Soft Skills, gaitasun bigunak, zeharkako gaitasunak… enplegagarritasunerako sinonimoak
WORTH PROIEKTUAren (Youth Employment at the WORk Life THrough Long-Term-Employability Skills) helburu nagusia da gazteen enplegagarritasuna epe luzera hobetzeko trebetasunak identifikatzea, prestakuntzako estrategia berriak ikustea eta gazte prestatzaileentzako metodologia bat sortzea. TURKONFEDek koordinatzen du eta Turkia, Grezia, Italia, Bulgariako erakundeez gain, Media Creativa 2020 ere bazkide du. Azken enpresa horretan, laneratzeko europar proiektuen esparruetako, helduen prestakuntzako, soft skills-en, etengabeko prestakuntzako programen garapeneko teknikari espezializatua da Itxaso Elizondo eta europar proiektu horretako lantaldeko kide da.
Zer pisu dute zeharkako gaitasun esaten zaien horiek lana bilatzeko orduan?
Gaur egun, proiektu honetan ez ezik, beste batzuetan ere egin dira ikerketa batzuk. Ikerketek eta enpresek diote prestakuntza maila ona dagoela, baina batzuetan entzute aktiboa, lidergoa eta antzerako gaitasunen falta somatzen dutela. Egun, gero eta pertsona gehiagok egiten dituzte goi mailako zikloko ikasketak, karrerak, masterrak edo doktoregoko ikasketak; eta, berez, positiboa bada ere, ikasketa horietan ez dira halako gaitasunak lantzen. Akademia eta enpresetatik kanpo ere entzuten dira halakoak, belaunaldi helduetakoek gazteei buruz esanda.
Hainbat ikerketaren arabera, gaur egun prestatzen ari den gazteen portzentaje altuak egingo du lan oraindik prestakuntza akademikorik ez duten lanpostuetan. Kopuru hori zer da, aukera ala ziurgabetasun eragile?
Ez bata ez bestea, aldaketa dela esango nuke nik. Askotan entzuten dugu baieztapen hori baina horren pisua gazteen bizkarrean dagoela dirudi, eta, aizu, nik uste dut hezkuntzan lan egiten duten erakundeek eta politikariek ere badutela zer esanik eta zer eginik horren inguruan, ezta? Ez dut uste dena gazteen bizkarrean uztea bidezkoa denik. Jakina, gazteek gai izan beharko dute erronka horri aurre egiteko, jarrera ona eta borrokarakoa eduki beharko dute aldaketa hori aukera bihurtzeko, baina horretarako prestatuta egoteko, probak egiteko eta bestelakoetarako aukerak ere izan beharko dituzte.
Soft Skills direlakoak nahitaezko kontzeptu bihurtu dira enplegagarritasunaz hitz egiteko orduan. Benetan izaten dira kontuan lan munduan? Hautaketa prozesuetan kontuan hartzen dira ala prestakuntza akademikoak pisu handiagoa du?
Bai, jakina! Adibidez abokatutzan aritzeko pertsona baten bila badabiltza, prestakuntza zehatz hori eskatuko diote, hori argi dago. Baina gaur egun, horrekin ez da aski. Zoritxarrez, pertsona asko daude langabezian prestakuntza maila altua dutenak, eta aldagai hori pisua galtzen joan da. Orain ez da soilik prestakuntza kontua, gaitasun eta jarrera konkretu batzuk espero eta eskatzen dira.
WORTH proiektua amaitutakoan, zeintzuk dira, zure ustez, proiektu horren ondorio nagusiak?
Bi gauza azpimarratuko nituzke nik. Alde batetik, nahiz eta Europa mailako proiektua izan, badira berdintasun batzuk herrialde guztietan topatu ditugunak; hala nola, gazteen egoera kaxkarra lan munduan eta gazteok lidergoko trebetasunik ez izatea. Herrialde batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina egoera hau errepikatu egiten da. Horrek hausnarketa bat egitea eskatuko luke nazioarte mailan, baina ez da ondo egin.
Beste aldetik, nire ikuspuntutik, oso deigarria izan da gazteen eta enpresen iritziak aztertzea. Izan ere, aldagai berdinak antzerako galderak eginda azterturik, erabat erantzun desberdinak jaso ditugu. Hona hemen adibide bat: enpresek zioten gazteok ez dugula entzute aktiborako trebetasunik; gazteok, ordea, arlo sendotzat jotzen zuten.
Zer gomendatuko zenieke lanbideko karrera hasten ari diren Alumniei?
Iraupen luzeko lasterketa bat dela esango nieke. Prestakuntza akademiko hutsak ateak zabalduko dizkielako ideia alde batera uztea gomendatuko nieke; izan ere, garrantzitsua izango da, baina ez erabakigarria. Era guztietako aukerak bilatzera ausartzeko esango nieke, eta geldirik ez geratzeko, praktikak eta bekak aprobetxatzeko. Eta garrantzitsuena: jarrera ona edukitzea. Horrekin ez dut esan nahi txintxo eta isilik egon behar dutenik lanean eta dena onartu behar dutenik; alderantziz, dena ahal bezain ondo egin dezatela, gogotsu aritu daitezela eta, sorte apur bat bitarteko, lortuko dute helburua.