Deustuko Unibertsitateak Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren hemezortzigarren edizioa egin zuen otsailaren 22an eta 23an, aurrez aurreko formatuan eta formatu birtualean. Foroaren helburua da Deustuko ikasleen eta gradudun berrien lan aukerak ugaritzea eta enpresen kontratazio beharrei erantzutea.
Hainbat sektoretako 103 enpresa, erakunde, elkarte eta Gobernuz Kanpoko Erakundek egin zuten talentua Deustuko Unibertsitatean bilatzearen aldeko apustua, besteak beste, gure babesleek: Lanbide, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, BBK eta Cadena Ser.
Aurten, lehen aldiz, formatu mistoan antolatu zen Foroa. Horrela, 50 enpresa izan ziren unibertsitateko klaustroetan eta beste 53 enpresa, formatu birtualean.
Aurrez aurreko formatuan, 50 enpresa izan ziren, 41 hitzaldi eta ehunka ikasle eta tituludun, enpresek eskaintzen zizkieten aukera guztiak ezagutu nahian, lan ibilbidea lehenbailehen hasteko.
Formatu birtualean, hamar mila bisita baino gehiago izan ziren. Guztira 103 enpresak hartu zuten parte (aurrez aurreko 50 + beste 53) eta beren konpainiei buruzko informazioa jarri zuten interesatuen eskura. Enpresa horiek 243 enplegu eskaintza egin zituzten eta 839 hautagaik azaldu zuten haiekiko interesa. Gainera, 41 jarduera antolatu ziren, online eta aurrez aurreko formatuetan parte hartzeko.
Lehen aipatutako aurrez aurreko jardueren artean, lau azpimarratu nahi ditugu: hasierako ekitaldia; Zuzenbideko bi saio, bata Bilbon eta bestea Donostian; eta Bilbon Europar batasuneko erakundeetan lan egiteari buruzko beste saio bat.
Hasierako gosaria eta mahai ingurua
Hasierako ekitaldian, gosaria eta mahai ingurua izan ziren, “Unibertsitateko gazte enplegurako ikuspegiak Euskadin” gaia aztertzeko. Ehun bat lagunek hartu zuten parte. Jesús Riaño Deusto Alumniko zuzendariak moderatuta, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak; Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak; eta Alfonso Gurpegi, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak hainbat ideia eman zituzten Bilbo, Bizkaia eta Euskadi gazteentzat leku erakargarriak izan daitezen, bertara lanera etorri nahi izateko, itzultzeko –kanpora joan badira lan egitera– edo hemen geratzeko, hala nahi badute.
Mahai inguruari buruzko informazio gehiago.
Jose Maria Guibert SJ errektoreak inaugurazio ofiziala egin ondoren, Bilboko campuseko eraikin nagusiko klaustroetara sartu ahal izan ziren bertaratuak. Bertan, berrogeita bederatzi enpresa, erakunde, elkarte eta GKEk ikasleak eta ikasle ohiak hartu zituzten, standetan.
Zuzenbideari eta Enplegu Publikoari buruzko 2023ko Topaketa azken mailetako ikasleentzat
XVIII. Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren barruan, Zuzenbide Fakultateko Lanbide Orientazioko Zerbitzuak eta Deusto Law Alumnik 2023ko otsailaren 22an Zuzenbidea eta Enplegu Publikoa 2023 saioa antolatu zuten, Zuzenbidearekin lotutako titulazioetako azken bi mailetako ikasleentzat. Ekitaldian 300 pertsona baino gehiago bildu ziren. Oposizioak prestatzeko une ezin hobea da orain, Gobernuak 2023rako enplegu publikoko eskaintzarik handienetako bat iragarri eta administrazio publikoetako langileen artean erretiroa hartuko dutenen kopurua nabarmen igo ondoren.
Zuzenbidea eta Enplegu Publikoa Topaketari buruzko informazio gehiago.
Karrera Judizialari buruzko Lan Irteeren II. Topaketa
2023ko otsailaren 23an egin zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Gradu Aretoan, Karrera Judizialari buruzko Lan Irteeren II. Topaketa, Deusto Alumnik eta Zuzenbide Fakultateak antolatuta, APM, Magistraturako Elkarte Profesionalarekin batera.
Karrera Judizialari buruzko Lan Irteeren II. Topaketari buruzko informazio gehiago.
Europar Batasuneko erakundeetan lan egitea: enplegu eta praktika aukerak, EPSO hautaketa prozesuak
Egun berean, baina Bilboko campusean, Arantzazu Golderos abokatuak eta Europako Batzordeko komunikazio elektronikoen politiken arduradunak, Komunikazio Sareen, Edukien eta Teknologien Zuzendaritza Nagusian (CNECT), Europar Batasunean lan ibilbidea garatzeko aukerez hitz egin zigun.