Lanbideko praktikek azkarrago laneratzeko aukera ematen dute eta, horretaz gainera, etorkizunean zertan lan egin nahi dugun ikusteko modu bikaina dira
Nola iritsi zinen zure herrialdetik, Argentinatik, Deustura?
Sustrai kontua izan zen, nagusiki, nire aurrekoei diedan miresmena, haien urratsei jarraitzea, nolabait. Argentinan, herritar gehienak Europako etorkinen ondorengoak gara.
Gure birraitona-amonak Euskadin jaio ziren; gure aitona-amonek La Platako Euskal Etxea sortu zuten eta gaur egun, gure aita da bertako presidentea. Ordu asko eman ditut han haur nintzela. Txiki-txikitatik, antolatzen ziren jarduera guztietan parte hartzen nuen: paleta pilota, dantza, abesbatza, San Fermin jaiak…, geure sustraien nortasuna bizitzen ahaleginduz.
Hala, hemezortzi urte bete nituenean, nortasun hori urrunetik amesteari uztea eta bizitzen hastea erabaki nuen. Turismo ikasketen lehenengo urtea Argentinan egin nuen eta, gero, Bilbora etorri nintzen.
Turismo arloan izen ona zuten unibertsitateak aztertu nituen, eta Deustuko Unibertsitatea izan zen nire lehenengo aukera, eta, zalantzarik gabe, aukerarik onena. Gainera, gure aitak Deustun Master bat egin zuen, beraz, erreferentzia onak nituen.
Nolakoa izan zen Bilbora iristea? Argentinarekin alderatuta, desberdintasun edo zailtasun asko aurkitu al zenituen?
Zinez, Bilbora iristea oso ona izan zen. Desberdintasun asko eta asko aurkitu nituen, kulturari dagokionez, nagusiki. Hala ere, jendearekiko harremanak kezkatzen ninduen gehien, hau da, gizarte harremanak edukitzeko aukerak, eta, hor, ezustekoa oso atsegina izan zen.
Zailtasunik handiena norberaren mugak edo hesiak gainditzea zen, zaila baita zure herritik urrun bizitzea eta are zailagoa, lan egin behar baduzu. Asko kostatu zitzaidan familiarengandik, lagunengandik, azken batean, neure herritik hain urrun egotea. Zorionez, Fakultateko nire ingurune hurbilenaren adiskidetasunak eroso sentiarazi ninduen eta aurrera jarraitzeko indarra eman zidan, ikasketak bukatu arte.
Zer esan diezagukezu Deustuko zure esperientziari buruz? Zein oroitzapen dituzu?
Irakasle bikainak izan nituen, maila handikoak, turismo sektorean lan egiten zutenak. Horrek ikasketei ikuspegi praktikoa eransten die eta lan mundura hurbiltzen laguntzen du.
Ikaskideei dagokienez, talde atsegina izan nuen: eskolak amaituta, ikasteko gelditzen ginen, edo… festaren batera joateko. Beste herrialde batzuetatik trukean zetozen neska-mutilak ere gonbidatzen genituen. Hori ere oso interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, atzerriko herrialde batean ikasi nuen, baina, gainera, beste herrialde batzuetako ikasleekin harremanak nituen. Hori balio erantsia da, trukea eta ikaskuntza biderkatu egiten baitira.
Oroitzapen asko ditut. Bata, oso zehatza, eta beharbada, hunkigarriena, Guztizko Proba bukatzerakoan bizi izandakoa (orduan proba hori egin behar izaten genuen, ikasketak amaitzerakoan). Unibertsitatetik atera nintzenean, kanpoan nituen zain ama (bisitan etorri zena) eta osaba.
Argentinako turismo sektorean egiten duzu lan. Nola lagundu dizu Deustun jaso zenuen prestakuntzak zure lan ibilbidean?
Karrerako alderdirik interesgarriena praktikak izan ziren; praktikek aukera eman zidaten lan mundura oso azkar hurbiltzeko.
Bidaia agentzia batean egin nituen praktikak, hala aukeratu nuen. Ikasketak amaituta, Argentinara itzuli nintzenean, Despegar.com bidaia agentzian aurkitu nuen lana, Latinoamerikako bidaia agentzia handienean, alegia. Gero, administrazio publikora mugitu nintzen, eta hiru urtez aritu nintzen Argentinako Turismo Ministerioan lanean. Orain, kanpo aholkularia naiz.
Lanbideko praktikek azkarrago laneratzeko aukera ematen dute eta, horretaz gainera, etorkizunean zertan lan egin nahi dugun ikusteko modu bikaina dira. Lehenengo proba ona da, lan munduan non egon nahi duzun jakiteko (bai lanbideari begira eta bai maila pertsonalean), nahiz eta aurrerago bidea eta esperientzia alda ditzakezun.
Argentinako turismo sektoreko politikak, Euskadikoen antzekoak al dira? Zer ekar dezakegu handik?
Normalean, argentinarrok Europako herrialdeetan garatzen diren politikak inportatzen ditugu, nolabait.
Argentinan, turismoa estatu politika da, 2005az geroztik, Turismoko Lege Nazionala onartu zenez geroztik.
Baina politika berezi bati buruz hitz egin nahi dut, oso interesgarria, “Turismoa, Ondarea eta Eskola” izeneko programak bideratzen duena. Programa horren helburua da eskoletara (lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan) Argentinako kultur aberastasunari buruzko prestakuntza eramatea.
Herrialde osoko lehen hezkuntzako azken mailetako ikasleei eskaintzen zaie: ikasle horiek proiektuan sartzen dira, probintzietako taldeei metodologia transferitzen zaienean.
Oso interesgarria iruditzen zait, haurrei txiki-txikitatik erakutsi nahi baitzaie turismo jarduerak garrantzi handia duela herrialdean eta, bereziki, beren bizilekuetan. Epe luzera, lortu nahiko litzateke gai hori eskoletan txertatzea, curriculum ofizialaren barruan.
Turismo ikasketak bukatzen ari diren beste ikasleak animatuko al zenituzke beste kultura batzuk, beste errealitate batzuk ezagutzera?
Zalantzarik gabe. Atzerrian ikastea bizi izan dudan esperientziarik onena izan da. Asko aberastu ninduen, profesional gisa eta, batez ere, pertsona gisa. Hazi egin nintzen, giza harremanek duten garrantziaz jabetu nintzen.
Era berean, uste dut laguntzen duela norberak bere herrialdean duena ere aintzatesten eta beste kultura batzuetara iristen, bizitza ikusteko beste modu batzuk, beste errealitate batzuk, daudela ulertzen. Sentiberatasun handiagoa eman digu horrek. Beharbada galkorra izango da, baina ikasketez edo gizarte harremanez gainera, atzerrian ikasteak hori ematen dizula uste dut.
Galdera saihestezina da. Argentinak Munduko Futbol Txapelketa irabaziko al du?
Erantzuna ere saihestezina da: bai! Ikuspegi teknikotik, irabazi ahal izango genuke, jokalari bikainak baititugu taldean. Baina, nire ustez, selekzioa ez da talde sendo bat, eta horrek eragiten du urrea ez lortzea.
Hala ere, Brasilgo txapelketan finala galdu genuen, Alemaniaren aurka. Beraz, pauso bakarrera gelditu ginen. Argentinako herriak eskatzen du Errusiako aukera aprobetxatzea, jokalariek dakitena erakustea, eta guztiok espero dugun garaipen hori ematea. Gure herrialdean, futbola pasio handiz bizi da, erabateko fanatismora iritsi arte. Gure errebantxa Errusian egotea espero dut.