Néstor Da Costa Velázquez

Soziologiako dk. Prom. 03

… Denok ezagutu behar ditugu “beste ur batzuk”, hau da, zabaldu eta ikusi behar dugu zelan bizi diren beste batzuk, zelan bilatzen duten, zelan adierazten diren eta baita erlijioari zelan egiten dioten uko ere. Giza bizitzaren parte bat da eta milioika pertsonari zentzua ematen dio…

2019an Giza Baliabideen UNESCO Katedra sortu zeneko 25. urteurrena izan genuen Deustuko Unibertsitatean. Programa horretan sartzen lehenengoetarikoa izan zinen 1994an Uruguain, doktoregoko ikasketei hasiera emateko. Esperientzia horretan aitzindari izanik, zer sentitu zenuen Bilbora heltzean? Zerk bultzatu zintuen Uruguain dena aldi baterako utzi eta abentura hari hasiera ematera?

1993an Bilbo arin batean bisitatzeko aukera izan nuen, Montevideon zuzendari nintzen GKEaren eta UNESCO Etxearen artean genituen lankidetzako proiektu batzuk zirela eta. Baina Bilbora bizitzera etortzea bestelako kontua izan zen. Deustun doktore ikasketak egitera heldu nintzen, Javier Elzok animatuta. Hark konbentzitu ninduen, merezi ez ezik, ezinbestekoa zela doktoregoko ikastaroak egitea. Ezin izango diot sekula behar adina eskertu konbentzitu izanagatik. Garai berezia zen: aitaginarreba gaixorik zegoen Montevideon eta ezin nintzen luzaroan kanpoan egon. Horregatik, klaserik ez zegoenean Uruguaira itzultzen nintzen. Negu ugari eta udarik gabeko urteak izan ziren: Europako udaldian, ikastarorik ez zegoenean, ni hegoaldeko negura joaten nintzen eta alderantziz.

Zein neurritan uste duzu Katedra hori bezalako proiektuek laguntzen diotela nazioarteko eta erakundeen arteko lankidetza eraginkorrari? Zer izan da zuretzat?

Uste osoa dut Katedra nazioarteko eta erakundeen arteko lankidetzarako ekimen bikaina dela. Doktoregoa egiteko eta bertoko kultura bizitzeko aukera ematen du eta horretatik asko ikasten da. Horrez gain, herrialde askotako pertsonak joaten gara han ikastera. Gogoan dut berrogeita hemezortzi latinoamerikar ginela eta topatzeko guneak bilatzen genituela.

Funtsezko aldaketa ekarri zidan bizitzan. Doktoregoa egiteko aukera eman zidan, oso maila oneko irakasleak izatekoa, beste kultura batzuekin solasean jartzekoa, ikuspegi desberdinetatik ikastekoa. Nolabait, beste mundu batzuetara zabaltzea ekarri zidan. Norberaren herrialdetik kanpo bizitzeko aukera dugunean, aniztasun handia aurkitzen dugu: kultura, hizkuntza, politika arloetan. Era berean, norbere herrian gertatzen ari dena eta Euskal Herrian eta Europako eta munduko beste toki batzuetan gertatzen zena aurrez aurre jartzeko modua izaten duzu.

Uruguai Latinoamerikan populaziorik txikiena duen herrialdea da, hiru milioi eta laurehun mila biztanle eskas gara eta euskal abizenak dituztenak % 15 inguru dira, hainbat migrazioalditakoak. Euskadi ere herrialde txikia da.

Ikasi eta “herrialdean hainbat esperientzia” ezagutzeko parada izan nuen, Euskal Herriak aurrera eraman zituen aldaketa ikaragarriak ikusi ahal izan nituen eta askotatik irakatsiak atera nituen: kooperatiben mugimendua edo ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko harremanaren emaitza eta horrek garapenean zuen eragin positibo baino positiboagoa.

Horretarako guztirako aukera eman zidan Katedrak eta harremanak eta lagunak egin ahal izan nituen ikasteari eskainitako tarte pribilegiatu horretan.

Soziologo zaren aldetik, ikerketako ibilbidean erlijioa izan duzu arretagune. Korronte zientifiko, filosofiko edo ideologiko batzuk, harantzago daude edo erlijiotik albo batera. Zergatik aukeratu zenuen bide zientifikoa?

Nire herrialdearen “barrurako” eta herrialderik gehienen “kanporako” joeren arteko konfrontazioa da, neurri batean. Eskolan, sarritan, esaldi hau esaten diet ikasleei: “arrainak ez du uraz galdegiten”. Azaltzen saiatuko naiz. Esaldiak erreferentzia egiten dio “gure” jarraibide kultural batzuk, jokatzeko era edo gizarte molde batzuk emantzat ematen ditugula. Gure ura dira eta ez dugu hartaz galdegiten. Are gehiago, uste dugu munduko ur guztiak berdinak izan behar direla. Hori dela normalena iruditzen zaigu. Baina eskualdetik kanpora goazenean eta beste batzuekin hitz egin eta haien kulturaz berba egiten dugunean konturatzen hasten gara Uruguaiko “ura” ez dela “beste toki batzuetako ura” bezalakoa.

Eta Uruguai munduko gainerako tokietatik nahiko desberdina da bizitzeko eta erlijiotasuna adierazteko eran. Frantziaren antz handia dugu; izan ere, hori izan zen identitate nazionala eratu zutenek jarraitu zuten eredua, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran.

Laikotasun hitzak sekulako indarra du gure kulturan. Duela 101 urte banandu ziren Eliza eta Estatua eta erlijioa Estatutik banandu ez ezik, esparru publikotik pribatura pasatu zen.

“Nire uretatik” harantzago mugitu nintzenean sortu zitzaidan Uruguaiko gizarteak erlijioa ulertzeko eta bizitzeko duen era bereziari buruzko galdera eta horrek bultzatu ninduen zelan eta zergatik gertatu zen hori horrela ikertzera.

Han erantzun asko aurkitu nituen, baita galdera gehiago ere. Erlijiotasuna fenomeno unibertsal gisa ikusten hasi nintzen, gizateriaren historia korritu eta korritzen ari dena eta adierazteko bide ugari izan dituena.

Mendebaldean behintzat, erlijioak garai batean izan zuen garrantzia ez badu ere, pertsonek beren bizitzei zentzua ematen dieten espazioa da, zentzuari buruzko eta muineko galderak egin, identitateko eta elkarren arteko lotutarako espazioak aurkitu eta beste arlo batzuk bateratzen dituzte. Eta ikerketa enpirikoen emaitzak ikustean nabaritzen da planetan bizi garen zazpi mila milioi pertsonetatik sei mila milioik transzendentziaren inguruko sinesmenak izan eta era askotara adierazten dituztela.

Hortaz, gizarte bizitzaren arlo bat da, ikertzea merezi duena, beste askok bezala, eta nire kasuan, ikuspegi soziologikotik, ez konfesionaletik, aztertzeko bidea eman didana, giza fenomeno gisa.

Azken hilabeteetan, pandemia dela eta, askok birplanteatu dituzte haien sinesmen eta/edo praktika erlijiosoak. Zer balioespen egiten duzu fenomeno horretaz? COVID-19tik haratago sendotuko den joera izango da?

Oraindik ez dugu informazio fidagarririk pandemia garaiak zelan eragin duen erlijioaren bizipenean jakiteko. Hain zuzen ere, une honetan zenbait inkesta egiten ari dira Latinoamerikako herrialdeetan gai horren inguruan. Baina, zalantzarik gabe, aldaketak egon dira, aurrez aurreko erlijio ospakizunak erlijio talde guztietan etetetik hasita.
Agian, enblematikoa izan daiteke Aita Santua bakar-bakarrik ikustea San Pedro plazan Aste Santu batean. Uste dut irudi horiek oso indartsuak izan zirela.

Beraz, alde batetik, aurrez aurrekorik ez izatea dugu eta proposamen eta jarduera asko birtualtasunera pasatzea, ospakizunak ez ezik, erretiroak, bideoak, whatsapp kateetara pasatzea, etab. Hori asko aldatu da. Ez dakigu aldaketa behin betikoa izango den edo pandemia desagertu ondoren lehengo adierazteko modura itzultzea etorriko den.

Beste alde batetik, bizi dugunaren inguruko galdera pertsonalei buruzko guztia dago, pandemiak sortutako larritasunak, era askotakoak (lagun edo senideen heriotzak, itxita egoteak sortutako larritasun eta antsietateak; beste batzuetan, ekonomian eta gizartean duen eraginak sortutako larritasunak, kalteberatasun egoeran dagoen populazio sektoreek diru-sarrerak galdu izanak sortutakoak daude. Bide batez, esan dezadan pandemiak pobreen kopuruan igoera nabaria izango duela munduko toki askotan. Latinoamerikan hori oso argi dago.

Eta azkenik, barnea eta espiritualtasuna lantzeko bilaketak ere izan dira, gizarte isolamenduko uneetan.

Erlijio bizipena aldatzen ari da aspaldian, era askotara eta mundu osoan. Erlijio desinstituzionalizatze gero eta handiagoak, pertsonen autonomiak, norbanakoek beren sinesmen unibertsoen eraketak prozesu luzea daramate. Pandemiak nabarmendu egingo ditu joera horiek? Ez dakigu. Ikertzen hasi berri gaude eta ikerketa sozial handia egin beharko da pandemiaren ondorengo egoeran.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei, erlijiotasunari beren laneko ibilbidean aurre egitea dela eta?

Esango nieke denok ezagutu behar ditugula “beste ur batzuk”, hau da, zabaldu eta ikusi zelan bizi diren beste batzuk, zelan bilatzen duten, zelan adierazten diren eta baita erlijioari zelan egiten dioten uko ere. Giza bizitzaren parte bat da eta milioika pertsonari zentzua ematen dio. Batzuetan geure ikuspegi partikularretik epaitzen dugu, baina askoz aberatsagoa eta gizakoiagoa da fenomenora hurbiltzea ekarpenak, ikuspegiak, bilaketak ezagutzeko.

Unibertsitateko ikasle batentzako oinarrizko gomendioa hau da: aurretik ez epaitzea; lehenengo, ezagutu eta ulertu egin behar da, beste edozein gertakari sozial bezala. Azken batean, unibertsitatetik pasatzea (erakunde gisa ulertuta) eta, bereziki, Deustutik pasatzea lagungarri gertatu behar zaigu begirada zabaltzeko, gizarteko errealitatearen ikuspegi ez hain sinplistak izateko, eta gizartearen barruan erlijioa eta espiritualtasuna ez direla hain sinplea konturatzeko.

Zer oroitzapen duzu Deustuko doktoregoko ikasle izan zinen urte haietaz?

Oroitzapen askok ditut gordeta bihotzean. Euskadi nire bigarren herria da, asko gozatu nuen, bihotzeko lagunak ditut, bizitza osorako lagunak, eta ahal dudan oro itzultzen naiz.

Bilbori buruzko oroitzapen bat (mapamundi bat dut etxean, bromatan esan ohi denez) ezagutu nuen hiri haren eraldaketa da, garai hartakotik gaur egungora. Han bizi izan nintzen garaian, besteak beste, Guggenheim eraikitzen ikusi nuen eta gogoan dut Bilboko Metroaren inaugurazioko bidaian egon nintzela. 1995eko azaroaren 11 izan zela gogoratzen dut.

Unibertsitateko bizitza gogoratzen dut, egun osoak doktoregaien gelan. Ikastaroak elkarrekin egin genituen ikaskideak; Deustuko irakasle eta langileek egin zidaten harrera bikaina. Donostiako ESTEn egin nituen ikasketak. Nazioarteko ikasleen etxeetako bilerak eta bakoitzaren herrialdeko kantak entzun eta kantatzea. Latinoamerikan, bilerak eta ospakizunak etxeetan izaten dira; Euskadin ikasi nuen hori ez zela maiz gertatzen, dena egiten zela tabernetan, etab. Beste era bat, “beste ur bat”.

Gogoan dut tesiaren defentsako urduritasuna. Zirimiria eta euria gogoratzen ditut, Uruguain baino sarriagoak. Txapelak, Athletic taldea, tabernak, inauteria Txileko eta Brasileko ikaskideekin bizi izana, sagardotegiak Hernanin. Euskal gastronomia ona.

Azken batean, oroitzapenak atseginak baino atseginagoak dira denak, eta lanbideko prestakuntzaren parte ez ezik, giza prestakuntzaren parte ere badira.

Partekatu ezazu