Zerbaitek atzera egitea eragiten badizu hobe da zeure esperientzia izatea. Ezetza heldu behar bada, berdin helduko da, baina behintzat lasai geratuko zara, ahal duzunaren ehuneko ehun eman duzulako
Zure formazioa Durangoko Jesuiten ikastetxean hasi zenuen, graduko ikasketak Deustun egin dituzu eta master bat amaitzen ari zara Chicagon. Durangon jaio eta nola iritsi zara AEBraino?
Norabide aldaketa asko dituen durangarra, asko laguntzen dion familia, irakasleak eta lagunak izanez gero, Chicagoraino iritsiko da tematu egiten delako. Kontua da probatzea, saiatzea, galdetzea, pertsona batzuei kasu egitea eta beste batzuei ez. Egia esan, Hizkuntza modernoak eta Kudeaketako ikasketak egiten hasi nintzenean Deustun, ez neukan ideiarik ere Chicagon amaituko nuela master bat egiten, baina argi nuen geldi ez nintzela egongo. Karrerako azken urtean praktikak egin nituen leku pare batean eta BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) zentroan egon ondoren, erabaki nuen Hizkuntzalaritza eta ikerkuntza zirela benetan erakartzen nindutenak.
Motibazioa, ahalegin sendoa, ekimena, erantzukizuna, bost hizkuntza erabiltzea… dira zure ezaugarrietako batzuk. Horrela ikusten duzu zure burua islatuta?
Hori nahi nuke, ondo ematen du-eta. Egia esan, neurri batean bakarrik. Guztiak bezala, egun batzuetan ezaugarri horiekin ikusten dut neure burua eta beste batzuetan oso desberdina naiz. Uste dut hau maratoia barik bide luzeko lasterketa dela, horregatik landu behar da denetarik apur bat, bestela aspertu egiten zara edo zoratu, eta ez derrigorrez ordena horretan.
Zein aukera eskaintzen ditu Chicagok Deustoko Alumnientzat?
Chicagon aurkera asko daude arlo akademikoan, batetik nazioarte mailan itzal handia duten ikerketa taldeetan edo laborategietan lankidetzan aritzeko, eta bestetik, networkingeko hainbat ekitaldi, era guztietako hitzaldietara joateko aukera eta ikasleari dedikazio handia eskaintzen dioten irakasleak eta oso konprometituta daudenak.
Beste maila batzuetan, Chicago hiri zoragarria eta bizitza handikoa da, hango gizartea oso desberdina da guk ezagutzen dugunaren aldean, gizarte hori ulertzen ikasten duzu eta maitatu egiten duzu.
Obamaren hirian, nola ikusten dira Trumpen politika babesleak?
Obamaren hiriak, jakina, oso faltan hartzen du Obama. Ameriketako Estatu Batuetako presidentzian egon den erabateko aldaketarekin, haserrea nabaria da. Chicago oso hiri liberala da, aurreko hauteskundeetan ikusi ahal izan genuen Illinois estatua “salbatu” egin zela gehiengo errepublikarra izatetik, Chicagori esker, izan ere ia guztia da demokrata. Trumpen politikei dagokienez, uste dut tamaina horretako politika diskriminatzaileak, zoritxarrez, herrialde askotan daudela, eta ez bakarrik Estatu Batuetan. Horrelakoei aurre egiteko beharrezkoa da hezkuntza sistema inklusiboa, autokritika egiten duena eta eztabaidarako irekita dagoena, beraz guztiok dugu zer egin, gizarte modura, gai horretan.
Zein aholku emango zenieke karrera akademiko eta profesionala Europatik kanpo egin nahi duten alumniei?
Esango nieke gauza guztiei buruzko informazioa jasotzeko, galdetu dezatela, ez dezatela aterik itxi, “buff” ezinezkoa da edo “seguru ez nautela hartzen” esanda. Idatzi dezatela eta jarraitu dezatela “ondo hitz eginda urrun heltzen da” dioen filosofia, hori ama eta aitari zor diet, eta emaitza, neurri handi batean, positiboa izan da. Ez dut esaten dena izango dela polita eta larrosa kolorekoa, baina uste dut zerbaitek atzera egitea eragiten badizu hobe dela zeure esperientzia izatea eta horrela, gutxienez, zerbait ikasiko dugu horretatik. Ezetza heldu behar bada, berdin helduko da, baina behintzat lasai geratuko zara, ahal duzunaren ehuneko ehun eman duzulako.
Oso pertsonala
- Amets egiteko hiria
- Berlin
- Libura
- La elegancia del erizo
- Abestia
- What’s up? de 4 Non Blondes
- Filmea
- El viaje de Chihiro
- Aktorea
- Meryl Streep
- Neure izaeraren ezaugarri nagusia
- Burugogorra izatea
- Akats nagusia
- Jenio bizikoa izatea
- Aisialdian gustuko dudana
- Pintatzea, eskalada egitea, idaztea
- Gustukoen dudan kirola
- Saskibaloia
- Gustukoen dudan janaria
- Arroza