… Deustuko Unibertsitateak prestakuntza akademiko sendoa emateaz gain, pertsona eta profesional moduan hazten ere lagundu zidan. Oso oroitzapen positiboak ditut etapa horretaz, etengabeko ikaskuntzak, adiskidetasunak eta garatzeko aukera ugariek markatuta.”
Psikologiako Practicumeko Aitortza sari bat lortu zenuen graduko ikasketen azken urtean. Zeri buruzkoak izan ziren zure praktikak? Zer ikasi zenuen?
Graduko ikasketen azken urtean, Deustuko Unibertsitateko neuropsikologiako ikertalde batean praktikak egiteko aukera izan nuen, “Nahasmendu mediko larrien neuropsikologia” izenekoan. Esperientzia oso aberasgarria eta prestakuntza handikoa izan zen. Nire praktiketan garunaren eta giza portaeraren arteko harremanean zentratutako ikerketa proiektuetan aktiboki parte hartu nuen, zehazki zenbait lesio edo disfuntzio zerebralek kognizioan eta portaeran nola eragin dezaketen aztertzen.
Lantaldearen barruan, nire arduren artean sartzen ziren proba neuropsikologikoak pasatzea eta puntuatzea, datuak biltzea eta aztertzea, eta gure ikerketen aurrerapenak eta aurretiazko emaitzak eztabaidatzen genituen talde bileretan parte hartzea. Gainera, mintegietara joateko aukera izan nuen eta horrek neuropsikologiaren arloan azken aurrerapenetan eguneratuta egoteko aukera eman zidan.
Egin nituen ikaskuntzak asko eta askotarikoak izan ziren. Lehenik eta behin, neuropsikologiako ikerketako metodologiak sakon ulertzea lortu nuen, diseinu esperimentaletik datuen analisiraino. Proba neuropsikologikoak pasatzeko trebetasun praktikoak ere garatu nituen, eta horrek hainbat arazo neuropsikologiko nola ebaluatu eta diagnostikatu hobeto ulertzen lagundu zidan. Gainera, ikerketa ingurune batean elkarlanean lan egiten ikasi nuen, eta horrek nire komunikazioko trebetasunak eta taldeko lana hobetzea ekarri zidan.
Laburbilduz, praktikek, ezagutza tekniko eta teorikoak emateaz gain, psikologo karreran funtsezkoak izango diren trebetasun praktiko eta profesionalak garatzeko aukera ere eman zidaten. Esperientzia eta ikaskuntza multzo horrek egin ninduen Psikologiako Practicumeko Aitortza Sariaren irabazle.
Osasun Psikologia Orokorreko Masterraren ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterra egin zenuen, Hezkuntza Orientazioko Espezialitatea. Zer duzu gogokoen? Psikologian aritzea ala irakaskuntza?
Hezkuntza orientazioan espezializatutako irakaskuntzak psikologia eta irakaskuntza lantzeko dudan bokazio sakona islatzen dute. Egia esan, ez dut uste bi arlo horiek elkar baztertzen dutenik, elkarren osagarriak eta aberasgarriak dira.
Psikologian aritzea zoragarria iruditzen zait, pertsonei beren garapen emozional eta kognitiboa ulertzen laguntzen diedalako. Neuropsikologiako ikertalde batean egin nituen praktiketan, ebidentzian oinarritutako esku-hartze psikologikoaren garrantzia baloratzen ikasi nuen, eta funtsezko trebetasun klinikoak garatu nituen hainbat gaixotasun diagnostikatzeko eta tratatzeko. Lanbide honen sari handienetako bat gizabanakoekin zuzenean lan egiteko aukera izatea da, haien bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko.
Bestalde, irakaskuntzak eta hezkuntza orientazioak ere erakartzen naute, ikasleen garapen akademikoan eta pertsonalean eragin positiboa izateko aukera ematen didatelako. Hezkuntza orientazioaren bidez, nire ezagutza psikologikoak aplika ditzaket ikasleei ikaskuntza prozesuan laguntzeko, zailtasunak gainditzen eta haien ahalmenak garatzen laguntzeko. Irakaskuntzak aukera ematen dit belaunaldi berriekin nire ezagutza eta psikologiarekiko pasioa partekatzeko, hezkuntza ingurune inklusiboa eta motibatzailea sustatzeko.
Laburbilduz, psikologia eta irakaskuntza biak ditut biziki atsegin, eta nire helburua biak bateratzea da, ikasleen ongizate psikologikoa eta garapen integrala sustatuko dituen kalitatezko hezkuntza orientazioa eskaintzeko.
2020-2021 ikasturtean bekadun izan zinen “Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologia” ikertaldean. Ikerketaren munduak erakartzen zaitu?
Bai, ikerketaren mundua oso interesgarria eta aberasgarria gertatu zitzaidan, eta 2020-2021 ikasturtean “Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologia” ikertaldean bekadun gisa izan nuen esperientzia prestakuntza sendokoa izan zen.
Lan hartaz benetan gozatu nuen arren, eta ikerketa metodologiei eta nahasmendu neuropsikologikoei buruz asko ikasi nuen arren, konturatu nintzen ez dudala neure burua ikerketan soilik karrera bat egiten ikusten. Benetan gogoko dudana orientazio psikologikoa eta praktika klinikoa da. Praktiketan eta ikasketetan zehar, pazienteekin egindako zuzeneko lanean poztasun handia sentitu nuen, erronka emozionalak eta kognitiboak gainditzen lagundu nien, eta psikologiak haien bizitzan izan dezakeen eragin positiboa bertatik bertara ikusi nuen.
Pertsonekiko zuzeneko harremana, tratamendu pertsonalizatuko planak garatzea eta errekuperazio prozesuan etengabe hobetzen laguntzea motibagarri ditut. Ikerketa funtsezkoa eta baliotsua da, bai; baina nire benetako bokazioa arlo klinikoan eta orientazio psikologikoan dago: nire ezagutzak modu praktikoan horrexetan aplika ditzaket eta laguntza zuzena eta begien bistakoa eman diezaieket behar dutenei.
2023tik psikologo gisa lan egiten duzu Bizgarrin, Arreta Espezializatuko Familia Elkargunean. Pentsatzen dut familia egoera oso gogorrak ikusiko dituzula. Zer nabarmenduko zenuke egiten duzun lanetik? Zer da atsegingarriena? Eta zailena?
2023tik, psikologo gisa aritu naiz lanean Bizgarri enpresan, zehazki Arreta Espezializatuko Familia Elkargunean. Ingurune horretan, familia egoera oso konplexu eta delikatuei egiten diet aurre, askotan gatazka larriak eta familia dinamika disfuntzionalei egin behar izaten diegu aurre.
Egiten dudan lanean azpimarratuko nuke gune seguru eta neutral bat eskaintzeko aukera dugula, familiak harremanetan egon ahal izan daitezen eta gatazkak konpontzen lan egin dezaten. Nire rolaren barruan, senideen eta seme-alaben arteko bisitak gainbegiratzeaz gain, laguntza emozionala eta familiako komunikazioa eta harremanak hobetzeko estrategiak eskaintzen ditut. Ingurune horri esker, haurrek lotura mantentzen dute familiakoekin egoera zailetan, eta hori funtsezkoa da haien garapen emozionalerako eta ongizaterako.
Nire laneko gauzarik pozgarriena familiaren barruko harremanen aurrerapena eta hobekuntzak ikustea da. Oso pozgarria da ikustea familiek, laguntza egokiarekin, elkarrekin lan egin dezaketela, adingabeentzako ingurune positiboagoa eta osasungarriagoa sortzeko. Senideak eta seme-alabak berriro konektatzen eta harremana hobetzen ikustea da nire lanaren sari handienetako bat.
Zailena, ostera, da egoera horiek dakarten intentsitate emozionalari eta zamari aurre egitea. Gatazkak haurrengan duen eragina ikustea eta parte hartzen duten alde guztien emozio indartsuak maneiatzea erronka handia izan daiteke. Beharrezkoa da oreka emozionala eta profesionala mantentzea, ahalik eta babesik onena emateko, egoera zailek nire ongizate pertsonalari eragin gabe.
Bukatzeko, zenbaki honetan parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, azken galdera bat egin nahi dizugu. Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako urteez?
Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizuet zenbaki honetan parte hartzera gonbidatzeagatik. Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan izan nituen oroitzapenak ugariak eta oso esanguratsuak dira.
Hasteko, programen kalitate akademikoa eta zorroztasuna nabarmendu nahi ditut. Irakasleak ez dira adituak bakarrik, ikasleei laguntza pertsonalizatua emateko ere prest daude. Eskolak pizgarriak ziren, eta beti bultzatzen gintuzten kritikoki pentsatzera eta ezagutza teorikoak testuinguru praktikoetan aplikatzera.
Gainera, sakonki baloratzen dut nire kideekin bizi izan nuen lankidetza eta adiskidetasun giroa. Elkarri laguntzen zion talde sendoa osatu genuen eta, horren ondorioz, ikaskuntzako esperientzia partekatua eta aberasgarria izan zen. Harreman horien ondorioz, unibertsitateko urteak atseginagoak izateaz gain, denboran iraun ere egin dute eta niretzat oraindik garrantzitsua den sare profesional eta pertsonala sortu ahal izan dut.
Curriculumetik kanpoko aukerak ere aipagarriak izan ziren. Tailerretan eta ikerketa proiektuetan parte hartzeak aukera eman zidan nire ikuspegia zabaltzeko eta ikasitakoa egoera errealetan aplikatzeko. Bereziki esanguratsua izan zen neuropsikologiako ikertaldean egin nuen lana: esperientzia praktiko baliotsua eman zidan eta nire interes profesionalak definitzen lagundu zidan.
Laburbilduz, Deustuko Unibertsitateak prestakuntza akademiko sendoa emateaz gain, pertsona eta profesional moduan hazten ere lagundu zidan. Oso oroitzapen positiboak ditut etapa horretaz, etengabeko ikaskuntzak, adiskidetasunak eta garatzeko aukera ugariek markatuta