Skip to main content

… Mundu bidezko eta gizatiarrago bat sortzeko oinarri etiko gisa senidetasun unibertsalaren ideia zabaltzen, bai boterean, bai oinarrian, errealismoz eta adimenez lan egingo duten pertsonen klusterrak sortu…

Pozten gara gaixotasunetik arrakastaz suspertu zarelako. Ikertzaile eta analista bikain batek ez du ezer galdutzat ematen. Zeintzuk izan dira basamortuko ibilbide honetan izan dituzun hausnarketarik nagusienak?

PCR proban positiboa eman ondoren, ospitaleratu eta isolatu egin ninduten. Analisiaren ondoren, sendagilearen aurpegia ikusirik eta diagnostikoa entzunda (“ikusi egin beharko”), kezka handia baino handiagoa sortu zitzaidan.

Ez dakit nola, adiskide jesuita batek, Ignacio Arreguik, LoiolaXXI WEBa daramanak, nire egoeraren berri izan zuen eta lerro batzuk bidali nizkion. Ohar hau argitaratu zuen WEB horretan martxoaren 25ean, izenburu honekin:

Javier Elzo soziologoa hiltzeko aukeraren aurrean (espero dezagun gertagaitza izatea)

Gutxi idatz dezaket. Nekatu egiten naiz.

Nik ez dut koronabirusetik libratuko nauen “Deus ex machina” batean sinesten. Zergatik ni eta ez dagoeneko hil diren beste asko?Baina duela 4 egun nire etorkizuna ez zela seguru esan zidatenean, bizitzan lehenengoz ikusi nuen, shock batean bezala, heriotza ez zela kontzeptu bat, egunen batean iritsiko zaigun errealitate bat. Ez. Heriotza bizitzaren bigarren bihurgunean ikusi nuen. Heriotza hurbila.

Arindu eta baretasuna handia eman zidan maitasunez sortu gaituen Jainkoaren misterioan neure burua uzteak, lagatzeak. Nazareteko Jesusek erakutsi zigun Jainkoa da, Aitari Abba esaten diona; eta, gurutzean, giza izaera (urrundu ezazu niregandik edari samin hau) eta jainkotiar jatorria (egin bedi zure nahia, ez nirea) erakusten dituena.

Horregatik, sarritan nire otoitza hau izaten da: “Jauna, zure eskuetan uzten dut nire espiritua, nire gorputza eta nire bizitza”.

Latzena nire senideak besarkatu ezina da, bereziki nire ilobak.

Besarkada bat, Ignacio adiskidea.

Javier.

Ospitaleko isolamenduan, goian aipatutakoaz gain, bi sentimendu nabarmendu zitzaizkidan: hauskortasuna eta giza senidetasuna. Naturako gertakari batek (gizaki bat animalia batek infektatzeak) planeta hankaz gora jarri dezakeela eta, ni neu, eternitatearen ateetan jar nazakeela jabetzeak sortzen duen hauskortasuna. Umiltasun lezioa da gizateriarentzat eta, niretzat, bizi irakatsi bat: pasadizoan nago. Baina senidetasuna ere bizi izan nuen, askoren hurbiltasuna eta maitasuna mugikorraren bidez: emaztearekin izan nituen hizketaldiak, seme-alabek eta adiskideek dei egin zidaten, idatzi zidaten, musika txatalak bidali zizkidaten, gustuko ditudan tokietako bideoak, komentario barregarriak. Horrek guztiak lortu zuen isolamendua fisikoa soil-soilik izatea, une oro sentitu bainuen askoren berotasuna.

Duela urtebete pasatxo, 2019ko urtarrilean, Hans Rosling-en Factfulness lana irakurtzea gomendatu zenigun zin-zinez. Munduan azken aldian gertatu direnak ikusirik, nola uste duzu eragingo dietela gertakari horiek gizateriaren orainari eta etorkizunari?

Ziurgabetasunaren garaia bizi dugu. Ez dakigu ezta nola amaituko den pandemia ere: zergatik den hilgarria, berriro agertuko den ala ez den, etab. Baina ziurtasun batzuk aurreratzera ausartuko naiz.

Pandemiak irauten duen bitartean, milaka pertsona hilko dira planetan. Hala ere, gerrateetan baino gutxiago, askoz gutxiago izango dira. Epe labur eta ertainera, pobrezia eta desberdintasun sozialak izugarri igoko dira. Inguru aberatsetan, Euskadi eta mendebaldeko Europaren zati handi batean, birusak gizarte maila guztietako pertsonak hil baditu ere, geldialdiaren ondorio ekonomikoek kalte handiagoa egingo diete kalteberatasun egoeran daudenei. “Paperik gabekoengan” pentsatzen ari naiz, lanik gabe gelditzean, ez baitute zer janik. Epe luzera, pandemia laster gelditzen ez bada, Afrika, Hego Amerika eta AEBko pobreen egoera ikaragarria izan daiteke. Nire ustez, pobrezia osasuna bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da.

Azken bi hilabeteotan, populazioaren erreakzioa eredugarria izan dela esan dezakegu, salbuespenak salbuespen –batzuk eskandalagarriak izan badira ere-. Deseskalatzearekin badirudi lasaikeria puntu bat etorri dela. Gizarte gisa, zure ustez, zein izan beharko litzateke herritarren jarrera hemendik aurrera? Esperientzia honetatik benetan zerbait ikasi dugula uste duzu?

Zer ikasi dugun laster izango dugu begien aurrean. Dagoeneko argitaratu diren ikerketa eta iritzi artikulu askoren arabera, ezin izango gara lehen bezala bizi, areago, ezin izango gara bizi, beste batzuen arabera; kontsumo erritmoa jaitsi beharko dugu; gutxiago kontsumitu behar dugu eta kontsumitzen duguna hurbilekoa. Baina, beste alde batetik, kontsumoa sustatu behar dela irakurtzen dugu, kontsumorik gabe ez dagoela ekoizpenik, ekoizpenik gabe ez dagoela lanik, eta lanik gabe langabezia hedatu eta kroniko bihurtzen dela. Beraz, badugu gainditu gabeko irakasgai bat: kontsumo arduratsua, ekoizpen arduratsua eskatzen duena. Urrun gaude oso helburu horietatik.

Bestalde, ikasi egin beharko genuke COVID-19a bezalako gertakari bat gelditu eta moztuko duen teknologiarik ez dagoela eta agerikoa dela. Beraz, teknologia aldaretik jaitsi beharra dugu, mugimendu transhumanistaren inguruan dagoen guztia, hau da, “makinak” (robotak, adimen artifizialak, ziborgak, etab.) gizakia ordezkatzeko asmoa. Ozen eta erreparorik gabe dio: “transhumanista”, humanismoaren ondoren datorrena.

Mugikortasun berria behar-beharrezko dugu. Baina ez ditzala nagusiak baztertu (bizikletan ibili ezin direnak); eta pentsaraz diezagula, adibidez, Euskadin zentzugabea dela, erokeria dela, Cancuneko hondartzetara astebete pasatzera joatea.

Horrek guztiak zentzuzko erantzunak eskatzen ditu, gure bizitzen zentzua eta helburua zein diren pentsatzea eskatzen dutenak, zein balio bultzatzen ditugun, azken helburuko zein instrumental. Teknologia beharrezkoa da, balioak ezinbestekoak.

COVID-19ak planeta paralizatzea lortu du. Baina badira bestelakoak ere: Afrika eta Ekialde Hurbileko betiereko gerrak, bestelako gatazka txikiagoak, lekualdatuak, migrazio mugimenduak, errefuxiatuen eremuak, goseteak gelditu ez ezik larriagotu egin dira pandemiaren ondorioz. Eta ondorena ere ikusi beharko da. Salba dezala bakoitzak bere burua izango da aurrerantzean ere herrialderik boteretsuenen eta bertako biztanleen urratsak arautuko dituen legea? Egin genezake zerbait gauden tokitik?

Bai, egin genezake: bi gauza egin genitzake, hasteko.

Mundu bidezko eta gizatiarrago bat sortzeko oinarri etiko gisa senidetasun unibertsalaren ideia zabaltzen, bai boterean, bai oinarrian, errealismoz eta adimenez lan egingo duten pertsonen klusterrak sortu.

Bestalde, egungo munduan askatasunaren galera gelditu. Horrela, dagoeneko GAFAMek (Googlek, Amazonek, Facebookek, Applek eta Microsoftek) kontrolatu egiten gaituzte: nora goazen, zer erosten dugun, nor ikusten dugun. Neure buruari galdetzen diot, halaber, adimen artifizialari esker, pandemiaren aztarnariak geratzeko etorri ote diren, batzuek eta besteek, Orwellen Anaia Handia instalatuz. Baina, hori baino larriagoa: populazioaren zati handi batek onartu du askatasun guztia galtzea, segurtasun santuaren izenean. COVID-19ak azpimarratu egingo du segurtasun eskaera hori, norberaren barrura atzera egite hori, “bestearenganako”, desberdina denarenganako beldurra.

Testuinguru horretan, zer aholkatuko zenieke ikerketara eta zabalkunde zientifikora bideratu nahi duten Deustuko Unibertsitateko Alumniei?

Uste dut mundua hobera joango dela, gaur egungoa duela berrogeita hamar edo ehun urtekoa baino hobea den bezala. Estatu sendo batekin batera (eta nik Europar Batasun batu, sendo eta egoerarik kalteberenean daudenei lagunduko diena aldezten eta sustatzen dut), gizarte zibil sendoa behar dugu, eta dena erabakiko duen Estatu erabat subiranoaren menpe bizitza publikoegi bihurtzearen aurrean adi egongo dena. Lurralde subiranotasunaren ideia utzi eta subsidiariotasuna ezarri behar da, senidetasun unibertsalaren etikan oinarritua, goian adierazi dudan bezala.

Deustuko Alumniei gonbidapena egiten diet, hemendik aurrera, ideia hauek edo antzekoak ikertzeko eta zabaltzeko aipatutako klusterrak sustatzeko, aurrez aurreko topaketa edo topaketa birtualen bidez. Gizarte sareek horretarako ere balio dute. Funtsezkoa da. Ongiak baino ez du eraikitzen.

Amaitzeko, eskaini diguzun denboragatik eskerrak emateaz aparte, zer oroitzapen partekatu nahi zenituzke gurekin Deustun ikasle izan zinen garaitik?

Ni Lovainan izan nintzen ikasle. Deustun irakasle eta ikertzaile baino ez naiz izan, baina 30 urte zoriontsutan.