Mahmud Darwishen hitzak hartu ditugu Hithem Abdulhaleem Lubbadeh-i egin diogun elkarrizketa honi hasiera emateko. Hithem Psikologiako doktorea da, Deustuko Unibertsitatean.
Zuen herriarekiko elkartasuna adierazi nahi dizugu. Nola bizi duzue tragedia hau –aurreikusitako zentzugabekeria lazgarri bat– zuen lurraldetik urrun zaudeten palestinarrek?
Egunero hitz egiten dut familiarekin eta Palestinako lagunekin herri gisa bizi dugun egoera apokaliptiko honi buruz. Informazioa partekatzeko eta iritziak trukatzeko hitz egiten dugu, baina baita kontsolamendua, hurbiltasuna eta adorea bilatzeko ere. Elkarrizketa guztietan nahasten dira emozioak, tristura, larritasuna, ziurgabetasuna eta amorrua, zurrunbiloan. Uste dut gehien nabarmentzen den sentimendua bidegabekeria sistemiko honek ekarri duen izugarrikeria eta babesgabetasuna dela eta, horrekin gabera, nazioarteko komunitatearen erabateko isiltasuna.
Gazatik iristen zaizkigun irudiek azken hamarkadetan bizi izan den zorigaitzik larrienetako bat erakusten digute. 20 mila biktima zibil palestinar baino gehiago, horien artean, 10 mila haur baino gehiago; eta 50 mila zauritu eta elbarri. Kopuru horiek ederki erakusten dute sufrimenduaren tamaina. Ia bi milioi gazatarrek (biztanleria osoaren % 80) beren bizilekua utzi eta zerrendaren hegoaldera mugitu behar izan dute, babesleku baten bila. Baina dagoeneko ez dago toki segururik, Israelen erasoak bertara ere iritsi baitira. Orain, kontzentrazio esparru handietan pilatuta daude, urik eta oinarrizko baliabiderik gabe. Krisi humanitario larria iragartzen digu horrek.
Israelgo bonba zaparrada etengabe erortzen da, modu basatian eta bereizi gabe, eta biktimak eragiten ditu osasun langileen, kazetarien eta NBEko laguntza humanitarioko langileen artean. Inkubagailuetako ume goiztiarrak ere ez daude salbu. Hondamena eta suntsipena imajinaezinak dira: hirigune, azpiegitura eta ospitale guztiak hondakinak dira orain; anbulantziak, eskolak, balio arkitektoniko eta historiko handiko meskitak eta elizak, errauts bihurtu dira.
Egoera lazgarri horren aurrean, gure bizitzak gelditu egin dira. Gure memoria kolektiboan trauma berri bat sortzen ari da, 1948az geroztik metatzen ari garen beste hainbeste traumari gehitzen zaio hori. Egoera honek badu berezitasun bat, ordea: badirudi Palestinako herria krisi ziklo amaigabe batean harrapatuta dagoela. Trauma baten ondorengo estresa jasan dutenen eta palestinarren artean bada alderik. Izan ere, palestinarrek ia ez dute denborarik trauma ondorengo estresa bizi, sendatu eta berreraikitzeko, muturreko esperientzien segida etengabean murgilduta baitaude. Atsekabeko kronika da, zauri sakona eragingo duena gure arimetan ez ezik, baita nazioarteko komunitatearen kontzientzian ere.
Palestinako herritar guztiak ez dira musulmanak. Gehiengoa musulmana izanik ere, kristauak, juduak eta beste erlijio batzuetakoak ere badira, baita sinesmen ez-erlijiosoak dituzten pertsonak ere. Beste horrenbeste gertatzen da Israelen aldean ere. Batzuk muturreko erradikalak dira, baina horiek kenduta, bizikidetzarako eta erlijioen arteko elkarrizketarako guneak ugariak dira. Ezkontza mistoen ondorioz sortutako familiak ere badira. Herritar gehienak elkarrekin bakean bizi badaitezke, zerk eragiten ditu, zure ustez, gatazkan dauden bi aldeetatik gorroto diskurtso horiek?
Zalantzarik gabe, Palestina identitateen arragoa da. Palestinaren identitatea osatzen duten askotariko kultur elementuen artean bakearen eta batasunaren adibide ugari aurki ditzakegu, batez ere musulmanen eta kristauen artean. Harrotasunez hitz egin dezakegu bizikidetza eredu arrakastatsu batez, juduei ere irekita dagoena. Baina, tamalez, eredu hori apurtzen ari da, 1948an Israelgo estatua sortu zenez geroztik.
Palestinarren diskurtso politiko eta kulturala kolonialismoaren kontrakoa da. Askatasunerako eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen du, justizian eta erresistentzia legitimoan oinarrituta, baina beste komunitate batzuekiko mespretxuzko begiradetan korapilatu gabe. ISIS eta antzeko taldeen diskurtso intoleranteek, adibidez, ez dute lekurik Palestinako gizartean. Gazan eta Zisjordanian infiltratzen saiatu ziren, baina ez zuten arrakastarik izan, eta bai maila politikoan eta bai sozialean kontrako erantzun irmoa eta ahobatezkoa aurkitu zuten.
Ekialde Hurbileko gatazkaren sustraiak bi gertakaritan oinarritzen dira, nagusiki. Horiek elikatzen dute oraindik ere gorrotoaren diskurtsoa. Alde batetik, Israelek Palestinako lurraldea okupatzea dago, eta, bestetik, okupazio horri euskarri ideologikoa ematen dion tradizio kulturala eta erlijiosoa. Nire ustez, egiturazko arrazoiak dira horiek eta gatazkari konponbide bat ematea eragozten dute.
Jakina da Israelgo narratiba gehienbat aitzakia teologikoetan eta oso muturreko nazionalismoan oinarritzen dela, Rafael Aguirre Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko dekano ohiak esaten zuen bezala.
Urteetan zehar, pentsamolde sionista egituratzen joan da, lurraldearen esklusibotasunaren ideian errotua eta bi komunitateak banatzeko harresiak eraikitzearekin guztiz itsutua. Ez dut ezkorra izan nahi, baina ikuspegi hori dutenak oraindik ez daude prestatuta palestinarra identitate subiranoa duen herritar bat dela onartzeko edo bere lurrean bizitzeko eskubidean duen subjektu legitimo gisa ikusteko.
Netanyahurekin eta bere Gobernuarekin kritiko diren ahots israeldar askok urteak daramatzate Israelen bizi den gizarte narriadura azkarra salatzen, 1995ean muturreko judu batek, Yigal Amir izenekoak, Isaac Rabin hil ondoren, Palestinaren eta Israelen artean berretsitako bakearen aurka zegoelako (Osloko Akordioak, 1993/09/13, Israelen –Rabin– eta Palestina Askatzeko Erakundearen –Arafat– artean). Orduz geroztik, ahuldu egin dira bai palestinar moderatuak bai israeldar moderatuak, eta indartu egin dira, bi aldeetan, fanatikoak. Horrek narratiba politikoan pausorik ez ematea ekarri du. Zure ustez, aurkituko al ditugu Lurralde Santuan bakea eraikitzeko benetako nahiarekin lan egingo duten izen handiko solaskideak?
Egia da, elkarrizketaren alde egindako ahaleginen aitorpen gisa, Rabini eta Arafati Bakearen Nobel saria eta Asturiasko Printzearen Elkartasun saria eman zitzaizkiela. Rabin muturreko judutar batek hil zuen, eta Arafatek bere bizitzako azken etapa Ramallaheko bere etxean hesituta eta konfinatuta bizi izan zuen, Ariel Sharonek, Israelgo gobernuburu ohiak, etxean atxilotzea agindu baitzuen.
Nire iritziz, izen handiko beste solaskide batzuk behar dira negoziazio mahaian eseri eta Lurralde Santurako bake iraunkorra eta bidezkoa bilatzeko, nahiz eta ekaitz honen erdian, zaila egiten zaidan zein izan daitezkeen esatea.
Gizarte palestinarrak, oro har, eta bere ordezkariek, bereziki (politikariak, akademikoak, idazleak, poetak, etab.) erakutsi dute, zoritxarreko egoera honi aurre egin behar badiote ere, bakearen eta elkarrizketaren aldeko konpromiso irmoa dutela. Hala, 1993ko Osloko Akordioen ondoren, Palestinak Israelgo estatua onartu zuen, baina Israelek ez du Palestinako estatua inoiz onartu. Palestinarrek diote askatasunaren alde borroka egin behar dutela, giza eskubideen urraketak desagerrarazi nahi dituztelako eta estatu independente bat sortu, baina inola ere ez judaismoa erlijio gisa gaitzetsi nahi dutelako.
Komunitate juduaren barruan gero eta ahots gehiagok jartzen dute zalantzan Israelgo estatua eta egiten ari dena: arrazan oinarritutako segregazio politika. Zoritxarrez, ahots horiek ez dute botere politiko handirik. Baina aktibista, kazetari eta intelektual errespetagarriak eta oso kontuan hartzekoak dira.
Ikuspegi horretatik, nazioarteko komunitateak eta gizarte zibilak garrantzi itzela dute. Haien esku hartzea eta ekintza funtsezkoak izan daitezke indarkeriaren espiralari amaiera emateko. Erronka okupazioari eta gatazkari eusten dieten egiturak eta ikuspegiak desegiteko dugun gaitasunean datza. Nire ustez, orain helburu hori lortu behar dugu.
Eremu horretan bakea lortzeko formula bakarra “bi estatu” sortzea dela diote batzuek. Nik, ordea, konponbide horren inguruko zalantzak ditut. Boterean dagoen pentsamolde sionistak, lehenago aipatutakoak, ezin du formula hori ulertu edo kontuan hartu, talka egiten baitu bere ikuspegi esklusibista eta kolonialistarekin. Iritzia ematera ausartuko naiz: uste dut konponbiderik egokiena Palestinako estatu bakarra sortzea izango litzatekeela, subiranoa, demokratikoa, kultura askotakoa eta zuzenbidekoa, kultu askatasuna bermatuko duena eta komunitate guztiek, juduek barne, lur honekin dituzten lotura historikoak eta espiritualak errespetatuko dituena. Eskualdearen egonkortasuna bermatuko duen estatua eta Europarekiko lankidetza eta elkarrizketa harreman zintzoa eta emankorra izango dituena. Proposamen ausarta da, baina kontuan hartzeko modukoa dela esango nuke.
Interes gehiegik –gehienbat ekonomikoak eta geoestrategikoak– mugitzen dituzte gatazka armatuen hariak. Eta Palestina ez da salbuespena. Kutsu historiko-erlijiosoarekin apaintzen dira, eta tartean dauden herritarrak armiarma sare afektibo, identitario eta espiritual konplexuetan harrapatuta gelditzen dira. Nola identifikatu, salatu eta babestu gaitezke manipulazio horietatik?
Ziurgabetasun handiko garaietan bizi gara, eskala handiko krisiak ditugu, identitate nahasiak, diskriminazioa… Horrek guztiak areagotu egiten du diskurtso sutsu eta propagandazkoen aurrean dugun zaurgarritasuna. Are gehiago, desinformazio kanpaina gordin baten eraginpean gaude, eta horrek bereizteko gaitasuna indartzea eta gure iturriak dibertsifikatzea eskatzen du.
Nire ustez, manipulazioak identifikatzeko eta haietatik babesteko estrategiak funtsezko bi elementu ditu: lehenik eta behin, gatazkak –horien artean, Palestinaren eta Israelen artekoa– sortu diren testuinguru historikoari buruzko jakintza espezifikoa landu behar dugu. Bigarrenik, pentsamendu kritikoa garatu behar dugu. Funtsezkoa da kontsumitzen ditugun iturrien sinesgarritasuna etengabe egiaztatzea eta berrikustea. Sinesgarritasuna, nire iritziz, norbaitek esaten duenaren eta benetan egiten duenaren arteko koherentzia erakustea da. Horrek guztiak lagunduko digu gure ikuspegiak aberasten eta interpretazio alboratuetan ez erortzen.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei egoera ulertezin horietara modu kritikoan hurbiltzeko eta giza eskubideen defentsa, justiziaren sustapena eta kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketa lortzen laguntzeko?
Gazan gertatzen ari denak erronka handi bat dakarkio gure idealak eta balioak defendatzeko dugun gaitasun kolektiboari. Drama honen aurrean ezer ez egiteak eta pasibo izateak arriskuan jartzen du gizarte gisa landu dugun printzipio etikoen sistema osoa. Agindu etikoa da giza eskubideei buruzko gure diskurtsoak ekintza bihurtzea. Hala egiten ez bada, erretorika hutsean geldituko gara.
Eskerrik asko, Hithem, zure gogoetak Deusto Alumni Timeko irakurleekin partekatzeagatik. Bakea lehenbailehen lortzea nahiko genuke. Bukatzeko, beste zerbait gehitu nahi duzu?
Deusto Alumni Timeeko kudeatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, gure ikuspuntuei ahotsa eta lekua emateagatik.
Gabon Jai Zoriontsuak opa dizkizuet guztioi. Espero dut hurrengoak bakean, justizian eta anaitasunean ospatzea Belenen eta Gazan.
Argazkiak:
Azala: Tumisuren irudia Pixabayn
Goiburua: poesiaarabe.com -etik ateratakoa