Skip to main content

… Gizarte Erantzukizunaren eta Balioen bilakaerari buruzko galdera. Maila akademikoan eta ikerketari begira, uste dut betiko galderei edo oso antzekoei bueltak ematen jarraitzen dugula. Eta batzuetan sentitzen dut berdina gertatzen dela jakintza arlo guztietan, eta unibertsitateek jakintza sortzeari eta ideien eztabaidari benetako ekarpenak egiteari uzteko arriskua duela.

Donostian jaio, hazi eta jaso duzu prestakuntza akademikoa. 2009an Mexikoko Nuevo Leóneko Monterreyra joan zinen. Orain, handik ari zara jarduera akademiko eta profesional zabal eta trinkoa egiten. Zer desberdintasun azpimarratuko zenituzke, halakorik egonez gero, Mexikoren eta Euskadiren artean garapen horretako posibilitate eta aukeren artean? Zer ekarri dizu zuri?

Egia esan, Mexiko niretzat aukeren herrialdea izan da, profesional gisa hitz eginda. Agian Espainian izango ez nuen garapena aurkitu dut. Alde batetik, nire esperientziaren arabera, balio positiboa ematen zaio kanpotik datorrenari. Eta unibertsitate esparruan, oraindik balio handiagoa ematen zaiola antzematen dut. Hortaz, alde horretatik, nire jatorriak eta prestakuntzak lehiako abantaila eman zidan, Espainian ez nuena.

Azpimarratu beharreko beste elementu bat, Mexikokoa soilik ez dena, hau da: prestakuntza akademikoari balio handia ematen zaio lanbidean garatzeko aukerak izateko orduan. Baina beti dago muga bat, gizarte maila desberdinen artean mugitzea zail samarra izaten da eta.

Eta hor ikusten dut lanbideko eta gizarteko garapenean lagungarri, edo ez, izan daitekeen hirugarren elementu bat: harremanak. Networking ona sortzea ere pertsona baten garapen profesionaleko garapena bultzatu dezakeen beste elementu bat da.

Eta, azkenik, Mexikon bizitzera etorri berritan deigarri egin zitzaidan beste gauza bat izan zen pertsona askok, era formal edo informalagoan, lanarekin batera dituzten negozio txikiak izan ziren. Mexikarrek esaten dute haiek ez dituztela mundu mailako krisiek kezkatzen, Mexikon beti edo ia beti daudelako krisian, ohituta daudela. Ohituta egote horren barruan dago erresilientziarako eta aurrera ateratzeko gaitasuna. Argi ikusten da ekintzailetza motan.

Zure doktore tesian Enpresen Gizarte Erantzukizuna eta Balioak jorratu zenituen. Zure ustez, zein izan da bi esparru horien bilakaera azken urteetan? Baikor izan gaitezke?

Uste dut beti izan behar dela baikor. Joan den egunean Elsa Punseti egin zioten elkarrizketa baten zati bat entzun nuen. Esaten zuen historiako unerik onenean bizi garela, maila globalean, eta hori egia delakoan nago. Jakina, aukera arloak baditugu gizateria gisa. Hor daude Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH), erronka askori zelan aurre egin dakiekeen bilatzen dutenak. Hala ere, bizi dugun pandemiarekin eragin kaltegarriak jasaten ari gara.

Horri lotuta dugu Gizarte Erantzukizunaren eta Balioen bilakaerari buruzko galdera. Maila akademikoan eta ikerketari begira, uste dut betiko galderei edo oso antzekoei bueltak ematen jarraitzen dugula. Eta batzuetan sentitzen dut berdina gertatzen dela jakintza arlo guztietan, eta unibertsitateek jakintza sortzeari eta ideien eztabaidari benetako ekarpenak egiteari uzteko arriskua duela.

Hori maila teorikoan gertatzen dela sentitzen dut; hala ere, maila praktikoan, enpresak gero eta erantzukizun handiagoz inplikatzen ari direla uste dut. Beste kontu bat da zeintzuk diren horren motibazioak. Horretan, hain zuzen ere, GJHek lortu dute enpresen agendetan gai sozialak eta ingurumenari lotuak sartzea, besteak beste (hainbat interes talde ahaldundu ditu IKTen garapenak, belaunaldien arteko balioen aldaketa, etab.).

Eta balioei dagokienez, uste dut batzuetan apaingarri hutsak direla enpresentzat eta ondorioz ez direla konturatzen zelako garrantzia duten enpresa kultura zein den identifikatzeko eta erakundearen garapena lortzeko kultura aldaketaren bidez.

Aurreko galderaren hariari tira eginda, zeintzuk izango lirateke enpresaburuek hartu beharreko neurririk garrantzizkoenak bi arlo horiek enpresa inguruan hartu eta ezartzeko, COVID-19ak sortu duen egoera ere kontuan harturik?

Lehenengo uste sendoa eduki behar da, ziur egon behar dugu aldaketak merezi duela eta gizarte erantzukizuna edozein erabaki hartzeri berezko zaiola eta, ondorioz, enpresa erabakiak ez daudela erantzukizun horretatik kanpo.

Berdina gertatzen da enpresa-kulturarekin. Sinetsita egon behar dugu enpresan egin nahi dugun edozein aldaketa iraunkor bat etorri behar dela gure balio eta kulturarekin. Uste sendo horretatik abiatuta, hurrengo eginbeharra diagnostiko ona egitea da, zer erakunde kultura dagoen identifikatu eta deskribatzeko eta zein balioren bidez bizi den kultura hori. Eta hortik hasita, ikusi behar dugu balio eta kultura horiek baliagarriak diren erakundearen etorkizunerako eta jarri diren helburu estrategikoak lortzeko.

Gizarte erantzukizunari dagokionez, azpimarratu beharreko lehenengo puntua hau da: hori ez dela filantropia edo gizarte ekintza. Gizarte erantzukizunak enpresaren jarduera osoa hartzen du. Hortaz, badu zerikusia enpresan lan egiten duten pertsonak tratatzeko moduarekin, ekoizpen prozesuen etikotasunarekin edo zer arreta eskaintzen diegun enpresako interes taldeei, besteak beste.  Nire ustez, garai hauetan, gizarte erantzukizuna alde honetara bideratu behar da: negozioa bizirautera (beti ere, era etiko eta legezkoan), enpresan lan egiten duten pertsonen babesera eta enpresa kokatuta dagoen komunitateen suspertze ekonomikoan ekarpena egitera.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko unibertsitateko alumniei nazioartera jauzi egiteko orduan, lanbideko karrerak garatzeko?

Egia esan, duela 11 urte bizitokiz aldatu nintzenean, orain emaztea dudanarekin harremana nuelako izan zen. Mexikarra dut emaztea. Hortaz, atzerrirako jauzia abentura izan zen, plangintza handirik gabe. Monterreyn lurreratu nintzenean, ez nuen lanik eta zortea probatzea gehiago izan zen, bai pertsona aldetik eta bai lanbide aldetik.

Horretatik aparte, urte hauetan pentsatzen jarrita, aholku bat emango nieke:

  1. Ezagutu ondo zeure burua, aztertu ondo zer duzun gustuko, zelan garatu nahi duzun zure lanbidea, zer industria motatan. Hori balio erantsia da edo lehiako abantaila, nahi duzun lana lortzeko.
  2. Apaltasunez heldu, kultura ikasteko eta ezagutzeko gogoz, joango zaren herrialdea hobeto ezagutzeko. Dena ez da perfektua izango eta agian lanetan edo zure helmugako herrialdean hobetzeko arlo gehiago edo gutxiago ikusiko dituzu, baina saiatu esperientzia hori gozatzen. Saihestu konparazioak, denok ditugu alde on eta txarrak; ahalik eta etekinik handiena atera positiboari.
  3. Inguratu zaitez ekarpena egingo dizuten eta gora bultzatuko zaituzten pertsonengana, harreman zintzoak landu. Adiskideak eta familia urrun izatea izan daiteke kontrako aldea. Garrantzitsua da harremanen sarea sortzea, bai maila pertsonalean eta bai profesionalean, euskarri emozionala ematen baitizute. Maila emozionalean eta pertsonalean ondo bazaude, egoera hobean egongo zara garatzeko, baita lanbidean ere.

Eskerrik asko eskaini diguzun arretagatik. Amaitzeko, atzera begiratuta, Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteak burura ekarri eta, zer gogoratzen duzu hango geletan bizi izan zenituen urteez eta zer partekatu nahi zenuke gurekin?

Nobedade handiko urteak izan ziren: adiskide berriak, irakasle berriak, karrera berria. Giza Zientziak: Enpresako Lizentziaturako lehenengo promozioa izan ginen.  Eraikinak estreinatu genituen.

Ezin ditut aipatu gabe utzi Miguel Ayerbe eta Arantza Echániz, denontzako abentura berri hartara ongietorria eman ziguten unibertsitateko lehenengo aurpegiak izan baitziren.  Apustua zen unibertsitatearentzat, apustua zen bi fakultateetako irakasleentzat (ESTE, orain Deusto Business School, eta Filosofia eta Letren Fakultatearentzat, oraingo Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearentzat); garai hartan ez zuten batere argi zelako profesionalak aterako ginen hibrido hartatik.

Oroitzapen asko dira, baina denak edo ia denak dira garai horretan bidean gurutzatu nituen pertsonei lotuak: ikaskideak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasleak eta jesuitak. Markatu eta prestatu ninduten urteak izan ziren, gehien bat, eta orain naizen pertsona bihurtu nindutenak eta unibertsitatea eta bertan jasotzen den prestakuntza ulertzeko modu bat. Pertsona horien ereduari esker, hainbat balio jaso ditut: gure prestakuntza akademiko eta giza prestakuntzarekiko konpromisoa irakaslerik gehienengandik; zerbitzu emateko bokazioa eskolazainengan; harrera fotokopia, zerbitzukoengan, administrazioko langileengan, garbiketakoengan, kafetegikoengan, etab. Ez dut izenik jarri nahi, asko izango lirateke eta, ez dut inor “mintzerik nahi, baten bat kanpoan utzi dudalako.

A. Aranzadi s.j. garai hartako errektoreordeari lotutako oroitzapenak ditut. Seguru nago, bere argi eta ilunekin ere, asko ikasi nuela berarengandik. Hark bultzatu zuen gure karrera (Giza Zientziak: Enpresa) eta, aldi berean, urte haietan jasan genituen obretako batzuk ere. Karrera hasi nuenean, bunkerrak (A. Errandonea eraikinak) urte gutxi batzuk zituen eta hasi berriak ziren Arrupe eraikineko lanak. Eraikitzen ari ziren campus bat ikustea tokatu zitzaigun, berritu eta unibertsitatea eta gizartea urte haietan bizitzen ari ziren aldaketetara egokitzen ari zena. Horrek erakutsi behar digu beldurrik ez izaten, etengabe aldatzen eta inguruan zer gertatzen den jakiteko antenak adi jartzen, ahalik eta hoberen egokitzeko. Beste irakatsi bat ere uzten digu: unibertsitateak lagundu egin behar duela gizarte hobea egiten, gizarte gizatiarragoa uzten. Konpromiso politiko eta soziala ere loturik agertzen zaigu, erakundea osatzen duten pertsonengan. Urte haietan, terrorismoak aldirik gorenetako bat bizi zuen eta isileko agerraldiak ditut gogoan, indarkeria arbuiatzeko elkartzen ginela ikasleak, irakasleak eta bestelako langileak campuseko lautadan.

Horrez gain, pasadizo ugari ere bizi izan nituen: campuseko arotzari oilarra, oiloa eta txitak aske uztea otu zitzaionekoa, lorategian, kanpandorrearen ondoan. Kafetegian, Gloria karismatikoa jendea artatzen. Arrupe eraikineko etengabeko obrak, 4 urtetan 1 edo 2 birmoldaketa izan zituelarik. Edo ikasleen bozketak, soldadutzako zozketak ez egitearen alde, greba egin ala ez erabakitzeko, oraindik soldadutza existitzen zenean. Eta, nola ez, emazte dudana ezagutu nuenekoa, egungo liburutegiaren dorrean ezagutu baikenuen elkar, han ari ginen-eta niok gure doktoregoak egiten.