
Psikologiak funtsezko oinarria eman dit pertsonak eta haien motibazioak ulertzeko eta enpatizatzeko, eta hori funtsezkoa iruditzen zait bai irudi-aholkularitzan, bai gazta-dastatzeetan. […] Azken batean, psikologiak balio izan dit pertsonekin hobeto konektatzeko, haien beharrak interpretatzeko eta ongizatea sortuko duten esperientziak biziarazteko
2016an Personal Shopper gisa hasi zinen, irudi-aholkularitzan eta erosketa pertsonalizatuetan espezializatuta, zure bezeroei beren estilora, beharretara eta aurrekontura hobekien egokitzen zaizkien jantziak eta osagarriak aurkitzen laguntzeko. Sei urte geroago, etxeko, tabernako eta jatetxeko gazta-dastatzeak gehitu dizkiozu goikoari. Zure ustez, zer neurritan balio izan dizute psikologiako jakintzek esperientzia profesional horietarako?
Psikologiak funtsezko oinarria eman dit pertsonak eta haien motibazioak ulertzeko eta enpatizatzeko, eta hori funtsezkoa iruditzen zait bai irudi-aholkularitzan, bai gazta-dastatzeetan.
Irudi-aholkularitzaren esparruan, psikologiak laguntzen dit ulertzen pertzepzioak, autoirudiak eta identitateak nola eragiten duten pertsona bat jendaurrean agertzeko eta sentitzeko moduan. Bezeroari aholkuak ematen saiatzen naiz, ez soilik ikuspuntu estetikotik, baita alderdi emozionaletik ere, bere autoestimua bultzatuz eta transmititu nahi duenarekin koherentea den irudi bat proiektatzen lagunduz.
Gazta-dastatzeetan, funtsezkoa da portaera eta pertzepzio-prozesuak ulertzea. Dastatzeak zerikusi handia du arreta, memoria, emozio eta oroitzapen sentsorialekin; beraz, bidaia sentsorial esanguratsu eta gogoangarri bat diseinatzen saiatzen naiz publikoarentzat.
Azken batean, psikologiak balio izan dit pertsonekin hobeto konektatzeko, haien beharrak interpretatzeko eta ongizatea sortuko duten esperientziak sortzeko”.
Lortzen duzu zure bi lanbideak uztartzea? Kontatuko zeniguke nola egiten duzun?
Inoren kontura lan egiten dut personal shopper online enpresa batean, nire lanaldi osoa betetzen duen enplegu batean. Hala ere, ordutegi-malgutasun pixka bat badut, eta horrek eroso antolatzeko aukera ematen dit.
Politena da gazta-dastatzeek izaera ludikoagoa dutela eta, hain zuzen ere, jende gehienaren lan-ordutegitik kanpo egiten direla: arratsaldeetan edo asteburuetan. Horrela, bi alderdiez goza dezaket gainjarri gabe; nire lan nagusiak egonkortasuna eta garapen profesionala ematen dizkit, eta dastatzeek aukera ematen didate nire alderik sortzaileena eta sozialena aztertzeko.
Zer prozesu jarraitzen duzu norbaitek bere irudia azpimarratzeko aholkularitza eskatzen dizunean?
Hasteko, analisi morfologikoa eta kolorimetriakoa egingo dugu. Hortik aurrera, bere ezaugarririk ederrenak indartu eta disimulatu nahi dituen alderdiak orekatzen ditut. Nire helburua da pertsonak bere irudiari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko modua aurkitzea, bere edertasun naturala azpimarratuz eta bere estiloarekin seguru eta bakar sentitzea lortuz.
Zertan dautza zure dastatze pertsonalizatuak?
Etxeko dastatzeak erabat pertsonalizatuak dira, jendearen gustu, egoera eta aurrekontuetara egokitzen naiz. Elkarrizketa labur bat izan ondoren eta zeren bila dabiltzan jakin ondoren, gaia definitzen dut eta gaztak (eta beste produktu batzuk) aukeratzen ditut, gozatu nahi duten esperientzia gastronomikoaren protagonistak izango direnak.
Kontatuko zeniguke zure gaikako dastatze horien inguruko zerbait?
Gaikako dastatzeen kasuan, hari bat izaten dugu. Hau da, gaztak beren ezaugarri organoleptikoengatik dastatu eta ebaluatzeaz gain, gaztak ideia nagusi edo istorio baten arabera lotzen dituen gai bat dago.
Laster dastatze bat egingo da, izenburu honekin: Asturias eta bertako infernuko gaztak. Kasu honetan, gazta produktu gastronomiko gisa ez ezik, lurraldearen, kulturaren eta asturiar nortasunaren isla gisa lotzen duen esperientzia batez ari gara.
Eskerrik asko! Amaitzeko, esango zeniguke zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako urteez?
Eskerrik asko nire profilaz interesatzeagatik eta elkarrizketa honetan parte hartzeko aukera emateagatik.
Unibertsitateari dagokionez, oroitzapen onak ditut. Ikastetxetik unibertsitatera igarotzea erronka handia izan zen, baina baita oso esperientzia aberasgarria ere. Aldaketa askoko etapa, heltze eta hazkunde pertsonalekoa. “Uni”-a gurasoen etxetik gertu dago, eta txikitan handik pasatzen nintzenean, beti amets egiten nuen egunen batean leku hartan ikasiko nuela. Psikologiaren munduan aritu ez arren, ez naiz damutzen karrera hori ikasi izanaz. Bokaziozkoa izan zen, neure burua hobeto ezagutzen lagundu zidan eta egunerokoan aplikatzen ditudan ezagutza eta tresna asko eta asko eman dizkit.