Skip to main content

Arantza Echaniz

By 23 ekaina, 20225 uztaila, 2022Elkarrizketak

…lau aldagaik bat egiten duten puntu hori: zer gustatzen zaidan, zer behar duen munduak, zertan naizen ona eta zergatik ordaindu diezadaketen eta zertatik atera dezakedan bizimodua. Denei beren Ikigai-a aurkitzeko gonbita egingo nieke, hau da, nahitaez geure buruari buruz pentsatzea, orain eta hemen sentitzea eta gure bertsiorik onenean amets egitea esan nahi duen prozesua.

Brújula para una buena vida liburua argitaratu berri duzu. Zure hitzetan, ia 24 urte eman dituzu lana planifikatzen. Lehenik eta behin, zorionak bihotz-bihotzez! Zer esan nahi du zuretzat amets hau gauzatzeak?

Zalantzarik gabe, liburu hau aspaldiko proiektua da, buruan luzaroan erabili dudana; amets bat gauzatzea da. Gogoan dut nire lehenengo umea jaio eta ospitalean nengoela begiratu egiten nion eta galdera bat zetorkidan burura behin eta berriz: non dago instrukzio liburua? Maitasuna eta samurtasuna gainezka izateaz batera, beste emozio batzuk ere bueltaka zebilzkidan: zorabioa, beldurra, artegatasuna, nahasmena, egonezina… Ez nintzen amarekin eta beste pertsona heldu batzuekin argi eta garbi hitz egitera ausartzen; gainera, etengabe esaten zidaten zer egin behar nuen edo ez nuen egin behar. Bazirudien nire inguruko guztiek bazekitela zer egin; ni, bitartean, gogortuta nengoen, zirkinik ere egin ezinik.

Liburu hau Xabier (ia 24 urte) eta Ander (22) semeentzat eta haiengatik idatzi dut. Espero dut egunen batean irakurriko dutela. Haiek jaio baino lehen idaztea gustatuko zitzaidakeen, baina uste dut orain askoz aberatsagoa dela, haiek hezten bide luzea egin eta harri askotan estropezu egin ondoren. Jaio ziren egunetik izan dut kezka handi bat: pertsona onak izatea. Norbaitek galdetzen badit zer nahi dudan semeentzat, horixe da erantzuna.

Lana hiru zatitan dago banatuta: zergatik, zer eta nola. Aurreratu zenezake pixka bat zer aurkitu dezakegun horietako bakoitzean?

Hamar urte baino gehiagotan hainbat blogetan argitaratu ditudan 55 idazlanen aukeraketa batetik eraiki dut liburua. Sarrera bakoitza banaka irakur daiteke eta bere kabuz zentzu osoa du. Ulertu daitezke “pilula” gisara, irakurketa laburrak baitira, denbora askorik ez dugun garai baterako. Helburua hau da: hausnarketarako balio izatea. Nire irakurketa, ikasketa eta bizipenetatik abiatzen dira. Sarreren hautaketa egitean, hiru zatitan banatu ditut: 1) Zertarako: bizitza ona izateko. Lehenengo bloke honek bizimodu ona, zoriontasuna, harremanak, lanbidea eta seme-alabei buruzko oinarrizko alderdiak nola ulertzen ditudan jorratzen du. 2) Zer: hezkuntza, etika eta balioak. Nik ulertzen dudan bezala, bizitza ona izatea lortzea oso lotuta dago hezkuntzarekin, etikarekin eta balioekin. Bloke honetan gai hauei buruzko oinarrizko alderdi batzuk garatzen ditut. 3) Nola: bidegurutzeak. Azken zatian, aurretik ikusitakoa eta bereziki kezkatzen nauten arlo zehatz batzuk aurkezten ditut, hala nola, berdintasuna, genero indarkeria, jazarpena, botere gehiegikeria, bizitzaren amaierarekin lotutako gaiak . Ez dago balioak transmititzeko beste modurik praktikan, eguneroko erabakietan, jardunean baino. Hiru sarrera oso pertsonalekin amaitzen dut: bat amarekin lotutakoa eta bi semeekin lotutakoak.

Zure idatzietan agertzen diren hiru eragin aipatzen dituzu: zure amatasuna, zure lanbidea —etika irakaslea— eta zure hezkuntza eta erlijio sinesteak. Gainera, bizitzaz maiteminduta zaudela diozu, zure lagunen laguna zarela eta mundua leku hobea izateko konpromisoa hartua duzula. Gertatzen ari dena ikusirik, merezi du ahalegina egitea? Uste duzu bizi garen munduak baduela sentiberatasunik planteamendu horiekiko?

Jakina, merezi du ahalegina egitea, bizi garen munduak planteamendu horiekiko sentiberatasunik duen ala ez kontuan hartu gabe. Niri dagokidan zatia zaintzen saiatzen naiz; horregatik, nire blogeko profilean honela aurkezten dut neure burua: Bizitzaz eta lanbideaz maitemindua. Lagunen laguna. Mundua leku hobea izateko konpromisoa hartua duena.

Hiru eragin garbi identifikatzen ditut nire idazkietan: 1) Ama izatea, bokaziozko amatasuna, semeak pertsona onak izateaz arduratua; 2) Nire lanbidea. Irakasle izateko zoriona dut, etikako irakasle izatekoa, eta neure burua hala aurkeztea gustatzen zait; eta 3) Nire hezkuntza eta nire sinesmen erlijiosoak, nire asaben ondare paregabea. Horrez gain, nire lanbideari esker, eta jesuiten unibertsitate batean lan egiteari esker, ignaziotar pedagogian murgiltzeko zortea izan dut, zeinetan uste osoa jarria dudan. Inspirazio iturri askotatik elikatzen naiz, kezkatzen nauten edo deigarri egiten zaizkidan gaiak transmititzeko: hitzaldiak, liburuak, filmak eta serieak, hausnarketak, elkarrizketak, etab.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko alumniei beren iparrorratzak nora bideratu behar dituzten erabakitzeko orduan?

Barrura eta urrunera begiratzeko esango nieke. Man in the mirror abestia parafraseatuz, mundua leku hobea izan dadin nahi baduzu, hasi ispiluko pertsonatik eta egin aldaketa bat. Bada itzulpen zehatzik ez duen japoniar kontzeptu bat: Ikigai, goizero jaikitzeko dudan arrazoiaren antzeko zerbait izango litzatekeena, xedearen zentzua. Lau aldagaik bat egiten duten puntu hori izango litzateke: zer gustatzen zaidan, zer behar duen munduak, zertan naizen ona eta zergatik ordaindu diezadaketen eta zertatik atera dezakedan bizimodua. Denei beren Ikigai-a aurkitzeko gonbita egingo nieke, hau da, nahitaez geure buruari buruz pentsatzeko, orain eta hemen sentitzeko eta gure bertsiorik onenean amets egiteko. Eta, dudarik gabe, oso lagungarria da ondo ezagutzen eta maite gaituzten pertsonen kontrastea izatea.

Eskerrik asko zure denboragatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko ikasgeletan ikasle izandako denboraz?

Orduan ESTE zenean ikasi nuen, gaur egungo DBSren egoitzan, Donostian. Gogoan dut Bilbotik etorrita oso deigarria egin zitzaidala denek euskaraz hitz egitea, nire ikuspuntutik.

Nire klaseetan esan ohi dut bereziki gogoratzen dudala José Manuel Gilekin izandako Psikologiako klase bat. Jolas bat egin genuen, gero erabili dudana, Irabazi ahalik eta gehien. Konfiantza zer den eta nola eraikitzen den ikasi nuen. Haren esaldia grabatuta dut: konfiantza eman egiten da, baina lehenik fidatu beharra duzu. Ikasle gisa emandako denborak nire tutore eta gidari izan ziren bi pertsona bikain ezagutzea ere ekarri zidan: Dionisio Aranzadi eta Miguel Ayerbe.

Eta semeei kontatu ohi diedan pasadizo bat. Karrerako 5. mailan nengoela, bost laguneko talde batek eginkizun bat hartu genuen: Europako Negozio Eskoletako ikasketa planak aztertzea. Garai hartan internetik ez zegoenez, hirurok Bruselara joan ginen fotokopiak egitera, bazegoelako bulego bat Europako unibertsitate guztietako liburuxkak eta ikasketa-planak biltzen zituena. Horrela ezagutu nituen Paris eta Brusela bi egun oso trinkotan.

 

 

Erretratuak: © Andoni Liquete