Deustuko Unibertsitatean erakunde mailako erreferentzia sendoa, nazioarteko aitorpena eta ikasteari ekiteko aukera aurkitu nituen.
Duela hogeita zazpi urte Deustuko Unibertsitatea aitzindarietako bat izan zen Espainian Latinoamerikako erakundeekin lankidetzarako gelak zabaltzen, irakasleen doktore prestakuntzan, UNESCO Katedraren bidez. Lehenengoetarikoa izan zinen horretan, 1994an, Uruguaitik. Esperientzia horretan aitzindarietariko bat izanik, zer sentitu zenuen Bilbora heltzean? Zerk bultzatu zintuen zure herrialdean dena utzi eta abentura horri ekiten?
1994an, doktoregoko ikasketak hasi berriak ziren Latinoamerikan. Hastapenetan zeuden Mexikon edo Brasilen eta ezinezkoa zen Uruguain egitea. Bidaiatu beharra zegoen ikasten jarraitzeko. Deustuko Unibertsitatean doktoretza egiteko aukera zegoela ikusi nuen, Montevideon, Javier Elzo irakasleak parte hartzen zuen mintegi batean. Garai hartan, Elzo Soziologiako doktoretza programaren zuzendaria zen. Bilbotik aukera nuela berretsi zidan unean, birritan pentsatu gabe joan nintzen. Familiaren, une hartan lan egiten nuen erakundearen eta lagunen babesa izan nuen. Historialari batek zioen bezala, “uruguaitarrak itsasontzietatik jaisten gara”, immigranteen seme-alabak gara eta, uruguaitarren migrazio kualifikatua atzerrian, gure herrialdeko gazteen jokabide analisietan asko aztertu den gaia da. Atzerritik itzulitako uruguaitar kualifikatuen laguntzarekin, eman ahal izan zitzaien hasiera Uruguaiko graduondoko ikasketei.
Halako ekimenek zein neurritan laguntzen dute, zure ustez, eraginkortasunez nazioarteko lankidetzan eta erakundeen arteko lankidetzan, goi hezkuntzaren esparruan? Zer ekarri dizute zuri?
Deustuko Unibertsitatean erakunde mailako erreferentzia sendoa, nazioarteko aitorpena eta ikasteari ekiteko aukera aurkitu nituen. Une honetan, doktoregoak Uruguain sendotuta daudenean, nire lankide gazteak lanean eta ikasten ikusten ditut tesia amaitzeko. Orduan konturatzen naiz zeinen zorionekoa izan nintzen ikasketak amaitzeko denbora tarte bat izan eta doktoregoko tesiari denbora guztia eskaintzeko modua izan nuelako.
Nazioarteko eta erakundeen arteko lankidetzarik gabe, UNESCO Katedraren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango nuen garai hartan ikasten jarraitzea. Horregatik uste dut halako ekimenak Euskadiren elkartasun adierazpenak direla, ezinbestekoak latinoamerikar herrialdeentzat.
Zure doktoregoko tesia Uruguain nortasun kolektibo bat eratzeari buruzkoa izan zen. Azken hogeita bi urteotan, ¿zein izan da zure balioespena prozesu horren bilakaera eta sendotzeari dagokionez?
Euskal abertzaletasunaren lorratzak bultzatu ninduen Uruguairen eraikuntza nazionalaren hastapenak aztertzera XIX. mendearen amaieran. Horretarako, bi laguntza baliotsu izan nituen: batetik, Demetrio Velasco irakaslea, hark lortu baitzuen uruguaitar erakundeen eraketa ulertzea hastapenetan, Euskal Herrikotik oso desberdina izanik; eta, bestetik, Gerardo Caetano irakaslea izan nuen lagun ikasketa historikoetan, bibliografian orientazioa eman zidan eta erreferentziako historialariak bilatzen lagundu zidan, Montevideora 1996an egin nuen bidaian elkarrizketatzeko.
Montevideora itzultzean, Errepublikako Unibertsitatean lehiatu nintzen eta Gizarte Laneko Sailean sartu. Beraz, ez nuen intereseko ikerrildo horretan jarraitzeko eta garatzeko aukerarik izan. Hala ere, balioesten dut hasieran Uruguaiko Unibertsitate Katolikoak eman zidan babesa La construcción de la identidad uruguaya liburua argitaratzeko Taurus zigiluarekin. Tesiaren bertsio laburtua zen eta bi sari jaso zituen Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren eskutik.
2015etik aurrera, zure langintza akademikoak eta ikerketakoak adingabeen eta nerabeen alderdi judizialetan du ardatza. Zure ustez, zeintzuk izango lirateke funtsezko desberdintasun eta antzekotasunak, halakorik balego, Euskadiren eta Uruguairen artean gai horretan? Badago jokabidea homogeneizatzeko joerarik adin horietan aztertu ahal izan dituzun herrialdeetan?
Zigorrak luzatzen dituen gizarte kontroleko zehapen ereduak ugaritzeko eskaera sortu da berriro, eta horrek ekarri du herritarren segurtasuneko politika berriak sortzea eta onarpen masiboa izatea. Fenomeno hori ikusi daiteke Estatu Batuetan eta Latinoamerikan, oro har, eta Uruguain bereziki; gobernuan dagoen alderdiaren orientazio politikoa era batekoa zein bestekoa izan, hori da garai berrien seinale.
Populazioan delituari aurrea hartzeko eguneroko errutinak aldatu beharrak, gero eta haserre eta frustrazio handiagoa eragiten ditu eta biktimizazioak berarekin dakartzan kalteen eta oztopoen aurreko gero eta jarrera kontrakoagoa sortzen du. Ondorioz, enpatia falta sortzen du iraintzailearekin eta pazientziarik eza justiziako estatu politikekin –porrot egin dutela sentitzen da–, eta transgresioarekiko tolerantzia faltak biktimarekiko identifikazio handiagoa eragiten du.
Iraintzailea ulertzeko jarrera betiere zailagoa eta galdatzaileagoa izan bada ere populazio arruntarentzat, herritarren jarrera intoleranteak arau hauslearen kontrako zehapen esplizituko bidea zabaldu du eta zigor eskaera handiagoa eta estatuaren kontrol handiagoa eskatzen du. Bestalde, ikuspuntu hori indartu eta txalotzen duten eskema teoriko eta politiko berriak sortu dira: gizarte kontrola eta prebentzioa azpimarratzen dituzte eta transgresioa aukera arrazional gisa azaltzen dute.
Kriminaltasunaren kontrako erreakzio hori –sentimendu zehatzailearen, biktimekiko arduraren, babes publikoaren, kontrolari lotutako bazterketaren adierazpena–, talde-esperientzia berria euskarri duena, korronte erreakzionario baten testuinguruan sortu da, modernitate berantiarrean gertatutako aldaketekin lotuta, sektorerik kontserbatzaileenetan. Sektore horiek austeritatea, haur eta gazteen kontrola familiek egitea eta “auzotar onen jokabideetara” itzultzea bezalako balioetara itzultzea eskatzen dute, modernitatearen lehenengo etapetako ezaugarri liratekeenetara.
Nire ikerketaren muina gazteen zehapen sistemetan dagoenez, pentsatzen dut Euskadin gizarteak tolerantzia maila handiagoa duela nerabezaroko urraketa txikiekin beste toki batzuetan baino. Azken toki horietan egoera kalteberagoan dagoen populazioaren politika segregazionistek estatu mailako babes politikak “arriskutsutzat” jotzen dituzte eta uste dute “ez dutela merezi” babes hori. Hala ere, datu enpirikoak falta zaizkit hipotesi hori babesteko, ez baita hala gertatzen espainiar autonomia erkidego guztietan.
Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei graduondoko prestakuntza akademikoari aurre egiteko haiena ez den herrialde batean?
Deustuko Unibertsitateak eskaintzen duen prestakuntza akademikoko aukera balio handikoa da. Nire esperientzia kontuan hartuta, ahalik eta gehien aprobetxatzeko aholkatuko nieke, bizitza sozialeko distrakzioak saihestuta, nahiz eta atzerriko bizimodua eraman ahal izateko laguntza handia izan. Alde horretatik, esango nieke bisitatzeko sagardotegi bat.
Eskerrik asko lerro hauek eskaintzeagatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustun doktoregoko ikasle izan zineneko urteez?
Deustun balio handiko bi laguntza izan nituen. Batetik, Soziologiako doktoregoko garai hartako idazkari Gregory dut gogoan. Hura jabetu zen nire herabetasunaz eta berak bideratu ninduen irakasleen profil akademikoen artean bat aukeratzen, tesiko zuzendaria izateko. Bestetik, latinoamerikarrekiko nazioarteko lankidetzako arduraduna beti zegoen adi, zer behar genuen jakiteko eta planteatzen genizkionak entzuteko prest. Laguntza horiek gabe zaila izango zen unibertsitatean txertatzea. Beraz, nire esker ona izango dute beti.
Deustura heldu nintzenean, gehien harritu ninduena liburutegia izan zen eta doktoregaientzat sarbide irekia izatea. Gogoan dut, Bilbora etorri berritan, ez zegoela jende guztiarentzako Interneterako sarbiderik. Hortaz, Uruguairekin nuen harremana posta arruntez egiten zen.
Gogoan dut nire ikaskide euskal herritarrak zur eta lur geratu zirela ikasle brasildarrekin, haien pozaz eta herabetasunik ezaz bete baitzuten klasea eta bihotz-bihotzeko adiskide bihurtu ziren. Haiek ibilbide luzeko irakasleak zirenez, ni baino zaharragoak, Uruguairen eta Brasilen arteko hurbiltasunari esker, berehala sintonizatu genuen gure topaketetan, unibertsitatean eta handik kanpo ere. Esan ohi da, ez arrazoirik gabe, ordea, uruguaitarrok tristeak, ilunak eta uzkurrak garela. Horregatik, ikasle brasildarrak hurbil izatea erronka bat izan zen izaera uruguaitar horren aurrean.
Eskolako geografia liburuetan esan ohi denez, Uruguai “izur handirik gabeko azalera duen herrialdea” dela, elementu geografiko handirik gabea. Horregatik, Euskadira heldu eta mendiek eta berde tonu ugariek harrituta utzi ninduten. Euskal herritarrek erlijio jaietan hainbeste parte hartzeak ere harri eta zur utzi ninduen. Herri txikiak ere bisitatu ahal izan nituen Bilbon ezagutu nuen eta Uruguairekin lotura luzea zuen lagun euskaldun bati esker, Paul Ortegari esker.
Hark aurkeztu zidan Setién familia, Uruguaitik etorria eta ohitura eta usadio uruguaitarrak mantendu zituena, Euskadin bizitzen Montevideon baino denbora gehiago eman arren. Asteroko topaketek ikaragarri lagundu zidaten hainbeste maite zuten Bilbora egokitzen.
Hiria hazten zegoen. Ondo gogoratzen dut Guggenheim Museoa eta Bilboko metroa eraikitzen ikusi izana han egon nintzen bitartean.