Zorionak, zuk diozun bezala, zuk nahi duzun Bilbo eraikitzen laguntzeko lan egin ahal izango duzulako, pertsona eta eragile guztiek ahotsa izan dezaten eta, aurreiritziak alde batera utzita, elkarrekin lan egin dezaten hiri atsegin, seguru, integratzaile eta aukeraz betea eraikitzeko! Gaur, orri hauetan, hurbilagotik ezagutu nahi zaitugu.
MILA ESKER! Plazer handia da nire ibilibide laburtxoa partekatzea.
Zure ibilbide akademiko eta profesionalari erreparatuta, badirudi ildo nagusi bat ikusten dela: Zuzenbide Ekonomikoa, Giza Eskubideak eta Demokratizazioa, Garapenerako Lankidetza, Garapen jasangarria, kultura eta gizarte jardueren antolaketa, boluntario lana, bai tokiko esparruan, bai nazioartekoan… Esango zeniguke noiz eta nola antzeman zenuen zerbitzatu nahi hori eta zergatik arlo horietan?
Txikitatik mugitu izan nau gizarte esparruak, pertsonek. Ez nintzen gauza beste alde batera begiratzeko, bidegabekeriaren bat gertatzen bazen: eskolan, kalean amaren eskutik joaten nintzenean, eta etxean, beti izaten nintzen sendoena, mundu hobearen defentsan. Oso argi daukat nire azaleko poroetatik ateratzen zen hori nire inguruan ikusi eta bizi nuenaren emaitza zela: ama, aita eta nire bizitzan erreferente izan diren beste pertsona batzuk balio batzuk irakasten ari zitzaizkidan, eta balio horiek barruraino sartzen zizkidaten. Gogoan dut izeba zahar batek, txiki-txikitatik, bidezko merkataritzako dendetara eramaten ninduela, guretzat egun berezi gisa. Gero, eskolan, gizarte laneko jardueretan murgildu nintzen eta, karreran, argi ikusi nuen gehien gustatzen zitzaizkidan irakasgaiak emakumearen defentsarekin lotuta zeudela, zaurgarritasun-arriskuan zeuden pertsonen defentsarekin, etab. Amsterdameko Vrije Universiteit-en Erasmusean eman nuen urtean argi eta garbi ikusi nuen: giza eskubideen mundura asko hurbildu nintzen eta ezin garbiago ikusi nuen arlo horretan espezializatu nahi nuela.
16 urtez Mexikon, Erresuma Batuan, Thailandian eta Bilbon lan egin ondoren, politikara jauzi egin duzu. Zerk animatu zaitu salto hori ematera?
Topikoa badirudi ere, beti mugitu izan nau pertsonen bizitza hobetzeko lan egiteak. Zorionez, munduko hainbat lekutan lan egin ahal izan dut erakundeentzat, zuk aipatzen duzun bezala. Azken helburua horixe zuten erakundeek. Eta kasu honetan politikan hasteko arrazoia Bilboko eta Euskadiko pertsonen zerbitzura lan egitea izan da. Egia da urte asko eman nituela atzerrian bizitzen eta lanean, baina 23 urte daramatzat nire alderdiko (EAJ-PNV) beste arlo batzuetatik Euskadi hobearen alde lanean. Ez dira hain agerikoak, baina beti nire aletxoa ekarri nahian ibili naiz. Gizarte bidezkoagoa eta berdinagoa, inklusiboagoa eta pertsona guztiak barruan hartuko dituena lortu nahi dugu, ekonomikoki haziko den gizartea, baina gizarte eta ingurumen mailako jasangarritasuneko irizpideak gogoan harturik, eta betiere gure nortasunari eta hizkuntzari lotuta: horrek guztiak mugiarazten nau. Bilbo hiri hobea izatea lortzeak mugiarazten nau. Pertsonen beharrak entzuteak eta konponbideak garatu ahal izateak mugiarazten nau. Eta desberdinekin lankidetzan aritzeak, elkarlanerako irtenbideak bilatzeko. Hori ere naizenaren zati bat da. Horregatik guztiagatik animatu nintzen jauzi egitera. Erabakia ez zen erraza izan, asko hausnartu nuen nire bizitzan eta familiaren bizitzan izango zuen eraginagatik, baina asko animatu ninduten, alde batetik, EAJ-PNVtik horretarako prest ikusten nindutela ikusteak eta, nola ez, nire familiak eta lagunek nigan jartzen duten konfiantzak.
Joan den irailaren 18an eta 19an, Euskal Ordezkaritzako kide gisa, New Yorken parte hartu zenuen, NBEren egoitzan, GJHen goi-bileran, Batzar Nagusiaren 2023ko Goi Mailako Astearen barruan. Arlo pertsonalean, nolakoa izan da lanean urteak daramatzazun arloko mailarik goreneko murgiltze esperientzia hori?
Zer esango dizut, ba! Niretzat, Nazio Batuen Batzar Nagusia egiten den aretora sartze hutsa hunkigarria izan zen. Gainera, gure alkateak horrelako espazio batean izandako parte hartzearen lekuko izatea pribilegioa izan zen, bizitzan behin bakarrik gertatzen dena. Bilbo nazioartean indarra hartzen ari den hiria da, ez bakarrik turismoaren eta gastronomiaren ikuspegitik edo hiri mailako eraldaketaren adibide izateagatik, baizik eta bere erakunde eta programen kalitate eta sendotasunagatik. Hainbat hamarkadatan erakunde publiko eta pribatuek egindako lanaren eta bi eremuen arteko lankidetzaren ondorioz, Tokiko Koalizioa 2030en Idazkaritza hartzeko hautagaitzaren kasuan esaterako, bi eremuen arteko lankidetzari esker, Bilbo eta Euskadi gehiago kontuan hartzen gaituzte maila globalean garrantzitsuak diren gaiak lantzen diren guneetan. Erronka globalak ditugu, eta herrialde, lurralde, hiri eta pertsona bakoitzak erantzun egin behar die, eta konponbiderako tresnak eta proposamenak partekatzeko mahaietan parte hartu ahal izatea, energia eta motibaziorako bultzada bat da.
Arlo profesionalean, zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasleei 2030 Agenda garatzen eta ezartzen parte har dezaten?
Lehenik eta behin, nahi nuke jendeak ulertzea 2030 Agenda eta haren helburuak (edo ondoren etorriko diren agendak) guztioi eragiten digutela, eta horiek gure errealitatearen parte direla. Agenda honek denoi berdin eragiten diguten arazoei erantzun nahi die. Horietako batzuetan kontzienteagoak gara, klima-aldaketarekin gertatzen ari den bezala, baina beste kasu batzuetan oraindik ez gara konturatzen eragiten diguten edo eragingo diguten kontuak direla. Eta migrazio-krisiez edo osasun-arazo globalez ari naiz, COVID19aren pandemiak agerian utzi duen bezala. Horrek guztiak gure egunerokoan eragiten digu, eta, beraz, lehenik eta behin jarrera jasangarriak txertatu behar ditugu gure “nitasunean”: nola kontsumitzen dugun, nola mugitzen garen eta abar jakinda eta jabetuta; baina, gero, gure “ni” profesionaletik asko dago egiteko. Ziur nago Deustuko Unibertsitatetik igarotzen diren ikasleen zati handi batek lanpostuak dituela edo izango dituela, lan-merkatuetan, ekonomian, erosketa-prozesuetan, lege-aldaketetan eta abarretan eragina izan dezaketenak. Eta beste askok eta askok lanpostu exekutiboagoetan lan egingo dute, eta pertsonen eta ekosistema naturalen bizitzan eragin positiboa sortzeko ekintzak ere sar daitezke lanpostu horien bidez. Gainera, unibertsitatetik ateratzen diren eta zuzenean pertsonekin (irakasleak, osasun-profesionalak, etab.) lan egiten duten profil profesional guztiek beren esku izango dute jokabide errespetuzkoagoak eta bidezkoagoak izatea. Kokapen-prozesu horietan pentsatzea eskatuko nieke, eta horri buruz hausnartzeko: zer egin dezaket nik, zer dago nire esku, egiten dudanaren bidez eragin positiboa lortzeko?
Bizitzako fase berri honetarako onena desio dizugu eta eskerrak ematen dizkizugu zure denboragatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitatean ikasle izan zinen garaitik?
Asko eta era askotakoak! Irakasle asko ditut gogoan, eta bihotzez estimatzen ditut. Haiekin lan egiteko zortea izan dut eta bidean topo egitekoa. Gogoan dut notak agertzen ziren korridorean sartzen gineneko urduritasun sentsazioa. Ikasturtean aurrera egin ahala, sentsazioa handiagoa zen, kortxoa urrunago zegoelako, kar-kar. Gogoan dut karrerako 1. mailan Zuzenbide Konstituzionaleko Beobide irakasleak arbelera atera ninduela Platonen haitzuloa marraztera edo Erasmusean eskatutako lekura joateko plaza noiz eman zidaten. Baina, gainera, Gaurgiron, garai hartan gizarte eta kultur jarduerak antolatzen ziren gunean, lankidetzako bekaduna izan nintzen. Sekulako esperientzia izan zen, eta asko ikasi nuen pertsona bikainen ondoan. Gogoan dut nola betetzen genituen klaustroetako kortxoak antolatzen genituen jardueren kartelekin eta nola sufritzen zuten bedelek horiek kentzeko, elkarteen lokaletan egiten genituen bilerak eta zenbat barre egiten genuen ikasleei informazioa emateko mahaiak muntatzeko orduan. Deustuko Unibertsitatea niretzat etxea izan zen karrerako urteetan, berriro izan zen Nazioarteko Harremanetako taldeko kide gisa eman nituen urteetan eta beti izango da. Gaur egun ere, hainbat arrazoirengatik bileretara sartzen naizenean, etxean sentitzen naiz, eta azalean grabatutako oroitzapen hori izan daitekeen onena da.