Benetan prestatzen bazara, talde ona baduzu inguruan eta zure ibilbidea bide onetik doala ikusten baduzu, seguru asko profesionalizatzen joango zara pixkanaka-pixkanaka, eta baliteke egunen batean zure zaletasuna lehenengo lanbide bihurtzea.
Deustuko Unibertsitatean Soziologia eta Politika Zientzietako lizentziatura amaitu ondoren, Pedagogiako doktoretza egin zuen erakunde berean, unibertsitateko ikasleen enplegagarritasuna gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzako orientazioaren bidez aztertuz. Doktoregoko tesia defendatu baino urte batzuk lehenagotik, ikasketak, irakaskuntza eta ikerketa jorratzen zituen arte eszenikoetan, duela hamabi urtetik hona zuzentzen duen konpainian, Let’s dance izenekoan.
Zazpi urterekin hasi zenuen prestakuntza artistikoa: solfeoa eta pianoa ikasi zenituen lehenengo. Noiz konturatu zinen bide horri ekin behar zeniola eta horri eskaini bizitza?
Egia esan, oso era naturalean sortu zen dena. Ez zegoen pentsatuta, ezta hausnartuta ere. Unibertsitateko ikasketei hasiera eman nienean, pentsatzen nuen horri bakarrik eskaini behar niola denbora, besterik egin gabe, benetan ondo lan egiteko. Baina nire adiskideek konbentzitu ninduten dantza modernoko klaseetara joateko Bilbon, dantzan ona nintzela esaten zuten eta. Laster onartu nuen proposamena eta benetan asmatu nuen: sei hilabeteren buruan, irakasle titulua atera nahi nuen! Karkarkar… Benetan dantzari “estekatuta” nengoen. Kanpora irten behar izan nuen benetan ondo prestatzeko, asteburuetan, astean zehar Unibertsitatean Soziologia ikasten bainuen eta ezin bainuen hutsik egin. Bartzelona, Madril eta Valentzia izan ziren nire eskolak, besteak beste.
Dantza modernoko diziplinetan urteetan prestatu ondoren, nire betiko talde artistikoak ekitaldiak hemen egiten lagundu zidan. Hor etorri ziren dantza modernoko konbentzioak, nazioarteko lehiaketak eta masterclass-ak hainbat diziplinatan, ia beti dantza modernoarekin lotuta, nahiz eta gero eta gehiagotan sartzen genituen beste diziplina batzuk (antzerkia edo kantua, besteak beste).
Harrezkero, etengabea izan da Musika, Piano, Dantza Moderno eta Antzerki Musikaleko prestakuntza eta espezializazioa, ospe handiko estatu eta nazioarte mailako zentro espezializatuetan (Juan de Antxieta, Escuela María Beltrán, Urban Factory, FEDA, etab.). Eta horren guztiaren ondoan, unibertsitateko prestakuntza arrakastatsua. Zelan bateratu ahal izan dituzu denbora, ahalegina eta dedikazio handia eskatzen dituzten bi bizimodu horiek?
Uste dut berezkoa dela, ezin dut zerbait egin gabe egon, batez ere, sortu gabe. Aisiako ohiturak aldatu, besterik ez nuen egin. Asteburuetan ia beti nengoen kanpoan, estilo urbanoetan prestatzen, nagusiki konbentzio espezializatuetan, musikal pila batera joaten, ikuskizunetako zuzendariekin harremanetan; gauza batek beste batera eramaten ninduen eta gauzak gora eta gora zihoazen, ez handiusteagatik, ilusioz beterik baino.
Ondo antolatzen bazara eta antzerako gustuak dituztenekin elkartzen bazara, sinestezina da zenbat proiektu lortzeko modua duzun eta zelako lagunartekotasuna sortzen den.
Aurtengo martxoan Arte Eszenikoen Akademiako kide izendatu zaituzte. Zorionak! Beti ez da garaiz bokaziotzat hartzen denari eskainitako bizitza osoko aitormena lortzen. Zelan bizi izan duzu izendapen hori eta zer dakarkizu zuri eta konpainiari izendapen horrek?
Bat batean izan zen, sinestu ezazue, ez nekien Arte Eszenikoen Akademiarik zegoenik ere! Baina gertatu zen aste berean Max sarietara aurkeztu ginela 4 musikalekin; horrez gain, azken produkzioarekin (Oliver Twist-ekin) promozioko biran genbiltzan. Hedabideetan zabalkunde lana egiten nenbilen. Gauza bategatik eta besteagatik, nire berri izan zuten eta nik haien berri. Nire profila aztertu eta erakundera biltzeko gonbidapena jaso nuen, nire arte munduko ibilbidea kontuan hartuta. Sinestezina izan zen, ohorea. Batez ere, zein akademiko zen bertako kide irakurritakoan. Proposatze hutsa laudorioa izan zen niretzat.
Munduko ilusiorik handienaz bizi izan dugu. Batez ere, ikaragarri gogorra delako proiektuak ateratzea. Ibilbidea berez oso neketsua da; inbertsioak, oso dedikazio pertsonal gogorrek ematen dizkizute halako aitorpenak. Akuilagarria izan zen bide horretan jarraitzeko.
Zure baimenarekin, aurreratuko diguzu zein den (edo diren) jorratuko dituzuen hurrengo proiektua(k) eta noiz ikusi ahal izango ditugun?
Bai, jakina. Maiatzaren 1ean, berriro antzeztuko dugu “Oliver Twist”, Bilboko Campos Elíseos antzokiko areto nagusian. Ekainaren 29an, 5 urte eta pikuren ondoren, “Aladin eta kriseilu miragarria” taularatuko dugu, musikal zoragarria, benetan, oso berezia.
Eta berrikuntzak Gabonetarako prestatzen ditugu. “Sherlock” musikala ekarriko dugu, adieraziko dugu non izango den, oraindik lanean baikabiltza horretan eta; eta “Sekula Betiko Lurraldeko ipuinak” errepikatuko ditugu txikienentzat Campos Elíseoseko Kupulan. Iaz goraino bete genuen aretoa eta errepikatu egin behar dugu.
Zure lanbideko ibilbide harrigarria ikusita, zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei, bokazioz zurearen antzerako ibilbidea jarraitu dutenei, artea eta unibertsitatea uztartuz, eta benetan beren gogoko denari denbora gehiago eskaintzeko jauzia ematera ausartzen ez direnei?
Lotura eta atxikimendu handia diot Deustuko Unibertsitateko Alumni arloari, ondo diozunez, nire tesia inguru horretako gai bati buruzkoa izan baitzen. Egia esango dizut? Dena egin daiteke. Nik bidaiatu dut eta nahi adina eta gehiago irten naiz, baina karrera egin dut, nire kualifikazioak alde batera utzi gabe. Azken batean, sakon-sakonean, beti egonkor eduki nahi nuen zerbait zen. Eta hortik gora nahi duzuna sortu dezakezu. Benetan prestatzen bazara, talde ona baduzu inguruan eta zure ibilbidea bide onetik doala ikusten baduzu, seguru asko profesionalizatzen joango zara pixkanaka-pixkanaka, eta baliteke egunen batean zure zaletasuna lehenengo lanbide bihurtzea.
Ale honetan parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, azken galdera bat egin nahi nizuke: zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitatean ikasle emandako urteez?
Asko zor diot Deustuko Unibertsitateari. Eta ondo ezagutzen dut. Ahizpa guztiok ikasi dugu hemen eta, egia esan, oso pozik. Soziologia karrera zoragarria izan zen; oraindik ere koadrilako kide ditudan asko ezagutu nituen bertan. Oso ikasketa betea zen, diziplina artekoa, orduan esaten zen bezala. Batez ere gizarte arlokoa zenez, giza gaiak jorratzen zenituen eta gaur egun puri-purian dauden errealitate ugari.
Ibilbide artistikoan gertatu zitzaidan bezala, sekula ez nuen pentsatuko Unibertsitatean lan egingo nuenik. Giza Baliabideetan espezializatu nintzen, enpresa batean lan egiteko; baina proiektu lehiakor bat aurkeztu nuen ikasi nuen Fakultaterako eta halaxe hasi nintzen. Batzuetan bizitzak ez dizu bide argia erakusten, entzuten jakin behar duzu.