Liudmila Onos

ERASMUS MUNDUS Master of Arts in Euroculture Prom. 09

Nire gomendioa izango litzateke aldaketetara zabalik egotea eta ezagutzen ez denari beldurrik ez izatea. Nazioarteratzea gizarte garaikidearen sine qua non elementu bat da, bai arlo publikoan eta bai pribatuan.

Frantses Filologiako lizentziatura Cahul-eko (Moldavia) “Bogdan Petriceicu Hasdeu” Estatuaren Unibertsitatean amaitu ondoren, ERASMUS Mundus External Cooperation Windows programako lehenengoetariko beka lortu zuen, Deustuko Unibertsitateko ERASMUS MUNDUS Master of Arts in Euroculture egiteko. Masterra amaitu eta hurrengo urtean, Bartzelonara joan zen, eta han ekin zion karrera profesionalari gaur arte. Bien bitartean, DELE eta Certificat de Suficiència Investigadora de Llengua Catalana jaso zuen eta nazioarteko negozioetan espezializatu zen. Sei hizkuntza menderatzen ditu: katalana, espainiera. frantsesa, ingelesa eta errusiera.

Deustuko Unibertsitatera etortzeko ERASMUS MUNDUS External Cooperation Windows beka programa lortu zenuen. Zer sentitu zenuen Bilbora zentozela jakitean? Zerk eragin zizun masterra egiteko unibertsitate hau aukeratzea?

Sentimendu kontrajarriak izan nituen: alde batetik, asko poztu ninduen beka lortu izanak, europar unibertsitate batean prestakuntza jasotzea baitzen nire guraririk handiena; eta, bestetik, zalantza sentimendu bat ere izan nuen, ezagutzen ez nuen hark eraginda. Bilbao hiri ezezaguna zen niretzat; Espainiako mapa hartu behar izan nuen aurkitzeko eta geografikoki kokatzeko. Gaztelaniarik ere ez nekien eta lehenengo pentsatu nuen hizkuntzaren oztopoari ekin behar niola, beste hizkuntza bat ikasi behar nuela eta kultura desberdin batera moldatu behar nuela.

Deustuko Unibertsitatea aukeratzera motibatu ninduena MA programaren diziplina ugariko planteamendua izan zen. Horregatik, unibertsitate erakargarri eta lehiakor bihurtu zuen nire irudituko, beste batzuekin konparatuta. Zehazki, Master of Arts in Euroculturek ardatz hartu zuen Europar Batasunaren kontzeptua, antolaketa politiko, juridiko, ekonomiko, kultural eta soziala, baita balio europarrak eta kultura identitatea ere, besteak beste. Diziplina ugariko ikuspegi horrek motibatu ninduen programa hori aukeratzeko, baita kultura ugariko eta nazioarteko klaseek ere.

Unibertsitateko prestakuntza, batez ere, Cahulen eta Bilbon egin duzu. Zein antzekotasun eta desberdintasun nabarmenduko zenuke bi erakundeen artean? Eta bi hirietako jendeari eta ohiturei begira?

Uste dut bi unibertsitateen arteko antzekotasunik handiena dela unibertsitateen arteko lankidetza sustatzen duten proiektuak izatea. Interes horren haritik ezarri zen Erasmus Mundus External Cooperation Window Lot 6 eta horretan hartu zuen parte nire unibertsitateak, Bielorrusia eta Ukrainako beste unibertsitate hautatu batzuekin batera. Programaren helburua zen Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako unibertsitateen arteko lankidetza garatzea, ikasleen, ikertzaileen eta irakasleen trukea sustatzea, horrela ezagutzaren, esperientzien eta trebetasunen trukea gerta zedin goi mailako hezkuntzaren esparruan. Deustuko Unibertsitatearen paper garrantzizkoa azpimarratu behar dut, proiektua abian jartzeaz aparte, esperientzia handia zuelako eta proiektu ugari zituen arrakastaz ezarrita. Bi ezaugarri horiek nabarmenduko nituzke ”Bogdan Petriceicu Hasdeu” Estatuko Unibertsitatearekiko bereizgarrien artean, oso esperientzia eskasa baitzuen arlo horretan.

Jendearen eta ohituren antzekotasunen artean azpimarratuko nituzke prestasuna eta harrerarako jarrera. Jendea lagunkoia da eta prest dago egoera zailetan laguntzeko. Aurreko belaunaldietakoen ohiturak zaintzeko joera ere aipatuko nuke: gastronomia, jaiak, ohiturak, etab.

Eta desberdintasunen artean gizarte mailako bizimodua nabarmenduko nuke. Bilbotarrak etxetik kanpo bizi dira, ostiral gauez kopak hartzera irtetea gogoko dute, jai handiak eta “zaratatsuak” egiten dituzte. Cahul hiria, ordea, geografikoki txikia denez, ez du halako jardueretarako biderik ematen. Jendeak nahiago du lagunen etxean elkartu eta ez du kaleko bizimodu handirik.

Masterra amaitu eta urtebetera, Bartzelonara joan zinen eta han eman zenion hasiera lanbideko karrerari. Zein eratara uste duzu eragin dizula Deustutik pasatzeak bide hori bultzatzeko?

Esperientzia akademiko handia emateaz gain, lanbideko esperientzia ere garrantzi handikoa izan zen. Deustuko MA ikasketetan, Nazioarteko Harremanetako Sailean praktikak egiteko aukera izan nuen. Unibertsitateko bizitzan txertatzeko laguntza eman nien ikasleei, eta Sailaren barruko beste zeregin batzuk ere egin nituen. Hortxe ikasi nuen bulego batean moldatzen, zereginik oinarrizkoenetatik (datu baseekin lan egin, telefono deiak hartu eta mezu elektronikoak idatzi atzerriko hizkuntzetan) zailenetara (proiektu baten deialdian parte hartzea, hobekuntzarako proposamenak ezartzea, etab.). Pilatutako esperientzia guztiak lagundu zidan, gerora, lan bat bilatzen, neure buruarengan konfiantza izaten lanpostu baterako aurkeztean; eta, azkenik, ikasitakoa lanean ezartzean.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei nazioarteko jauziari dagokionez, lanbideko karrera garatzeko?

Nire gomendioa izango litzateke aldaketetara zabalik egotea eta ezagutzen ez denari beldurrik ez izatea. Nazioarteratzea gizarte garaikidearen ezinbesteko elementu bat da, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Geletan gero eta ikasle gehiago ikusten ditugu hainbat nazionalitatetakoak, munduko hainbat eta hainbat lekutakoak, hizkuntza ezagutzak jaso nahian, baita unibertsitateko irakasleak ere jatorrizkoa ez den beste unibertsitate batean ere. Enpresa pribatuek gero eta negozio aukera gehiago aurkitzen dute beste kontinente batzuetan. Horrela ba, gizarteak berak markatzen digu zein bideri jarraitu eta adi egon eta bizi ditugun aldaketetara egokitu behar dugu.

Beste gomendio bat hizkuntzen ikaskuntzari dagokio. Duela hamar urte, atzerriko bigarren hizkuntza bat jakitea nahikoa zen lanpostu bat lortzeko; gaur egun, ordea, ez. Lanbideko profila aldatu egin da. Zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, arrakasta handiagoa izan eta errendimendu handiagoa izango duzu eguneroko lanetan.

Eskerrik asko zure bizitzaren zatitxo bat gurekin partekatzeagatik. Azkenik, zer gogoratzen duzu Deustuko Unibertsitatean pasatu zenituen urteetatik?

Klaseko ikaskideak ditut gogoan. Hainbat nazionalitatetako ikasleak ginenez, kultura arteko bazkariak/afariak antolatzen genituen eta herrialde bakoitzeko plater tipikoak prestatzen genituen. Horrek lagundu zigun elkar hobeto ezagutzen eta kultura bakoitzeko ohitura eta tradizioak partekatzen.

Bilbon, herrietan eta inguruko hirietan zehar egiten genituen ibilaldiak ere gogoan ditut. Ibilaldi horiei esker, ingurua ezagutu genuen, euskaldunak zelakoak diren, euren ohiturak eta tradizioak, gastronomia, eta jaialdietan parte hartu genuen.

Partekatu ezazu