrietarako irtenbide berrietan pentsatzen ez badugu. Lehen esaten nuen bezala, tamaina bateko proiektuak konplexuak dira eta epe ertainera planteamenduak egitea eskatzen dute, ez larritzea unean uneko geldialdiak sortzen direnean, galdera egokiak egitea eta era estrategikoan pentsatzea. Ikasi, ikasi eta ikasi. Irtenbideak eta planteatzen genituen bide berriak egingarriak zirela sinisten lehenak geuk izan behar genuen. Ondoren, beste batzuk konbentzitzen lan egin behar izan dugu, gure erakundearen barruan eta kanpoan.Asko hitz egin dugu eta asko ikasi dugu. Eta hala jarraituko dugu, zeregin asko eta asko dago eta.