Alumni Soziala sortu da

Juan José Etxeberriak, Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak, emango digu Alumniren ekimen honen berri

www.alumnisocial.deusto.es

Denbora falta zaigulako sentsazioa dugu, ez garela egunero egiteko dugun guztira eta egin nahi genukeen guztira heltzen.Zelan eman dakieke laguntza besteei testuinguru horretan?

Badira lagundu nahi duten pertsonak, baina ez dakite zelan egin edo denbora gutxi dute laguntzeko. Pertsona horientzat sortu da Alumni Soziala, ikasle ohien –alumnien– ahalmenen neurrira eta denborara diseinatutako proiektua. Besteei laguntzea hobeto bizitzeko modu bat da. Horretan denbora emanda, ekarpen handia egin dakioke proiektu bati.

Pertsona pribilejiatuak gara, jaio garen tokian jaio garelako. Ez genuke horretaz kontzientzia hartu eta zerbait egin behar?

Sorte ikaragarria dugu toki honetan eta historiako une honetan jaio garelako. Ez da izan inoiz hainbeste aukera eta ahalmen ikasteko, beste kultura batzuk ezagutzeko, jakintzarako eta garapen pertsonalerako. Egoera pribilejiatua da beste toki batzuetako errealitatearekin erkatuta.

Hainbeste jasota, asko emateko moduan gaude. Erronka handia da doan jaso duguna gizarteari itzultzea.

Zergatik Alumni Soziala?

Alumni Soziala Deustuko Unibertsitatearen proiektu bat da. Esperientzia eta ikaskuntzarako espazio bat izan nahi du, ikasle ohiak gizarte premiak dituzten pertsona eta komunitateetara hurbiltzeko, hirugarren sektorean parte hartuz eta ekarpena eginez.

Giza proiektu bat da, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen duena, eta protagonistak Deustuko ikasle ohiak dira. Eurak dira, unibertsitatean prestatu ondoren, gure gizartea hobetzeko bideak eta tresnak eskatzen dituztenak, gizartea bidezkoagoa izan dadin.

Alumni Soziala hiru kontzepturen bidez definitu daiteke: konpromisoa, ikaskuntza eta ilusioa, jakina.

Zelan lotzen da proiektu hori Deustuko Unibertsitateko identitatearen eta misioaren barruan?

Deustuk, bere misioaren barruan, gizartea zerbitzatu nahi du, unibertsitate alorrekoa den ekarpenaren bidez eta errealitatea ikuspegi kristau batetik aztertuz. Misio horretatik, Alumni Sozialek bere ekarpentxoa egin nahi du, ikasle ohiak sentiberatu daitezen gure gizarteko egoera kaltegarri eta bidegabeak bideratzen laguntzeko.

Proiektu horrek balioa ematen die ikasle ohiei, unibertsitateari eta, jakina, gizarteari. Ez dago gizarte aldaketarik norbere aldaketarik gabe.

Horixe da Deusto Alumniren helburu nagusia.

Halako jarduerak, normalean, esparru pertsonalekoak izaten dira. Zelan egin dezakegu ekarpena Deustun prestatutako profesional izanik?

Proiektu hau lanbide garapenerako ere tresna egokia da, unibertsitatean ikasitakoak eta garatutakoak esparru berri batean aplikatzeko modua ematen du eta diziplina ugariko talde aberasgarrietan lan eginez.

Boluntariotzako ekimenen bidez, ikasle ohiek gizarte oinarri zabaleko proiektuetan parte hartzea nahi dugu eta euren ezagutzak proiektuaren mesedetan erabiltzea. Eta, bide batez, esperientzia horiei esker, gure gizartean egoerarik ahulenean daudenek bizi dituzten egoeren aurrean sentiberatu. Gizarte proiektu honek bidea ematen du etengabeko ikaskuntzarako eta pertsona gisa hazteko.

 Alumni Sozialaren proiektuak ezagutu.

Partekatu ezazu