Skip to main content

Alumni Emeritua: Gloria Díez Valbuena

Berarengandik ikasi nuen lezioa, “errebindikazio” hori, nik ez nuen ezagutzen eta. Niri egokitu zitzaidana esker onez bizi izan nuen, erabateko poztasunez, baina berak aktiboki aldarrikatu zuen, berak gabezia hori zuen: ikasi nahi zuen. Niretzat poz handia izan zen gutxiagotasun kutsu hori, erresumin hori, kentzen laguntzea.

Nondik datorkizu hezkuntzarako eta kulturarako grina hori?

Zorte handia izan dut umetan Teresiarren eskolara joan naizelako eta oinarri ona eman didatelako. Urte haietan iraultzaileak ziren. Sortu berriak ziren. Prestakuntzaren eta hezkuntzaren bidez, emakumeak sustatu nahi zituzten, anonimotasunetik atera eta hezkuntzaren eta kulturaren maila gorenetara igoarazi. Orduan sarrera eta zortzi urteko batxilergoa egiten genuen. Asmo handiko hezkuntza sistema berritzailea zuten.

Gero kimika ikasi nuen, kimika aizu, ez da gutxi, non eta Salamancan! Han egokitu zitzaidan, Ikastetxe Nagusian, Josefa Segoviarekin egotea, aita Poveda hil ondoren Teresiar Erakundeko lehen zuzendari nagusiarekin. Poveda 36an hil zuten, uztailaren 28an. Etxera joan zitzaizkion bila, eta hilik agertu zen Almudenako hilerriko hormetan.

Segovia andereñoa Salamancara zihoan larre bat oparitu zietelako. Etxea zuten lurrak ziren, eta bertan idazten zituen bere memoriak, instrukzio eta balorazioko dokumentuak eta enpresaren sistema exekutibo eta aktiboarenak. Ikastetxe Nagusian hartzen zuen ostatu. Han jarduerak trukatzeko protokoloak genituen, lore-jokoak eta baita garrantzi handiko ekitaldiak ere, pertsonaia akademikoekin eta gizarteko pertsonaia garrantzitsuenekin, Ikastetxearen eta unibertsitatearen artean. Eta horregatik, han oso prestakuntza aberatsa izan nuen, eta gero, gauez, afalostean, egongelan, iluntzeko tertulia bat egiten genuen, eguneko gorabeherak kontatzen genituen, unibertsitate osotik zetozen eta inguruan zebiltzan “ligetxo” edo ligoiei buruzkoak. Pertsonaia horien artean Cordón familia zegoen, Salamancako abiatze ekonomikoaren motorra izan zena, kapital handia zutelako eta Salamancako sinbologia bultzatu zutenak zirelako, botoi txarroa esaterako, halako gauzak. Eta familia hau gu geunden bloke berean bizi zen, hau da, inguruan genuen dena.

Nik Josefa Segovia andereñoarekin pasatutako gau zoragarri haiek bizi izanaren zoriona izan nuen, eta ziur nago, gaur egun, diskrezio osoz esan dezakedala nire aldetik, inolako protagonismorik gabe, baina agian gaur ez dela hasierako garai haietako Teresiar bakar bat ere egongo esperientzia horiek bizi izan dituenik. Pasadizo batzuk kontatuko dira, baina bizi, ziur nago ezetz. Ez, seguru ezetz. Zorte hori izan nuelako. Jakina, ordu haiek guztiak, gauero. Gauero, bai, beno, eta, gainera, egiten genituen komentarioak, etortzen ziren “ligetxo” eta ligoien inguruan, mutilak etortzen ziren Valentziatik, beste probintzia batzuetatik, Salamancara…

Kimika bukatu eta lanean hasi zinen…

Ez, ez. Bai zera, bai zera. Nik argi neukan familia zaintzen aritu nahi nuela. Hala ere, Teresiarrekin egin genuen batxilergo hartan, haiek, oso trebeak izanik, “zilarrezko paperean bilduta”, irakasle titulu bat sartu ziguten. Garai hartan, ezkongabeok Gizarte Zerbitzua egin behar izaten genuen, “emakumeentzako soldadutza” bat bezalakoa, hiru urtean zehar, udan, etxetik urrun; eta titulu horrekin, zerbitzu horretatik libratzea lortu nuen.

Orduan zure familia zaintzeari ekin zenion.

Bai, bi mutil eta bost neska izan nituen, horietako bat adoptatua. Beste mutil bat ere izan nuen, bost urterekin hil zena leuzemia baten ondorioz. Mutil aparta. Esaten zidan: “Aizu, ama! Eta nik zergatik daukat hau? Zergatik tokatzen zait hau niri?”

Zazpi iloba ditut — bi mutil eta bost neska ere bai — eta birbiloba bat: Izaro.

Aitaren parteko aitona-amonekin hazi nintzen. Aita 28 urterekin alargundu zen. Eta “bi mukizu”, “bi mukizu” bere ardurapean. Nire amak oso pertsona aparta izan behar zuen, jende guztiak leku guztietan harrera ona egiten zigulako. Nire barruan, “Espainiako umezurtzaren” konplexu hori daukat; gainera, ahizpa ere galdu nuen, 14 edo 15 hilabete zituela. Auto batek harrapatu zuen Asturiasen, XIX. mendearen amaieratik ezagutzen genuen lagun batengana joan ginenean.

Eta 90eko hamarkadaren hasieran Deustura ikastera etortzea erabaki zenuen.

Ez, ez nintzen ni etorri. Errebotean izan zen. Leongoa zen neska bat etorri zitzaidan, nik ezagutu ere egiten ez nuena, eta jakin nahia zeukana. Oso azkarra zen. Eta errebindikazioa egin beharra zuen. Eta hori argitu beharra dago, berak ezin izan zuelako ikasi. Orduan, laguntzeko asmoz, bera bakarrik unibertsitatera joaten ausartzen ez zelako, ez kezkatzeko esan nion eta biok matrikulatu ginen eta Kultura eta Elkartasuneko graduatua elkarrekin amaitu genuen. Berarengandik ikasi nuen lezioa, “errebindikazio” hori , nik ez nuen ezagutzen eta. Niri egokitu zitzaidana esker onez bizi izan nuen, erabateko poztasunez, baina berak aktiboki aldarrikatu zuen, berak gabezia hori zuen: ikasi nahi zuen. Niretzat poz handia izan zen hari gutxiagotasun kutsu hori, erresumin hori, kentzen laguntzea.

Eta, harrezkero, ikasturtez ikasturte matrikulatzen jarraitu duzu, oraingoz 2025era arte.

Bai. Graduatua hasi zen eta programek urtez urte jarraitu dute. Aisiako ikasketak ez ziren ezagunak Espainian. Bai, ordea, Erresuma Batuan eta Europako beste herrialde batzuetan. Baina hemen ez. Gogoan dut Cuenca irakaslea, Aisiako Ikaskuntzen Institutuko zuzendaria, 2000. urteko Aisiako Ikaskuntzen Mundu Biltzarra, mundu osoko jendearekin eta estatuko eta nazioarteko agintari eta akademikoekin… Mundu mailako biltzar bat izan genuen, mundu mailakoa! Unibertsitateetan kultur aisia sartzen hasia zen garai hartan. Orduan horrek eremu zabala ireki zuen.

Txikitatik oso ondo moldatzen nintzen zenbakiekin, eta batxilergoan filosofiari, didaktikari eta beste ikasgai batzuei buruzko zerbait ikusi bagenuen ere, dena azal-azaletik, bete nahi nituen gabeziak nituen. Asko gustatzen zait hezkuntzaren eta kulturaren ikuspegi hori herritarren aisialdiaren zerbitzura egotea.

Pasadizo bat kontatuko dizut. Lehenengo ikasturtea amaitu zenean, afari bat antolatu genuen. Eskolako lagunak elkartzen ginenean bezala, amaitzean nik beti egiten nuen txantxazko komentarioren bat. Eta irakasleei, txantxetan, akatsak ateratzen genizkien. Orduan, lehen afari horretan, nik horrelako txantxa bat egin nuen, eskolan egiten genuen bezala, eta errektorearekin, Cava ahizpekin, honekin eta bestearekin sartu ginen eta, amaitzeko, aleluia bat ere kantatu genuen, gutxi gorabeherako tonuan. Eta hura amaitu zenean, Maria Jesus Cavak deitu eta errierta egin zidan. Handik aurrera, kontu handiagoa izan nuen…

Erretratuak: Itziar Zubieta
Taldeko argazkia: Winema Cao