Pandemiak eragin duen egoerak aparteko neurriak eskatzen ditu

José Mª Guibert Ucín, SJ - Errektorea

Unibertsitateek funtsak biltzea –babesletza eta mezenasgoa- ohiko kontua da unibertsitate anglo-saxoietan eta agertzen hasia da Europako gainerako herrialdeetan ere. Unibertsitate publiko, pribatu eta gizarte ekimenekoak gizartearen babesaren bila hasita daude, finantzaketa publikoa osatzeko, bai irakaskuntzarako eta bai ikerketarako, pandemiak egoera larriagotu duen honetan. José María Guibertek (SJ), Deustuko Unibertsitateko errektoreak, horren inguruan hausnartu du.

Zer balioespen egiten duzu konfinamenduko hilabeteotan unibertsitatean izan den jardueraz?

Salbuespeneko egoeran gaude. Osasun arazo honek eragin duen sufrimendu eta saminaren testigu gara eta orain arazo ekonomikoa gehitu behar zaio horri; izan ere, gizarte mailan kalteberatasun egoeran daudenei eta beste gizarte sektore batzuei ere eragiten die.Testuinguru horretan, oso balioespen baikorra egiten dut hilabete hauetan izan den unibertsitate jardueraren inguruan. Deusturen kasuan, talde guztiak jarri dira martxan behar den premiaz, egoerari arduraz erantzuteko urrutiko lanean eta ehunka irakasle moldatu dira aurrez aurre lan egitetik beste bitarteko batzuez baliaturik lan egitera, helburu berdinak izanik. Ikasleek funtsezko papera jokatu dute, baikorra, egokitze horretan.

COVID-19aren egungo egoerak familia askoren ekonomian eragin du. Zuen ustez, ikasle kopuru esanguratsuak izango ditu arazoak unibertsitateko ikasketetan hasteko edo ikasten jarraitzeko?

COVID-19aren pandemiak eragin duen egoerak aparteko neurriak eskatzen ditu, krisiaren eragin ekonomikoak jasan dituzten familiei laguntzeko. ERTE edo enplegu-erregulazioko espediente bat (EEE) izan duen eta egoera ekonomikoa arriskuan ikusten duen populazioaren ehunekoa handia da. Premia egoerak igo egingo dira eta unibertsitateak egokitu eta erantzun egin beharko dio ikasle bakoitzaren egoerari, bai gure unibertsitatean dauden ikasleen kasuan, baita oraindik heltzeko daudenen kasuan ere. Gure konpromisoa behar duten ikasle guztiei laguntzekoa da.

Unibertsitateak zelan laguntzeko asmoa du ikasketen kostu ekonomikoari aurre egin ezin dieten gazte horiei guztiei?

Urtero 1000 ikaslek baino gehiagok jasotzen dute Deustuko beka bat. 2,5 milioi euro bideratzen ditu Unibertsitateak urtero beka programetara. Sortu den egoera larria dela eta, Deustuko Unibertsitateak berariazko funts bat sortu du zailtasun ekonomikoak jakinarazten dizkiguten ikasleentzako beketarako kopurua gehitzeko, hartara ikasleek unibertsitateko ikasketak hasi edo jarraitu ahal izan ditzaten.

Helburu hori lortzeko, 750.000 euroko aparteko ekarpena bideratu dugu. Baina ez da nahikoa izango. Zuen laguntza behar dugu, dohaintza bidez, beste 500.000 eurotara heltzeko. Kopuru hori beharko dugula uste dugu, krisi honetan beharrizanen eskaera estaltzeko.

Beraz, COVID-19 Deusto Beken Funtsa lehenetsitako proiektua da. Zer-nolako bekak dira eta nork eta nola lagundu dezake bultzatzen eta garatzen?

Aparteko bekak dira eta COVID-19aren ondorioak zuzenean sufritu dituzten ikasleentzat eta haien familientzat dira. Beharrizana duen ahalik eta jende kopururik handienarengana heldu nahi dugu, talentudun gazte gehiagok lanbideko helburuak lortu ahal izan ditzan. Horretarako, dei egiten diogu gizarte osoari, gure alumniei, unibertsitateko elkarteari, entitate, fundazio, enpresa eta erakundeei elkartasuneko ekimen honetan laguntzeko, beka horietarako ekarpen ekonomikoak egin ditzaten. Dohaintza guztiek izango dituzte zerga-onurak.

Ekarpenen % 100 bideratuko dira beken funts horretara.

Zer transmititu nahi zenieke elkartasunezko proiektu hori babestu nahi duten guztiei?

Gonbidatu egin nahi nituzke baliabide horiek beharrizanean dauden ikasle horiekin partekatu ditzaten, inor atzean gelditu ez dadin. Proiektu hau babesteko asmoa dutenak beste beharrizan batzuetan baliabideak elkartasunez partekatzen arituko dira, seguru asko. Gure giza ongizatearen eta egoera ekonomikoaren parte bat beharren dutenekin partekatzeko gonbidapena luzatzen dugu. Partekatzeak gizatiarrago egiten gaitu. Deustuko ikasle ohi askok, unibertsitateko elkarteko kide batzuk barne, bekei esker lortu zuten hemen ikastea eta esker ona adierazten dute horregatik. Apustu estrategiko bat da hau, etorkizunera begira ikasleei aukerak emateko. Gurekin duzuen konpromiso hori gizartearekin ere baduzue.

Partekatu ezazu